Nerbio-sistema zentrala: egitura eta funtzioak

Clasificado en Deporte y Educación Física

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,75 KB

Nerbio-sistema zentrala

Nerbio-sistema zentralak informazioa aztertu eta erantzunak igortzen ditu. Neurona ugarik osatzen dute. Neurona horien gorputzak grisak dira, eta axoiak, berriz, zurixkak, mielinatan bilduta daudelako. Horri gai grisa (neurona-gorputzetan pilatuta geratzen direnak) edo gai zuria (axoiak sortatan bilduta dauden eremuak) deritze.

Nerbio-sistema zentrala meninge izeneko hiru mintzek estaltzen dute, eta haien artean likido zefalorrakideoa dago. Bai meningeen bai likido zefalorrakideoaren eginkizuna nerbio-sistema zentrala babestea da, gorputzak egiten dituen mugimendu zakarren eragina apaltzen baitute.

Zerebeloa

Garunaren azpian dago, enbor entzefalikoaren atzealdean. Garuna bezala, zerebeloa ere bi hemisferiotan bereizita dago, haren erditik bermisa deritzon zerrenda bat igarotzen baita. Gai grisa zein zuria garunean bezala banatuta daude.

Zerebeloa mugimenduak kontrolatzeaz arduratzen da. Funtzio horiek betetzeko, informazioa jasotzen du:

  • Belarriko kanal erdizirkularretik.
  • Giltzadurak dituzten barne-errezeptoreetatik.

Enbor entzefalikoa

Entzefaloaren atal hau garunaren eta bizkarrezur-muinaren artean dago. Enbor entzefalikoak bi zati ditu:

  • Pedunkuluak: Garunaren hemisferio bakoitzetik datozen bi axoi multzo dira.
  • Bizkarrezur-erraboila: Konkor moduko bat da, bizkarrezur-muinarekiko lotunean kokatua.

Garunean eta zerebeloan ez bezala, enborrean gai grisa barrualdean dago, eta gai zuria, kanpoaldean. Enbor entzefalikoak hainbat funtzio ditu; berak kontrolatzen ditu arnasaren erritmoa, bihotz-taupadak, eztula, usainak eta goraleak. Gainera, garunera iristen den informazioa bahetzen du, informazio garrantzitsua soilik pasaraziz.

Bizkarrezur-muina

Enbor entzefalikoaren luzapena da. Babestuta dago bizkarrezurraren barruan, eta entzefaloa gorputzeko gainerako atalekin lotzen du. Bizkarrezur-muina garezurraren oinarrian hasi eta bizkarrezurraren beheko muturreraino luzatzen da.

Bizkarrezur-muina neuronen soka mehe bat da, eta bi zati bereiz daitezke bertan:

  • Zentrala: Neuronen gorputzak dituena.
  • Kanpoaldekoa: Axoiek osatua.

Beraz, gai grisa eta gai zuria enbor entzefalikoaren bezala kokatuta daude. Ekintza sinpleak kontrolatzen ditu (adibidez, eskua baztertzea). Bizkarrezur-muinaren bidez, gorputzeko hainbat ataletatik datozen nerbio-bulkadak iristen dira entzefalora, eta baita alderantziz ere: entzefalotik gorputzeko hainbat ataletara.

Entradas relacionadas: