Nietzsche eta Marx: Erlijioaren Kritika eta Alienazioa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,54 KB
Apoloneoa eta Dionisiakoa
Apolo eta Dionisos bizitza ulertzeko elkarren aurkako bi jarreren sinbolo, eredu edo jainkoak dira. Apolo argitasunaren eta neurriaren jainkoa da, eta formak eta ideiak erakusten ditu. Dionisos, aldiz, itxuragabearen eta neurrigabearen adierazgarria da, sexu-kilikaduren eta gauaren jainkoa. Bereizketa eta aurkakotasuna nabarmena den arren, ezin daiteke bata bestea gabe bizi. Hala eta guztiz ere, Europako filosofia-tradizioan, joera arrazionalistak dioen moduan (Platonen itzala handi samarra izan da beharbada harrezkero), arrazoi-arimak mendean hartu behar ditu sumina, atseginak eta bestelako irrikak arimaren jardueretan, sentipenen izaera berez zantarra delako.
Nietzschek horixe bera leporatzen dio filosofiari, eta, ondorioz, aipatutako bi joeren arteko oreka berreskuratzeko aldarrikapen sutsua egiten du. Joera zientifiko arrazionalista (Apolok erakusten duena) ez da errealitatearen mugikortasunaz ohartzen. Hori dela eta, ez dago ez espiriturik, ez arrazoimenik, ezta egiarik ere, eta horiek guztiak fikziozkoak dira, baliorik eta edukirik gabekoak.
Laburpena
Nietzschek gogor kritikatzen du mundu honetatik ateratzen gaituen oro, bai Jainkoa, bai arima hilezkorra eta bai haraindiko mundua. Bizitzaren helburu, arrazoi eta zentzua mundu honetan dago, existitzen den mundu bakarrean.
Jainkoa
Erlijio kristauaren oinarria eta bere balioen ahotsa da. Erlijioak filosofia platonikoaren gezur metafisiko berbera aldarrikatzen du; hots, beste mundu bat asmatzen du, mundu zerutiarra, existitzen den mundu bakarra gutxiesteko. Jainkoa beldurretik eta inpotentziatik sortzen da, eta esklaboen balioak babesten ditu: apaltasuna, obedientzia, etsipena. Bekatua, penitentzia, arima… eta antzeko kategorien bidez, erlijioak eta Jainkoak bizitzari eta senari erasotzen diete. Jainkoaren heriotzaren ondoren, nihilismoa gailenduko da supergizakia etorri arte.
Arima hilezkorra
Jainkoaren ideiak mundu hau mespretxatzen duen moduan, arima hilezkorraren kontzeptuak gorputza eta gizakia bera mespretxatzen ditu. Arrazoiaren eta “ni”aren asmakizun hutsa da arima hilezkorra, mundu honetatik ateratzen gaituena eta bizitzaren xedea eta zentzua gorputzetik eta bizitza arrunt eta politetik ateratzen duena. Nietzscheren ustez, gizakia ez dago arimaz eta gorputzez osatua, gorputza baino ez gara eta bertatik dator indar sortzailea, bizitza maite duena eta den moduan onartzen eta besarkatzen duena.
Marx: Alienazio Motak
Nietzsche eta Marx ateoak dira, eta erlijioaren aurka jotzen dute gogor. Nietzscherentzat, erlijioa jabeen aurkako herri xehearen matxinada da, eta herri xehearen balioak goresten ditu. Herri xehearen logikak honela funtzionatzen du: zuek, nagusiok, ondasun-jabeok, goi-mailako gizakiok, ez badituzue Jainkoaren aginduak betetzen, azken judizioan epaituak eta zigortuak izango zarete.
Marxek aurkako bidetik jotzen du. Haren ustez, erlijioa klase menperatzailearen asmakizuna da klase menperatua uztarpean edukitzeko, herri xehearen iraultza geldiarazteko.
Alienazio kontzeptuaren bidez, bere baitatik zerbait galtzen duen gizakiaren egoera adierazten dugu. Norberaren burua inorentzea, norberaren buruarekiko arrotz bihurtzea. Marxen aburuz, lanarena da alienazio nagusia, eta hortik sortzen dira gainerakoak, sustrai ekonomikoa dutelako.
Sistema kapitalistan, gizakia gauza bihurtzen da, giza zerizana galdu eta lan-indar huts bihurtzen da. Gizakiak zerbait eraldatuz lanean sortzen duen produktua bere emaitza eta produktutzat hartzen du. Nolanahi ere, gizaki egilearena den emaitza hori beste pertsona baten jabetza bihurtzen da, subjektu egilea besteren eta arrotz bihurtzen da produktugilearentzat. Giza produzitzaileak eginiko inorentzeak haren burujabetasunaren galera dakar.
Erlijio-alienazioa
Marxen ustez, gizarte-klase menderatzaileak erlijioa sortzen du klase menderatua uztarpean edukitzeko. Erlijioaren esanetan, giza zoriontasuna haraindiko munduan dago, eta gizakia mundu honetara sufritzera etorri dela dio, ondoren zerua (zoriontasuna) lortzeko. Erlijioak geldiarazi egiten du langileek burgesen aurka (produkziobideen jabeen eta kapitalisten aurka) egin behar duten iraultza, eta Estatu burgesa legitimatzen du. Estatu burgesaren aginduak Jainkoarenak balira bezala onartu behar direla dioenean, erlijioak agintaritza justifikatzen du. Horrela, erlijioak injustiziak justifikatu egiten ditu, eta etsipena eta zuzengabekeria dira alienazio horren ezaugarri nagusiak. Hori dela eta, Marxen hitzetan, “erlijioa herriaren opioa da”, herria lokartzen duelako.