Nahasteak Banantzeko Metodoak eta Disoluzio Motak
Clasificado en Química
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,97 KB
Disoluzio Motak eta Osagaiak
- Diluituak: Solutu kantitate txikia duten disoluzioei esaten zaie.
- Kontzentratuak: Solutu kantitate handia duten disoluzioei esaten zaie.
- Aseak: Tenperatura zehatz batean solutu gehiago hartu ezin duten disoluzioei esaten zaie.
- Disolbatzailea: Disoluzioetan proportziorik handiena duen osagaia da.
- Solutua: Proportziorik txikiena duen osagaia da. Bat baino gehiago izan daitezke.
Nahasteak Banantzeko Metodoak
Kristalizazioa
Likidoetan disolbatutako solidoak banatzeko erabiltzen da prozedura hau; esaterako, uretan disolbatutako gatz arrunta banatzeko. Horretarako, disoluzio horren ura lurrunduko dugu, eta ontziaren hondoan solutuaren kristalak geratuko dira. Laborategian, kristalizadore bat erabiltzen da prozesu hau egiteko. Kristalizadorea ontzi bat da, eta haren barruan likidoa apurka-apurka lurrundu, solutuak kristalak sor ditzan.
Destilazioa
Destilazioa disoluzio batean nahasitako likidoak banantzeko metodoa da. Osagaien irakite-tenperaturen arteko aldean oinarritzen da. Horretarako, destilagailu izeneko tresna bat erabiltzen da.
Destilagailuaren osagaiak (adibidez)
- Nahastea (banandu beharrekoa)
- Ura ateratzeko bidea
- Hozte-hodia
- Ura sartzeko bidea
- Substantzia purua (lortutakoa)
Baheketa
Prozedura honen bidez, zenbait tamainatako solidoak banan ditzakegu; esate baterako, harea eta irina. Horretarako, bahe bat erabiltzen da. Alerik txikienak bahearen zulotxoetatik igarotzen dira, eta handienak, berriz, bahean geratzen dira.
Iragazketa
Prozedura honen bidez, likido batean nahasturik (baina ez disolbaturik) dagoen solido bat banan dezakegu. Horretarako, iragazki mehe batetik igaroarazi behar dugu nahastea. Solidoa ezin da iragazkian zehar igaro, eta, beraz, iragazkian geratzen da. Likidoa, berriz, beheko ontzira igaroko da iragazkian zehar.
Banaketa Magnetikoa
Nahastearen osagaietako batek propietate magnetikoak dituenean (burdina, nikela, kobaltoa, etab.) erabiltzen da. Horretarako, iman bat erabiltzen da. Adibidez, harea eta burdina-karrakadurez osatutako nahaste batean, iman baten bidez bananduko dugu burdina, haren propietate magnetikoari esker.
Dekantazioa
Dekantazioa oso prozesu egokia da dentsitate desberdineko bi likido nahastezin banantzeko; esaterako, olioa eta ura banatzeko. Horretarako, inbutu berezi bat erabiltzen da: dekantazio-inbutua. Bi likidoak inbutuan sartu behar dira. Nahastea jalkitzen utzi behar dugu, osagaiak argi bananduta egon arte. Inbutu horrek balbula bat du behealdean, eta balbula hori irekitzean, dentsitaterik handiena duen likidoa aterako da; alegia, ura. Ura erortzen amaitzen denean, balbula itxi eta bigarren likidoa beste ontzi batean jasotzen da.