Nerbio Sistema: Osaketa, Funtzioak eta Atal Nagusiak
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,43 KB
Nerbio Sistema: Osaketa eta Funtzioak
Elkarren osagarri diren bi zati ditu:
1. Nerbio Sistema Zentrala
Gorputza eta haren jarduerak kontrolatzeaz arduratzen da. Nerbio Sistema Zentrala entzefaloak eta bizkarrezur muinak osatzen dute, eta biak burezurrak eta bizkarrezurrak babestuta daude, hurrenez hurren. Gainera, meningeak deritzen hiru mintz-estalki babesgarriz inguratuta dago, bai eta likido zefalorrakideoz ere. Likido horren funtzioa kolpeak arintzea da.
Entzefaloa burezurraren barruan dago eta osagai desberdinak ditu, hala nola garuna, zerebeloa, bizkarrezur-erraboila eta hipofisia, besteak beste. Bizkarrezur muina, berriz, bizkarrezurrak babestuta dago, burezurraren oinarritik bizkarraren amaieraraino.
2. Nerbio Sistema Periferikoa
Nerbioek osatzen dute: neuronen luzapenak elkartzen dira eta nerbio zuntzak osatzen dituzte. Zuntzok, aldi berean, sortatan elkartu eta nerbioak osatzen dituzte. Nerbio Sistema Periferikoa osatzen duten nerbioak entzefalotik (burezurrekoak) eta muinetik (bizkarrezurrekoak) abiatzen dira, eta gorputz osoan zehar adarkatu eta banatzen dira. Ikuspegi fisiologikotik bi zatitan banatzen da:
Nerbio Sistema Periferiko Somatikoa
Kanpoko estimuluak jaso eta borondatezko ekintzetan parte hartzen du.
Nerbio Sistema Autonomoa
Autonomoa, begetatiboa edo erraietako nerbio-sistema ere deitua, barne organo guztiak (erraiak) Nerbio Sistema Zentralarekin konektatzen ditu. Nahi gabeko ekintzak arautzen edo erregulatzen ditu: arnasketa, digestioa, bihotzaren funtzionamendua, besteak beste. Funtzio hauek automatikoki betetzen dira, baina kanpoko estimuluek eragina izan dezakete.
Nerbio Sistema Autonomoaren Azpisistemak
Funtzioen arabera, efektu antagonikoko bi azpisistema handitan banatzen da:
- Sistema Sinpatikoa: Oro har, jarduera egoeretarako prestatzen du gorputza.
- Sistema Parasinpatikoa: Oro har, atseden egoeretarako prestatzen du gorputza.
Nerbio Sistema Autonomoko bi nerbio desberdinek kontrolatzen dute organo bakoitza; zehatzago esanda, sinpatikoaren adar batek eta parasinpatikoaren beste batek. Bi azpisistemek funtzio antagonikoak betetzen dituzte, baina osagarriak dira.
Nerbio Sistemaren Atal Nagusiak eta Funtzioak
Atala | Funtzioa |
---|---|
Entzefaloa | Gorputz osoaren funtzionamendua erregulatzen du. |
Zerebroa | Bertan biltzen eta erregistratzen dira zentzumenetatik eta gorputzaren barne-organoetatik igorritako informazioak. Informazioak aztertu ondoren, bertatik agintzen dira borondatezko mugimenduak eta bertan erlazionatzen dira elkarren artean hara iritsitako informazioak. Azaleko geruza oroimenaz, adimenaz eta borondateaz arduratzen da; hau da, ekintza intelektualak bideratzen ditu. |
Zerebeloa | Mugimenduak koordinatu eta gorputzaren orekari eusteaz arduratzen da. Gorputzaren jarrera eta muskuluen mugimenduak kontrolatzen ditu, eta zehaztasunez doitzen ditu, norberak ikusten eta sentitzen duenaren arabera. Ezinbestekoa da ibiltzeko, belarriek orekari buruz bidaltzen duten informazioa jasotzen duen organoa baita. |
Bizkarrezur-Erraboila | Funtzio automatikoak, hala nola arnasketa, bihotzaren funtzionamendua, digestioa, besteak beste, erregulatzen ditu. Garunera eta muskuluetara bidaltzen ditu organismoa jardunean mantentzeko seinaleak. |
Sistema Linbikoa | Emozioekin loturiko erantzunak koordinatzen ditu. Gure jokabidea baldintzatzen du, bizi izandako emozioen memoriaz arduratzen delako. |
Talamoa | Zentzumen-nerbioek (usaimenekoek izan ezik) ekarritako estimuluak kortexera transmititzen ditu. |
Hipotalamoa | Janariaren irenstea kontrolatzen du. Gorputzeko tenperatura, oreka hidrikoa, odol-presioa (tentsioa deitua), besteak beste, kontrolatzen ditu, baita hormonen sistema ere. |
Hipofisia | Hormonak eta hormonak sortzeko substantziak sortzen ditu. |