Nerbio-sistema: Funtzioak eta Atalak
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,8 KB
Nerbio-sistema estimuluak aztertzeaz arduratzen da, hala kanpokoak nola barnekoak, bai eta gorputzak funtzionatzeko behar dituen erantzunak prestatzeaz ere.
Nerbio-sistemaren atalak
- Nerbio-sistema zentrala: Gorputza eta haren jarduerak kontrolatzeaz arduratzen da.
- Nerbio-sistema periferikoa: Nerbio-bulkadak hartzaileetatik nerbio-sistema zentraleraino igortzen ditu, eta NSZtik efektoreetara ere bai.
Nerbio-sistema zentrala
Entzefaloak eta bizkarrezur-muinak osatzen dute, eta biak burezurrak eta bizkarrezurrak babestuta daude, hurrenez hurren.
Entzefaloa
Burezurraren barruan dago.
Garuna
Garunean, gure borondatezko jarduerak zuzentzen dituzten aginduak aztertu eta prestatzen dira. Halaber, pentsamendu, oroimen, hizkuntza, ikaskuntza eta abarren arduraduna da, eta bizi-funtzio guztiena ere bai: gorputzaren mugimenduarena, loarena, gosearena...
Zerebeloa
Garunaren azpian dago, borondatezko mugimenduak koordinatzea da haren eginkizuna, eta gorputzaren orekari eustea ere bai.
Bizkarrezur-muina
Egitura mehea da, burezurraren oinarritik bizkarraren bukaeraraino zeharkatzen du gorputza. Bizkarrezur-muinak ekintza erreflexu ugari kontrolatzen ditu, automatikoki egiten direnak, zerbaitek ziztatzean eskua kentzea, esaterako.
Nerbio-sistema periferikoa
Nerbio-sistemaren alde honetan, neuronen luzapenak elkartu egiten dira eta nerbio-zuntzak osatzen dituzte.
Definizioa: Nerbio-sistema periferikoa osatzen duten nerbioak entzefalotik (buruezurrekoak) eta muinetik (bizkarrezurrekoak) abiatu, eta gorputz osoan zehar adarkatu eta banatzen dira.
Nerbio motak funtzioaren arabera
- Sentimen-nerbioak: Hartzaileetatik datorren informazioa nerbio-sistema zentralera igarotzen dute.
- Nerbio motorrak: Informazioa nerbio-sistema zentraletik efektoreetaraino gidatzen dute.
Nerbio-sistema periferikoaren sistemak
Nerbio-sistema periferikoan bi sistema bereizten dira:
- Nerbio-sistema somatikoa: Gorputzaren mugimenduan esku hartzen du. Eskeleto-giharrek osatzen dute.
- Nerbio-sistema begetatiboa edo autonomoa: Nerbio-sistema honek oharkabean, inkontzienteki eta automatikoki betetzen diren gorputzaren oinarrizko funtzioak eragiten ditu, bihotz-taupadak, biriketako mugimendua...
Nerbio-sistema begetatiboaren azpisistemak
Zer funtzio betetzen duen, efektu antagonikoko bi azpisistema handitan bananduko dugu, aldi berean:
- Sistema sinpatikoa: Jarduera-egoeretarako prestatzen du gorputza.
- Sistema parasinpatikoa: Atseden-egoeretarako prestatzen du gorputza.