Nietzscheren Filosofia: Balioen Transmutazioa eta Supergizakia
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,83 KB
Balioen Transmutazioa
Balioen transmutazioa: Nietzschek aldarrikatzen duen gizadi berriaren eginkizuna da. Balioen transmutazioaren bidez, gezurra egia bihurtzen du Nietzschek, eta alderantziz; halaber, ongia gaizki bihurtzen du, eta alderantziz. Nolanahi ere, balioen transmutazioa ez da balio tradizionalak ordezkatzen dituzten balio berrien ezarpena, balioespenak sortzeko era berri bat baizik. Nietzschek gizakia aldezten du, bizitza hutsean oinarriturik, ongiaren eta gaizkiaren sortzaile izan dadin. Balioen transmutazioa Jainkoaren heriotza gainditu duen eta bere burua baieztatzen duen supergizakiaren egitekoa da.
Gezurra
Gezurra: Mendebaldeko kultura osoa kutsatzen duen faltsukeria metafisikoen multzoa da. Milurteetako hutsegite honen jatorria bizitzari uko egitetik dator. Gizakiak bere burua engainatzen du, bizitzaren funtsa, zentzua eta benetako zerizana mundu ideal batean kokatzen dituelako. Hortaz, bizitzaren aurreko gizaki ahul eta koldarraren borondateak sortzen eta gidatzen du gezurrezkotasuna. Platonek bi munduen arteko bereizketa egiten du; ondoren, erlijio judu-kristauk bikoizkeria berari ekiten dio, ongiaren kontzeptua Jainkoagan pertsonifikatzen duenean. Funtsean, okerra berbera da: bizitzaren zinezko izaera aldakor eta sentigarria itxurazkotzat edo igarokortzat hartuz, kategoria eta balio iraunkor, absolutu eta eternalen mundu zerutiarra eratzea.
Egia
Egia: Pasarte honetan, gezur metafisikoari kontrajartzeko erabiltzen du Nietzschek egia hitza, eta alde horretatik, egia sentigarriarekin parekatzen du. Nietzscherentzat, egia, balio moralen antzera, ez da absolutua, eta bizitzarentzat baliagarria den heinean soilik mintza daiteke egiaz. Egia subjektibo eta borondatezko bihurtzen da Nietzscheren filosofian, gizakiak bere botere-nahitik sortua, nork bere burua gainditu eta errealitatea kontrolatzeko.
Nihilismoa eta Supergizakia
Gizakiaren zerizana historikoa da, eta ez dira existitzen ez egia absolutua ezta balio unibertsalak ere. Horregatik, uko egiten die Nietzschek bere garaiko metafisika eta erlijioan oinarrituriko pentsamenduei. Jarrera honek indarrean dauden balioen suntsipena dakar, eta ondorioz, nihilismoa gailentzen da. Nihilismoak ateak zabaltzen dizkio sortzear den gizaki berriari, supergizakiari, balio berrietan oinarrituko denari. Hori da testuan aipatzen den balioen transmutazioa. Nietzschek gezurtzat hartzen du bere garaian egiazkotzat jotzen dena, eta alderantziz.
Mundu Bakarra eta Morala
Nietzscheren iritzian, ez daude bi mundu, mundu bakarra baizik, etengabeko aldakuntzan dagoen mundu sentigarria. Horregatik, gizarte tradizionalean indarrean egon diren balioak baztertu behar dira, hau da, mundu faltsuan oinarritutakoak, morroien moralari dagozkionak (apaltasuna, umiltasuna, sakrifizioa, errukia, bizitza gorrotatzea...), eta jaunen moralaren balioak onartu behar dira, bizitzaren aldekoak: harrokeria, handinahikeria, indarkeria, bortizkeria, bizitzari bai esatea... Hori da testuan aipatzen den balioen transmutazioa. Dena dela, eraldaketa hau ez da bat-batean gertatuko, eta hiru urratsetatik igaro ondoren gauzatuko da: gamelua, lehoia eta haurra.
Arriskuak eta Ondorioak
Pentsamendu honek arrisku batzuk ditu, harrokeria, indarkeria, grina... ez kontrolatzeak ondorio txarrak izan ditzakeelako bai gizartean bai gizabanakoarengan. Ez dugu ahaztu behar zenbaiten ustez pentsamolde honek nazismoarekin eta faxismoarekin izan zituen loturak.
Hausnarketa
Nire ustez, pentsamendu honek alderdi onak ere izan ditzake, gizartean ondo kokatuta dagoen pertsona bati begira, adibidez. Nolanahi ere, ateismoan oinarritzen denez, beharbada ez da egokiena gaixo, gose, hilzorian, lur jota… dagoenarentzat.