Natura, Kultura, Gogoa, Askatasuna eta Artea: Gogoetak
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,56 KB
Natura eta Kultura
Gizakia animalia berezia da, bai biologikoki, bai sozialki eta kulturalki ere. Jaiotzean ez dugu ezagutzarik, baina gizarteak hizkuntza, ohiturak eta balioak irakasten dizkigu. Munduan kultura desberdin ugari daude, eta globalizazioak harreman horiek inoiz baino gehiago nahasi ditu. Nola eragin behar dugu kultur aniztasunaren aurrean? Batzuentzat, beren kultura nagusitu behar da; beste batzuek, berriz, kultura guztien arteko berdintasuna defendatzen dute. Beraz, kulturarteko harremanek gure gizartearen etorkizunean duten eragina aztertzea funtsezkoa da. Nire ustez, gizakia izaki biologiko eta soziala da, eta gure identitatea eta jokamoldea sozializazioaren eta kulturaren bidez osatzen dira. Jaiotzetik ekartzen ditugun ezaugarriak garrantzitsuak izan arren, taldean bizitzeko beharra eta horrek sortzen duen ikaskuntza prozesua funtsezkoak dira. Kultura aniztasunari dagokionez, interkulturalismoa da egokiena, elkarrekintza eta errespetua sustatzen dituelako, eta elkarbizitza harmoniko bat lortzeko aukera ematen duelako. Horrela, kultur aniztasuna ulertu eta kudeatzeak, tolerantzia eta errespetua oinarri hartuta, elkarbizitza aberasgarria eta justuagoa eraikitzeko bidea irekiko du.
Gogo-Gorputza
Historian zehar, filosofo askok pentsatu dute gorputza eta arima lotuta dauden ala oso kontzeptu ezberdinak diren. Antzinarotik filosofoek gai honi buruz eztabaidatu dute, hala nola, Platon, Demokrito, Mettrie, besteak beste, eta hauek oso posizio ezberdinak izan zituzten horri buruz, batzuek arima bakarrik existitzen zela esanez, beste batzuek gorputza bakarrik existitzen zela esanez eta beste batzuek bi hauek lotuta zeudela eta banaezinak zirela esanez. Nire iritzian, gorputzaren eta arimaren arteko harremanaren ulermenean, emergentismoaren ikuspegia defendatzen dut. Biak elkarrekin entitate oso bat sortzen dute, eta elkarren arteko interakzioan zerbait berri eta osagarria sortzen da—gure izatea. Arima eta gorputza ez dira independenteak, baizik eta elkartzen direnean gure bizitzaren dimentsio guztia osatzen dute. Horregatik, ezin dira banandu edo isolatu, baizik eta elkarrekin ulertu behar dira, elkarrekiko dependentzia hori ulertuz. Gure izatearen sakontasunaren ulermena osatzeko, biak batera aztertu behar dira, eta horrek gure existentzia eta esperientzia ulertzeko modua aberasten du.
Askeak al gara?
Azken finean, askatasuna dugu, baina ez dugu askatasun absoluturik. Zenbait filosofoek determinismoaren ideia defendatzen dute, adieraziz gure ekintza eta erabakiak kausa-efektu kate baten barruan gertatzen direla, eta horrek askatasunaren eta zoriaren kontzeptuak ukatzen ditu. Barneko askatasuna, norberaren aukerak egiteko eskubidea, nahimenaren askatasunarekin erlazionatuta dago, baina, nire ustez, ez da hain erraza. Benetan aske al gara aukerak egiten ditugunean, edo baldintza ez ohartuak eragiten gaituzte? Askatasun absolutua ez da existitzen, legeen eta arauen menpe beti egongo baikara, baina gure irudimenean askeak izan gaitezke.
Artea
Gizakiaren dimentsio estetikoa eta artea gure bizitzan funtsezko rol bat betetzen dute, emozioak eta adierazpenak komunikatzeko moduak eskainiz. Artea eta edertasuna ez dira soilik sormenaren arloak, baizik eta gure jarrera, hautuak eta kultura ulertzeko modua eragiten duten fenomeno unibertsalak. Hori dela eta, arteak eta estetika gure nortasuna eta elkarbizitza formatzeko garrantzi handia dute. Nire ustez, artea eta edertasuna gure bizitzan ezinbestekoak dira, eta garrantzi handia dute gure sentimenduak eta pentsamenduak adierazteko. Artea, izatez, ez da bakarrik teknika edo forma bat, baizik eta emozioak eta errealitatea nola interpretatzen dugun erakusten duen tresna. Edertasuna ere subjektiboa da nire ustez; objektu baten edertasuna gure barruan sortzen den emozioaren arabera ulertzen da, eta hori pertsona bakoitzaren esperientzia eta ikuspegiaren arabera aldatzen da. Horregatik, ados nago jarrera subjektibistarekin, edertasuna objektuaren ezaugarrietan baino, gure sentsazioetan eta emozioetan dagoelako. Artea ere adierazpen moduan ikusten dut, sentimenduak eta ideiak transmititzeko modu gisa, eta horrekin bat egiten dut. Hala ere, artea imitazio gisa ulertzen duten ikuspegiari ez diot hainbeste garrantzi ematen, arteak ez baitu beti errealitatea kopiatzen, baizik eta gure ikuspegia eta interpretazioa zabaltzen.