Nietzscheren Bitalismoa: Kritika Mendebaldeko Zibilizazioari
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,58 KB
Kritika Mendebaldeko Zibilizazioari: Bitalismoa
Sokratesetik Nietzscheren garaira, gure kultura oker egon dela esan zuen Nietzschek, bizitzaren aldaketei eta tragikotasunari izan zaion beldurrean baitago oinarriturik. Horrela, tradizio judeo-kristauetik eta platonismotik edan duen gure kulturak bizitza eta naturarekin zerikusia duen oro gaitzetsi du, zentzumenak, bulkadak eta senak zokoratuz. Honek gaixo bihurtu gaitu, dekadente, gizakiak bere burua ez den moduan ulertarazi baitu.
Moralaren Kritika
Moralak, esaterako, bulkadekin eta senekin zerikusia duen oro gaiztotzat jo du eta gizakiari ez den gizaki arrazionala eta bizitzatik at dagoena izatea exijitu dio. Honen adibide garbia da bekatuaren kontzeptua, Ongiaren ideia edota Kanten inperatibo kategorikoa. Kontzeptu garrantzitsuago batengatik sentimentuak kontrolatzea eskatu zaio gizakiari.
Metafisikaren Kritika
Metafisikak bizitza honetatik haraindi zeuden kontzeptuak sortu ditu, haiek desiratzeko eta gure bizitza gaitzetsiz. Jainkoa, Ongia... honen adibide izango lirateke.
Zientzia eta Hizkuntzaren Kritika
Zientziak berak ere badu natura den horretan onartu ez eta hori kontrolatzeko eta menperatzeko nahia. Hizkuntzak berak, bere kontzeptuekin aldakorrak diren gauzak harrapatu nahi ditu, errealitatearen isla faltsu bat emanez.
Bitalismoa
Hau aldatzeko bitalismoari heltzen dio Nietzschek. Bitalismoarentzat bizitza da balio nagusia, eta zentzumenek, senek eta balioek informazio gehiago ematen digute bizitzaz arrazoimenak baino. Gizakia ulertu nahi bada, honi erreparatu behar zaio, ideien munduari baino. Horregatik du etsai Nietzschek Schopenhauer, berak, bizitza sufrimendua dela ikusi bazuen ere, bere erantzuna honetatik eta zentzumen eta sentimenduetatik urruntzea izan baitzen. Bizitza sufrimendua bada ere, bere horretan onartu behar da eta aurre egiteko norberak bere balioak sortu behar ditu, bizitza behin eta berriro bizi nahi izan arte.
Apoliniarra eta Dionisiakoa
Gizakiaren baitan bi indar kontrajarri agertzen dira: arrazionala eta sentimenduak. Bi indar hauei, Nietzschek, espiritu apolineoa eta dionisiakoa deitzen die.
- Apolo: arteen, argitasunaren eta neurriaren jainkoa da, arrazionala.
- Dionisos: ardoa, itxuragabea eta neurrigabearen adierazgarria da, sentimenduen adierazgarri.
Bi hauen arteko kontrajarritasuna bereizgarria den arren, ezin dute bizi bata bestea gabe. Hala ere, Europako filosofia tradizionalistak apolineoari garrantzia gehiago eman dio, eta bere balioak nagusitu dira Mendebaldeko kulturan, dionisiakoen gainetik. Nietzschek hauxe bera aldarrikatzen du, hau da, berarentzako, supergizakia ezaugarritzen duten baloreak dionisiakoagoak dira, eta bi joeren arteko oreka berreskuratzen saiatuko da, maila berean egon daitezen. Bere ustez, greziar presokratikoek gizakiaren izaera hau ondo islatu zuten euren tragedietan, bai formalki (musikan dionisiakoa eta testuan apolineoa ikusten du Nietzschek) eta baita istorioetan ere. Joera arrazionalista duenak ez da errealitatearen mugikortasunaz ohartzen, hau da, gezurrean bizi da, eta errealitate aldakor hori baztertuz, sentimenduak eta zentzumenak baztertuz, pertsona gaixoa bihurtzen da, alienatua, dekadentea. Sentitzeari beldurra galdu behar zaio, orain arte mugatu gaituzten erlijio eta pentsamenduak suntsituz.
Nihilismoa eta Baloreen Transmutazioa
Gizakia espezie bezala sortu zenean, nobleen morala zen nagusi. Gizaki onenak, bizitzari aurre egiten ziotenak ziren, bulkadak, senak eta sentimenduak asetzeko beldur ez zirenak, bizitzari baietz esaten ziotenak, botere-nahia asetzen zutenak, ausartak, sortzaileak, indartsuak. Beste aldean, hau guztia egin ezin zutenak zeuden. Hauek bizitza krudel bat bizi zuten, jasan ezin zuten sufrimendua sentiarazten zien bizitza. Hauentzako, ase ezin zituzten bulkada eta senak gaiztoak ziren, ezinak sufriarazten zituelako. Hauen artean sortuko dira aszetak, zentzumenak gaitzestean bakea agintzen duten pertsonak. Logika guztien aurka, Nietzschek hauen pentsamendua gailendu dela dio, esklaboen moralera eraman gaituen baloreen transmutazioa gertatu zela argudiatuz. Honetan oinarritzen da mendebaldeko erlijioa, filosofia eta abar. Senak jarraitzen dituena gaiztotzat joko da aurrerantzean, Nietzsche iristen den arte. Berak proposatuko du mendeetako karga kultural guzti hori suntsitzea, balorerik gabe geratzeko, nihilismoan. Ez ordea hemen gelditzeko, gure balore propioak sortzeko kemena izateko baizik. Hemen bigarren transmutazioa. Esklaboen morala atzean utzi eta supergizaki bihurtu behar dugu, norberak bere baloreak betiereko itzuleraren arabera sortzeko.
Supergizakiaren Bilakaera
- Ganbelua: kulturaren konkorraren pisua jasaten duena.
- Lehoia: kultura suntsitzeko gai dena.
- Haurra: baldintzaturik (Erlijioarengatik, metafisikarengatik...) egon gabe gure baloreak sortzeko, bizitzari baietz esateko, botere-nahimenari baietz esateko gai dena.