Nietzsche: Morala, Nihilismoa eta Supergizakiaren Bidea

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,55 KB

Nietzsche: Morala eta Balioen Transmutazioa

Gizakia espezie gisa sortu zenean, nobleen morala zen nagusi. Gizaki onenak bizitzari aurre egiten ziotenak ziren: bulkadak, senak eta sentimenduak asetzeko beldur ez zirenak; bizitzari baietz esaten ziotenak; botere-nahia asetzen zutenak; ausartak, sortzaileak, indartsuak. Beste aldean, hori guztia egin ezin zutenak zeuden. Hauek bizitza krudel bat bizi zuten, jasan ezin zuten sufrimendua eragiten ziena. Haientzat, ase ezin zituzten bulkada eta senak gaiztoak ziren, ezintasunak sufrimendua eragiten zielako. Haien artean sortuko dira aszetak, zentzumenak gaitzestean bakea agintzen duten pertsonak.

Gizaki ahulen erresumina dela eta, Nietzschek haien pentsamendua gailendu dela dio, esklaboen moralera eraman gaituen balioen transmutazioa gertatu zela argudiatuz. Honetan oinarritzen da mendebaldeko erlijioa, filosofia eta abar. Senak jarraitzen dituena gaiztotzat joko da aurrerantzean, Nietzsche iritsi arte.

Nihilismoa eta Supergizakia

Nihilismoa Jainkoaren heriotzaren ondorioa da. Horrelako garai batean bizitzeko bi modu daude:

  • Nihilismo aktiboa: euren kabuz balio berriak sortzen dituztenen bizitzeko modua (bere botere-nahiaz baliatzen den supergizakia).
  • Nihilismo pasiboa: indarrean zeuden balioak desagertu direnez bizitzeko borondatea galtzen dutenena.

Nihilismo aktiboan kokatuta, balioen bigarren transmutazioa emango da. Esklaboen morala atzean utzi eta supergizaki bihurtu behar dugu, norberak bere balioak betiereko itzuleraren arabera sortzeko.

Nietzscheren Kontzeptu Nagusiak

Nietzscheren teorian bi kontzeptu hauek dira gehien eztabaidatu direnak:

Botere-nahimena (Wille zur Macht)

Alde batetik, botere-nahimena dugu. Nietzschek pentsalari presokratikoak miresten zituen eta, haien artean, modu berezian, Heraklito. Heraklitok errealitatearen izaera aldakorra antzeman zuen eta suaren metaforarekin irudikatzen zuen: etengabe aldatzen da errealitatea. Nietzschek berdina uste zuen eta naturaren motorra botere-nahimena zela defendatu zuen.

Botere-nahimena izaki guztiek bizirauteko duten bulkada da. Bi izakiek talka egiten badute, haien botere-nahimenek borroka egingo dute oreka bilatu arte edota hauetakoren bat suntsitu arte. Ez da mendekoak edo ahulak mendean hartzea, nork bere buruan uste osoa izatea baizik, bere buruarenganako sentikizun ziurra, sendoa eta boteretsua, bere nahiak betetzeko. Botere-nahimena sentimendu eta senetan igartzen da, eta gure kulturak gizakiarena zokoratu du, gizaki antinatural bat goratuz eta, ondorioz, gizaki dekadente eta alienatu bat sortuz.

Betiereko Itzulera (Ewige Wiederkunft)

Bestalde, betiereko itzulera dugu. Pasarte batean, Nietzschek hurrengo egoera planteatzen du: imajinatu zure bizitza bizi izan duzun moduan etengabe bizi behar duzula. Irribarre ala negar egingo zenuke? Batzuek modu literalean ulertu badute ere, badirudi metafora bat dela, supergizakiak izan beharko lukeen jarreraren isla: Amor fati, ezer desberdina izatea nahi ez izatea, ez iragana, ez etorkizuna.

Horrela, erabakiak hartzean, ez dugu pentsatu behar gure ekintza Ongiarekin, Jainkoarekin edota aurrerapenarekin bat datorren, baizik eta ea gure ekintzak etengabe errepikatzea nahi dugun. Horrela, gogora datorkigu sentitzen duguna eta fokoa gure bizitzan jarriko dugu, bestelako helburu metafisikoak baztertuz. Supergizakia, beraz, bere botere-nahiak libreki nahi izan duena betiereko itzuleran egonkortzea nahi eta onartzen duena da.

Entradas relacionadas: