Nietzsche: Bizitza, Botere Nahia eta Tragedia Grekoa

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,37 KB

1. Bizitzaren Esentzia eta Botere Nahia

Nietzschek filologia ikasi zuen, eta hortik piztu zitzaion filosofiarako interesa. Bere lehenengo lanean, bere filosofiaren mamia aurkeztu zuen: tragikoaren esentziaren definizioaren atzean ideia bat dago, hots, bizitza errealitate ororen azken izaera da. Bizitza ezin da definitu, zerbait instintiboa, kontraesankorra eta aldakorra baita. Ez da 'pentsatzen' dena, baizik eta 'bizitzen' dena.

Schopenhauerren ildoari jarraiki, Nietzscherentzat bizitza botere nahia da, bizitzeko eta irauteko gogo gisa. Errealitatearen esentzia irauteko nahia da, baina aldi berean saminaren jatorria da, bizitzeak hiltzea inplikatzen baitu.

Schopenhauerren Ihesbideak eta Nietzschek Proposatutako Bitalismoa

Horregatik, Schopenhauerrek samin hori arintzeko bi bide proposatu zituen:

  • Artearen bidez: Bakoitzaren barrutik sortzen diren desioak eta senak proiektatzen dira, eta horiek artelanetara bideratuz, saminaz ahaztu gaitezke.
  • Bizitza aszetikoaren bidez: (Ez dut ezer nahi, jainkoarengana jo) Mundutik aldendu daitezke pertsona erlijiosoak, sufrimenduaz ahazteko.

Nietzschek, filosofia bitalista bat proposatuko du, eta bizitza bete-betean bizitzea eta duintasunez egitea aldarrikatuko du, beti ere, bizitzaren zentzu tragikoa onartuz (indarraren pesimismoa). Bere ustez, sufrimendua bizitzaren edertasunaren ordaina da eta, horregatik, Schopenhauerri kritikatu zion ihesbideak bilatzea.

2. Hizkuntzaren Kritika eta Errealitatearen Faltsutzea

Bizitza ulertezina denez, bizitza ikertzeko, hizkuntza aztertzea erabaki zuen; izan ere, hizkuntzaren formak bizitzaren eta botere nahiaren ikurrak dira. Gure adimeneko jarduera guztiak hizkuntzak mugatzen ditu (ezinezkoa da sentitzea edota pentsatzea hizkuntzarik gabe), baina hizkuntzak ez ditu gauzak beraiek izendatzen, baizik eta erlazionatu egiten ditu.

Hizkuntza sinbolo fisikoen multzoa da, eta hitzei esker, zirrarak (nerbio-kinadak) izendatzen ditugu; beraz, ez dugu errealitatea bera izendatzen, gauzak zirraretatik haratago baitaude. Hori dela eta, Nietzschek hizkuntzaren bidez errealitatea faltsutzen dugula zioen. Horretaz gain, hizkuntza sinbolikoa denez, hizkuntza hori sortzen duen gizartearen jarrera, metafora diren hitz horietan islatuta gelditzen da.

3. Tragedia Grekoa: Indar Dionisiakoa eta Apoliniarra

Horretaz aparte, filosofo alemaniarraren ustez, bizitzaren zentzuak arrazoiari ihes egiten dio. Baina artearen bidez bizitzaren tragikotasuna isla daitekeenez, artea aztertzeari ekin zion (estetika eta ontologia lotuta daude).

Kultura grekoak barneratuta zeukan bizitzaren tragikotasuna eta ulertezintasuna, baina ez zen pesimismoan erori eta artearen bidez bizitzaren adierazpen sinbolikoa egiten zuten. Greziarren ustez, bizitza bi indar kontrajarrien sintesia da:

  1. Indar Dionisiakoa (Dioniso jainkoarena): Ongiaren jainkoa da, bizitza, neurrigabetasuna, mugagabetasuna eta kontzientzia pertsonalaren deuseztapena errepresentatzen ditu.
  2. Indar Apoliniarra (Apolo jainkoarena): Edertasunaren, arrazoiaren, neurriaren, harmoniaren eta kontzientzia pertsonalaren adierazlea.

Tragediaren Egitura

Bi indar horien borrokaren adierazpenean oinarrituta zegoen tragedia grekoa:

  • Indar dionisiakoa: Koroari dagokio, eta musikaren eta dantzaren bidez agertzen da.
  • Indar apoliniarra: Heroiak bere hitzen bidez aurkezten du.

Tragedia hauetan, heroia gerratik garaile iristen zenean, bere omenez festa bat egiten zen eta, ondoren, koroak hiltzen zuen. Baina indarra bera da erantzulea, heriotza baita bizi ahal izateko ordaindu beharreko prezioa.

4. Espiritu Grekoaren Gainbehera eta Arrazoiaren Nagusitzea

Sofokles eta Eskilorekin arte tragikoak goia jo zuen, baina Euripidesekin, berriz, behera egin zuen. Ondotik, Sokratek espiritu grekoaren gainbehera eragin zuen, bizitzaren indarren arteko oreka apurtu baitzuen, arrazoiaren (indar apoliniarraren) aldeko apostua egin zuenean.

Nietzscheren ustez, arrazoiak errealitatearen aspektu bakarra harrapatzen du eta, gainera, bizitzaren funtsa, bizitzea, agortzera eramaten du. Arrazoiaren nagusitze horrek mendebaldeko gizartea irteerarik gabeko kale batera eraman du, zientziaren garapenak bizitza zentzurik gabe utzi baitie, erlijioa eta morala ukatuz.

Entradas relacionadas: