Nietzsche: Apoliniarra, Dionisiakoa eta Balioen Transmutazioa

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,48 KB

Apoliniarra eta Dionisiakoa

Filologia eta Filosofia

Bizitza berez ulertezina denez, Nietzschek, bizitza ikusteko, horren agerpenak eta hizkuntza aztertzea erabaki zuen; izan ere, hizkuntza-formak bizitzaren zantzuak eta botere-nahiaren zantzuak dira. Haren asmoa hizkuntza-adierazpenak aztertzea zen, ikur horien atzean ezkutatzen baita inkontzientea, komunikatu ezin dena, biziaren errealitatea.

Hizkuntza hausnarketa filosofiko ororen abiapuntu bihurtu zen. Hizkuntzak baldintzatzen du gure pentsatzeko, sentitzeko eta bizitzeko modua. Baina hizkuntzak ezin ditu gauzak adierazi, gauzen eta gure arteko harremanak baizik; beraz, gure nahiaren araberakoa da. Hizkuntzaren bidez nahia azter daiteke.

Artea eta Errealitatea: Apoliniarra eta Dionisiakoa

Artea eta poesia dira munduaren jatorrizko esentzia hautemateko baliabideak. Artearen bidez, mundua eta bizitza aldatzeko gogoa izan zuen. Bizitzaren adierazpen sinbolikoa elkarren aurka ari diren baina elkarren beharra duten bi indar estetikoren ondorioz garatzen da: apoliniarra eta dionisiakoa, Apolo eta Dioniso jainkoak ikur dituztela.

  • Espiritu Dionisiakoa: Dionisorena da, orgiaren jainkoarena. Balio hauen ordezkaria da: bizitza eta kontzientzia pertsonala deuseztatzearena. Azken batean, mugak gainditu eta baieztatzen duen bizitzaren ikurra da.
  • Espiritu Apoliniarra: Apolorena da, edertasunaren jainkoarena. Arrazoiaren, neurriaren, orekaren eta gizabanakotasunaren balioen ordezkaria da.

Bi espiritu horien borroka joko tragikoaren ikurra da. Horiek guztiak errealitate beraren dimentsioak dira. Dionisiakoa musikaren eta dantzaren bidez adierazten da eta koruari dagokio; apoliniarra, berriz, hitzaren bidez adierazten da eta pertsonalei dagokie.

Tragedia grekoaren lorpenik handiena elkarren aurkako bi indarren arteko sintesi sortzailea aurkitu izana da: “Apolo ezin da Dioniso gabe bizi”.

Nihilismoa eta Balioen Transmutazioa

Nietzschek bi lan egin zituen mendebaldeko morala kritikatzeko. Moralari egindako kritikaren jomuga kristau morala zen, Nietzschek moral dekadentetzat hartzen zuelako. Morala ahul bihurtu zen, eta guztiontzako moral izan nahian inorentzat ez den moral bihurtu zen. Bi balioespen mota horien ondorioz, Nietzschek jaunen morala eta esklaboen morala bereizi zituen. Hona hemen banaketa:

Jaunen Morala eta Esklaboen Morala

  • Jaunen Morala: Aktiboa da, jatorrizkoa, balioak indarrean jartzen dituena. Modu autonomoan bizi da, seguru dago, zoriontasuna bere baitan aurkitzen du. Jaunek bakarrik bilatzen dute Botere Nahia guztiaren gainetik.
  • Esklaboen Morala: Pasiboa da, ez du baliorik sortzen, aurrean aurkitzen ditu. Esklaboa ahula da; boteretsuaren aurkako erresumina sentitzen du, eta bizitza jasangarriago bihurtzeko balioak aldarrikatzen ditu, pazientzia adibidez. Esklaboaren morala taldekoia da.

Nietzscheren ustez, hau dago mendebaldeko kulturaren historiaren oinarrian: esklaboen moralaren balio plebeioak nagusitu izana jaunen moralaren balio aristokratikoei. Horra hor esklaboen iraultza.

Nietzschek uste zuenez, moral kristaua suntsitu ondoren bakarrik berretsiko da bizitzaren garrantzia. Horretarako Balioen Transmutazioa gauzatu behar da, gauzak berriro dagokien lekura ekarriko dituena, onartuz ona bizia bultzatzen duenarekin lotu behar dela, eta txarra, berriz, oztopatzen duenarekin.

Entradas relacionadas: