Nazioarteko Harremanen Teoriak eta Aktore Nagusiak

Clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 11,74 KB

Errealismoa

Errealismoa korronterik zaharrena eta indartsuena da. Nazioarteko harremanak estatuen arteko harremanak bezala kontsideratzen dira. Estatua da ikergaia, eta diplomazia, harreman militarrak, estatuaren segurtasuna eta antzeko gaiak jorratzen ditu. Errenazimenduan sortu zen (XV. eta XVI. mendeetan). Testuinguru historikoa estatu moderno eta subiranoarena da. Garai hartan sortu zen estatu modernoa, eta XVII. mendean sortu zen subiranotasunaren kontzeptua, estatuak aginte gorena direlarik. Sistema honek Lehen Mundu Gerrara arte balio izan zuen.

Oinarria

Tradizio intelektual garrantzitsuena korronte honen barruan estatua aktore bakarra dela da, edo hala kontsideratzen dela. Horrela, dena estatu horren interesen arabera arautzen da.

Mundu-ikuskera

Abiapuntua "ezkortasun antropologikoa" delakoa da. Gizakia berez berekoia, gaiztoa, oldarkorra da. Hura da egoera naturala.

Barne Gizartean

Gizakia kontrolatzeko Estatua sortzen da, euren arteko "Gizarte Hitzarmena"-ren bidez. Anarkia den egoera naturala kontrola daiteke haren bitartez, Estatuak boterea, legea eta segurtasuna ezartzen dituelarik.

Kanpo Gizartean

Nazioarteko esparruan ez dago botere zentralizaturik. Ez dago gobernu mundialik, ezta arau mundialik ere. Anarkiak, indarkeriak... jarraitzen dute. Nazioartean, beraz, sistema gatazkatsua dago. Estatuek euren kabuz bilatu behar dute segurtasuna, eta beti dago gerra arriskua. Horrela, segurtasuna lortzeko botere politiko eta militarra metatu behar da, beste etsai guztiak garaitu ahal izateko. Nazioarteko harremanak boterea helburu duten harreman gatazkatsuak dira, borrokan oinarritzen direnak.

Lehentasunak

Interes nazionalak eta segurtasuna dira ikuspegi honen lehentasunak. Interes horiek estatu bakoitza gobernatzen duten eliteek ezartzen dituzte. Estatuek bide militarrez defendatzen dituzte interes horiek.

Liberalismoa

Ikuspegi unibertsal hori Frantziako Iraultzan eta, oro har, Ilustrazioan (XVIII. mendean) ere hartzen zen kontuan. Eskubide zibil eta politikoak babestu egin behar ziren ilustratuen arabera. Horrela, Erdi Aroko iluntasun eta sinesmen erlijioso guztiak baztertu egin ziren, eta arrazoia gailendu zen euren gainetik, garapenerako giltza modura. Euren pentsamenduak, gainera, mundu hobeago baterantz goazela edo joan behar dugula defendatzen zuen, "modernizazioa" babestuz. Nazioarteko ikuspegia jorratu zuen korronte honetako aktorerik garrantzitsuena Kant izan zen. Hark zioen nazioarteko elkarbizitza baketsua baldintza batzuekin posiblea zela:

  • Printzipio komun batzuk onartzen badira;
  • Nazioarteko erakundeak sortzen badira;
  • Nazioarteko zuzenbidea sortzen bada.

Mundu-ikuskera

Baikortasun antropologikoan oinarritzen da korronte honen norabidea. Gizakiari buruzko ikuspegi positiboa gailentzen da, eta defendatzen da testuinguruak eta egoerak eragiten dutela kasuan kasuko gizaki txarra. Jean-Jacques Rousseau da honen autore garrantzitsua.

Oinarria

Hauek munduaren ikuspegi unibertsala dute, gizartea familia modura ulertzen dute. Mundua bere osotasunean ikusten dute, eta botere-loturez gain, bestelako lotura ekonomikoak ere kontuan hartzen dituzte. Hauentzat interes orokorrak existitzen dira, hala nola ingurumena. Gizartea, beraz, globala eta interdependientea da.

Helburua

Honen helburua munduan bakea lortzea da, baina lankidetzaren bidez, estatuen artekoa. Eztabaida politikoa, nazioarteko erakundeak eta arauak. Azken bi hauek dira lehentasuna eurentzat.

Estrukturalismoa

Korronte honen oinarri teorikoa, batez ere, Marxek eta Engelsek jorratu zuten, materialismo historikoaren bidez. Euren arabera, historian zehar gizartea klaseetan banatua egon da, eta goikoaren eta behekoaren arteko kontraesan sozioekonomikoek klase borroka eragin dute.

Testuingurua

XIX. mendean sortu zen, sozialismoaren, industrializazioaren, inperialismoaren eta Iraultza Sobietarraren testuinguruan. Gainera, 50eko eta 60ko hamarkadetan deskolonizazio prozesua eman zen Hirugarren Munduan. Horrek dependentzia sortu zien herrialde horiei, eta horren zergatiaren hausnarketek sortu zuten, adibidez, Dependentismoa.

Analisiaren Ardatza

Garrantzitsuena sistema ekonomiko kapitalista mundialaren egitura da, eta horregatik deitzen zaio estrukturalismo. Nazioarteko mailan dauden arazoak, dinamikak, prozesuak, tirabirak eta kontraesanak ulertzeko gakoa sistema horretan dagoela defendatzen dute. Euren arabera, nazioarteko sistema bi zatitan zatituta ikusten dute: Iparraldean eta Hegoaldean. Tradizionalki, banaketa hori zentroaren eta periferiaren artekoa izan da. Oinarrian, herrialde industrializatuen eta herrialde pobreen arteko banaketa da. Hau Marxen eta Engelsen klase borrokan oinarritzen da, mundu mailan aplikatua. Iparraldeak Hegoaldeari etekin bat, plusbalioa, ateratzen dio eta horrela jazarri egiten du.

Helburuak

Aldaketa estrukturala nahi dute, nazioaren barneko eta nazioarteko aldaketak. Horretarako iraultza da beharrezkoa. Horretarako ikuspegi unibertsala eta utopikoa dute, sozialismoarekin amesten baitute. Honako balioak dituzte: eskubide sozioekonomikoak, hau da, ongizatea bermatzen dutenak.

Konstruktibismoa

Konstruktibismoak oso hedapen handia izan du, eta oso zabala izatera iritsi da. Batzuk erradikalak dira, besteak moderatuagoak. Konstruktibismoa, beraz, positibismoaren eta pospositibismoaren arteko zubitzat har dezakegu, azken urteotan moderatu egin delarik. Garrantzi handia ematen diete ideiei, faktore ideazionalei (diskurtsoak, pentsamenduak, etab.). Gainera, nazioarteko gizartea eta egiturak konstrukzio soziokulturalak dira. Errealitatea, beraz, soziokulturalki eraiki da, aurretik sortu diren pentsamoldeek, arauek, sinboloek eta antzekoek eraikitzen baitute. Konstruktibistek nazioarteko zuzenbideak, giza eskubideek eta antzekoek izan duten garapena aztertzen dute. Estatuen portaera arau eta printzipio batzuen arabera ematen da, balio konpartitu eta legitimoak jarraituz. Konstruktibismoak aktoreak eta egitura hartzen ditu kontuan, eta defendatzen du biek elkar moldatzen dutela: aktoreek egitura eta egiturak aktoreak.

Feminismoa

Feminismoak Patriarkatua kritikatzen du, gizonen boterean oinarritzen den sistema sozioekonomiko eta politikoa. Feminismoaren ekarpen nagusia Nazioarteko Harremanen diziplinan generoa da. 60ko hamarkadan sortu zen, sexuek adierazten zuten dimentsio fisiologikoa gainditzearren. Feminismo postmodernoak defendatzen du ez dela posiblea ezagutza zientifikoa lortzea. Horren ordez, ikuspegi subjektiboak daudela diote, eta horregatik dena erlatiboa da. Ez dago egiarik. Beraz, emakumea ere kategoria unibertsaltzat dute: ez dago emakumeen interes orokorrik. Feminismoak kritikatzen du diziplinak tradizionalki gizonaren ikuspegitik jardun duela. Aztergaia gizonak aukeratu du, eta gizonak egin du ikerketen ia dena. Feminismoak defendatzen du pribatuaren eta publikoaren arteko mugak gainditu behar direla. Nazioarteko Harremanek dimentsio publikoa izan dute tradizionalki, Zientzia Politikoek bezala, eta hura beti gizonei lotu zaie. Arlo pribatua, etxekoa, emakumearekin elkartu da, beraz.

Globalizazioa

Kontzeptua kolonialismotik (Amerika deskubritu zenetik) daukagu, baina izena bera XX. mendean sortu zen. Globalizazioa mendebaldeko kulturaren unibertsalizazioa da. Prozesu dinamiko bat da, estatuen arteko mundializazioa eta azelerazioa, ekonomian, politikan eta abar. Liberala dela esan dezakegu, izan ere, Gerra Hotzaren ondoren merkatu ekonomiaren eta demokrazia liberalaren hedapena ekarri du. Gainera, ordena liberalaren garaipena izan zen, eta bake liberala eta demokratikoa ditu helburu. Globalizazioa teknologiak eta garraioak bultzatuta aurrera egiten du. Baina prozesu bat bakarrik da, nazioarteko sistema etengabe aldatzen duena.

Kritikak

  • Aditu batzuek diote azkeneko hamarkadan hiru eskualde ekonomiko sortu direla: Amerika, Asia eta Europa, eta, beraz, ez dagoela globalizaziorik.
  • Ekintza ekonomiko guztiak Iparraldean kontzentratu dira, Hegoaldea baztertuz.
  • Herrialdeen eta gizarte klaseen arteko aldeak handitu ditu, baita pobrezia ere.
  • Beste alde batetik, estatuak ahultzen ditu, eta merkatua eta enpresa multinazionalak aktore garrantzitsuenak bihurtu dira.
  • Beste batzuen ustez, mendebaldeko balioak hedatu dira, bai hezkuntzan zein kulturan.

Enpresa Transnazionalak

Estatu ezberdinetan jokatzen duten enpresak dira, egoitza nagusia leku batean eta filialak edo ordezkaritzak herrialde ezberdinetan dituztelarik. Estrategia globala dute, batzuetan produktu berdina ekoitziz herrialde ezberdinetan, baina beste batzuetan egoitza bakoitzean pieza bat sortuz. Estrategia hau etekina bilatzeko egiten da gehienbat: lan-esku merkeagoa, ingurumenarekiko neurri malguagoak, zerga edo presio fiskal murritzagoa bilatuz. Egoitza nagusiak normalean Iparraldean daude. Enpresa transnazionalen jatorria kolonietan kokatu behar dugu. Kolonietan kokatzen ziren enpresek euren jarduera inperio kolonial osoaren barruan egiten zuten; horregatik, beharbada, enpresa kolonial deitu beharko litzaieke. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, kolonia ziren herrialdeek independentzia lortu zuten hein handi batean, eta enpresa kolonial horiek transnazional bilakatu ziren. Gainera, AEBetako enpresek aukera lortu zuten independizatu berri ziren herrialdeetan sartzeko. Globalizazio neoliberalarekin beste bultzada bat ere lortu dute enpresa transnazionalek, merkatu gehiago eta estatu gutxiago defendatu direlako.

Nazio Batuak

Nazioarteko erakundeen artean garrantzitsuenak dira, erakunde multilateral nagusia direlarik. 1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, San Franciscoko Karta sinatzearekin batera sortu zen. Gerra ostean elkarbizitza posiblea zela uste zeneko testuinguruan sortu zen. Bakea bermatzeko sortu zen erakunde multilateral hau, tentsioak arindu eta elkarlana bultzatzeko. Garai hartako NBEren helburu nagusia bakea bermatzea zen, ez zentzu etiko-moralean, baizik eta zentzu pragmatikoan: Bigarren Mundu Gerratik sortutako muga eta ordena berriak defendatzeko. Elkarte honen hasierako helburua bakea zen, esan dugun moduan, status quo-a. Baina beranduago beste helburu batzuk sortu ziren: garapena, pobrezia, ingurumena edo emakumeen eskubideak, esate baterako. Lehen helburu hura lortzeko bi bide zehaztu ziren:

  • Nazioarteko gizarte zibil bat sortzea, mugen gaineko gizartea;
  • Segurtasun sistema kolektiboa sortzea, norberak bere segurtasuna bermatzeko.

Bi printzipio:

  • Gerra debekatua;
  • Printzipio hori urratzen bada, erantzuna kolektiboa izango da.

Segurtasun Kontseilua

NBEko organorik garrantzitsuena da, erabaki praktikoak hartzeko erakundea. 15 kidez osatuta dago: 10 kontinenteka sailkatzen dira, eta txandakako eserlekuak dira, ez-iraunkorrak; beste 5ak iraunkorrak dira (AEB, Txina, Frantzia, Britainia Handia eta Errusia) eta beto eskubidea dute. Krisiak eta gatazkak kudeatzeko hainbat tresna dituzte:

  • Ikerketa batzordea, gatazkak aztertzeko;
  • Gatazkan murgilduta daudenei proposamenak egitea;
  • Kontalaria: gatazka baten aurrean txosten bat egitea;
  • Neurriak ezartzea estatu bati;
  • Bake operazioak.

Milurteko Garapenerako Helburuak

2000. urtean Washingtonen ezarri ziren. 8 helburu nagusi, 18 helburu zehatzekin 2015erako, hala nola, oinarrizko hezkuntza, genero berdintasuna, HIESa, pobrezia eta abar. Oso garrantzitsua izan zen, mundu osoak onartu baitzituen. Helburu eta epe zehatzak ditu. Hegoaldeko politika sozialen eta nazioarteko politikaren ardatz dira gaur egun.

Kritikak

  • Baliabide gutxi lortu ziren.
  • Hezkuntzan aurrerapenak izan ziren, baina gosean ez.
  • Hego Amerikan eta Asiako zonalde batzuetan aurrerapenak izan ziren, Afrikan ez.

Entradas relacionadas: