Nietzscheren Filosofia: Erlijioa, Morala eta Gizakiaren Etorkizuna
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 13,92 KB
Erlijioa Gizartean: Baliagarria ala Faltsukeria?
Antzinatik gaur egun arte, Jainkoak eta erlijioak kezka handiak ekarri dizkie gizarte eta filosofo ezberdinei. Zehazki, erlijioa gure gizartean baliagarria edota mespretxagarria den izan da kezkarik handiena, eta horrek filosofo ezberdinen arteko eztabaida ekarri du. Esate baterako, Nietzschek zioen erlijioa herri xeheak sortutako tresna bat zela, iraultza egin eta menperatzaileen (burgesen) aurka egiteko. Aldiz, Agustin Hiponakoak zioen zoriontsu izateko egia gorena, hau da, Jainkoa, lortu behar zela. Baina, eztabaida hauek alde batera utzita, erlijioa gizartean baliagarria den tresna bat al da? Nola dakigu erlijioa ez dela gizarteko estamentu batek bere onerako sortutako tresna?
Erlijioaren baliozkotasuna
Alde batetik, erlijioa bizitzako hainbat esparrutan baliagarria izan daitekeela esan daiteke. Jende askoren ustez, erlijioak ezagutza eta zoriontasuna ekar diezaguke, hau da, bizitzan aurre egiteko baliagarria izan daiteke. Kasu honetan, Agustin Hiponakoa ikus dezakegu; hark zioen zoriontasuna lortzeko egia gorena, hau da, erlijioa eta Jainkoa, lortu behar zela. Adibide gisa, gizartean jende askok erlijioa beren bizitzako esparru gisa hartzen dute; ondorioz, beren bizitzan sosegua eta zoriontasuna lortzeko baliagarria izango litzateke.
Erlijioaren fidagarritasun eza
Beste aldetik, erlijioa ez dela guztiz fidagarria eta baliagarria esan daiteke, ez baitago inongo probarik erlijioa eta Jainkoa egiazkoak direla adierazteko; horren ondorioz, hauetan sinesteak faltsukerietan eta gezurrezko ideologietan murgiltzen gaitu. Kasu honetan, Marx eta Nietzsche ikus ditzakegu; haiek erlijioa gizartean sortutako faltsukeria dela esaten baitute. Marxen kasuan, herria matxinatu gabe mantentzeko sortua dela dio; Nietzscheren kasuan, aldiz, herriak burgesiari aurka egiteko dela. Bi horiek ikusita, adibide argi bat azal dezakegu: gure gizartean gobernuak askotan erlijioa aldarrikatzen du herria kontrolatuta edukitzeko. Ondorioz, hori herriak edo gobernuak sortutako ideologia dela esan daiteke, bakoitzaren onerako. Laburbilduz, erlijioa baliagarria izan daiteke jende askorentzat beren bizitzako hainbat esparrutan; beste batzuen ustez, aldiz, faltsukerian eta gobernu edo gizarteko maila batzuen onerako sortua dela ikus dezakegu. Nire ustez, erlijioa ez da guztiz baliagarria, denboraren poderioz gobernuaren eta hainbat estamentu sozialen onerako sortua dela iruditzen baitzait.
XX. Mendeko Pentsamenduaren Oinarriak
XIX. mendean aldaketa sakonak gertatu ziren gizarteko arlo guztietan. Ideologia kristau burgesa zalantzan jarri zen, eta Marxek, Nietzschek, Freudek eta Darwinek ideologia horri eraso zioten. Lehenengo hirurek zioten ideologia horiek ezin zirela defendatu, guztiz faltsuak baitziren, hau da, faltsukeriaren bidez sortuak. Aldiz, Nietzscheren ustez, lehenagotik zegoena suntsitzea zen gizarte berri bat sortzeko aukera bakarra.
Darwin eta Eboluzionismoa
Darwinek eboluzionismoa proposatu zuen kreazionismoaren kontra; horrekin, elizaren aurka joan eta talka handia eragin zuen. Haren ustez, eboluzioa hautespen naturalaren araberakoa da; gizakia ez zela Jainkoaren antzera egindakoa zioen, baizik eta eboluzioaren ondorioa.
Susmoaren Filosofoak: Marx, Nietzsche eta Freud
Beste hirurek, nahiz eta korronte berekoak ez izan, mendebaldeko kulturari kritika handia egin zioten, printzipio guztiak zalantzan jarriz (politiko-ekonomikoak, kultural-erlijiosoak, psikologiko-antropologikoak). Hiru filosofo horiei “susmoaren filosofo” deitu zitzaien, mendebaldeko kulturaren oinarriak susmopean jarri baitzituzten.
Marxek antolaketa ekonomiko-politikoari egin zion kritika, sistema ekonomiko kapitalista eta klase pribilegioak susmopean jarriz. Historia klaseen arteko borroka bat zela esan zuen: zapaltzaile eta zapalduena. Kapitalismoaren aurrean, komunismoa bultzatzen zuen, ez baitzegoen klase sozialen bereizketarik. Nietzschek morala eta erlijioa kritikatu zituen, bitalismoa proposatuz. Mendebaldeko kulturaren aldarriak gezurretan eta faltsukerian oinarrituta zeudela zioen, eta horrek gizakia ahultzen zuela. Ondorioz, Jainkoa hil dela adierazten du, eta hutsune hori gainditzeko gizarte berri baten beharra adierazten du: gaingizakia. Freudek gizakiaren eta arrazoiaren lotura jarri zuen susmopean, giza kontzientziaren zati handiena arrazionala izan beharrean, inkontzientziak bultzatzen duela esanez, eta ondorioz, ideia arrazionalak inkontzientzian oinarrituta daudela adierazten du.
Nietzscheren Kritika Mendebaldeko Zibilizazioari
Nietzschek mendebaldeko zibilizazioaren eta haren oinarri kultural eta filosofikoen kritika zorrotza egiten du. Haren ustez, mendebaldeko kultura dekadentea da; kultura horretan, arrazionaltasuna instintuaren eta bizitzaren gainean inposatuta dago. Hori dela eta, mendebaldeko kulturaren bidea okerbidea dela dio, jatorria Sokratesengan ezarriz (arrazoimena goraipatuz alderdi dionisiakoa lurperatu baitzuen). Kritika horrek hiru arlo nagusi hartzen ditu: metafisika, zientzia eta hizkuntza, eta moralaren jatorria. Kritika egiteko metodo genealogikoa erabili zuen. Hau da, mendebaldeko kontzeptu nagusien jatorria ikertu zuen, mendebaldeko balioak ikertu eta horiek bizitzaren aurka zeudela adierazi nahian.
Moralaren Jatorria eta Balioen Transmutazioa
1) Nietzschek mendebaldeko moralaren jatorria aztertzen du eta bi moral mota bereizten ditu:
- Jaunen morala: Indarra eta autoafirmazioa goraipatzen ditu, aristokraziekin lotuz.
- Esklaboen morala: Ahultasuna eta erresumina sustatzen du, kristautasunak sendotuz.
Plebeioen matxinadaren ondoren, esklaboen morala nagusitu eta balioen transmutazioa gertatu zen, mendebaldeko moralaren dekadentzia eraginez.
Metafisika, Zientzia eta Hizkuntzaren Kritika
2) Metafisikari buruzko kritika: Nietzschek mendebaldeko filosofiaren bidea okerbidea dela dio, filosofo metafisikoek arrazoimena eta haraindiko munduaren ideala inposatu zituztelako. Balio horiek kristautasunak mantendu ditu. Haren ustez, ikuspegi horrek errealitatearen benetako izaera zapuzten du, bizitzaren kaosa eta dinamismoa ukatuz, eta mundu ideal bat goraipatuz.
3) Zientzia eta hizkuntzari buruzko kritika: Zientziak eta hizkuntzak ez dute errealitatea islatzen, baizik eta metafora amankomunen eta kontzeptu abstraktuen bidez errealitatearen interpretazioak eraikitzen dituzte, gizakiok errealitatea interpretatu, ulertu eta partekatzeko beharraren ondorioz. Nietzschek kritikatzen du horiek beti kultura eta gizartearen baldintzapean daudela, eta objektiboak izan nahi badute ere, bizitzaren osotasuna ezin dutela islatu.
Apoliniarra eta Dionisiarra: Oreka Haustura
Tragediaren jaiotza liburuan, Nietzscheren pentsamendua aurki daiteke; bertan, mendebaldeko kultura sortzeko baztertu diren balioen ikerketa egiten du. Mendebaldekoek arrazoimena eta balio transzendentalak lehenetsi dituztela argudiatzen du, ikuspegi irrazional eta emozionalen gainetik. Bizitzari buruzko ikuspegi arrazionala, beste ikuspegi batzuk ukatuz sortutako asmakizun kulturala dela adierazi nahi du. Filosofo metafisikoen aurretik, Greziako giza izaerak bi izpiritu zituela zioen. Biak batera baina borrokan zeudela, eta horrek oreka ekartzen zuela.
Bi Izpirituak: Apoliniarra eta Dionisiarra
Errealitatea osatzeko bi printzipio proposatu zituen:
- Dionisiarrak (Tragediaren jaiotza lanean, abesbatzak irudikatzen zuen, bizitzaren indarra gainditu ezina azaltzen zuen, bizitzak aurrera egiteko oinazea onartuz) kaosa, instintua, borondate irrazionala eta bizitzako kontraesanak bultzatzen zituen.
- Apoliniarrak, neurritasuna eta ordena adierazten zituen, bi horiek arrazoimenetik interpretatuz.
Oreka Haustura eta Mendebaldeko Krisia
Bi izpirituak orekan bizi ziren. Biek definitzen zuten bizitza, eta bizitzako oinaze eta alderdi tragikoei aurre egiteko balio zuten. Oinaze horiek bizitzea zen greziar aro tragikoko gizakiaren bizimodua. Ondorioz, bien arteko sintesi bat gertatu zen Grezia presokratikoan (aro tragikoa). Greziarrek ez zuten alderdi bat gailendu; bizitza baieztatu behar zen, alderdi arrazional eta irrazionalekin. Nietzscheren arabera, bi indarren oreka apurtu egin zen. Sen apoliniarra Dionisiarrari gainjarri zitzaion. Ondorioz, bizitza arrazionala soilik geratu zen, eta hor hasi zen mendebaldekoen krisia. Sokratesen eta Platonen ikuspegiek ikuspegi apoliniarra, ikuspegi arrazionala, nagusitu zuten, eta dionisiarra baztertu eta alderdi desatsegin gisa geratu zen. Sen apoliniarra ordezkatu duen alderdi arrazionala bihurtuko da errealitatea. Nietzscheren arabera, akats larria dena. Bizinahiaren aurrean arrazoimena gainjarriko baita. Ondorioz, ordena arrazional bat ezarri nahiak gizabanako teorikoaren garaipena ekarri zuen. Sokratesek zioen garaipenak platonismoan eta kristautasunean jarraituko zuela mendebaldeko historia osoan zehar.
Nihilismoa eta Balioen Transmutazioa
Nietzschek Jainkoaren heriotza aldarrikatzea beharrezkoa zela zioen, baina ez bakarrik modernitatearekin zaurituta geratu dena, baita bizitza menperatzeko Jainkoaren ordez lekua hartu dutenak ere (Arrazoia, Estatua, Zientzia). “Jainkoa hil da” esaldiak Jainkoaz gain, sentimenen haraindiko munduan oinarritzen diren balio moralak eta egia nagusiak ere bildu nahi ditu. Gizakiak Jainkoa hiltzean, zentzu transzendenteak ere hil ditu, fedea galdu baitu. Egia, egiazko mundua eta beste hainbat kategorierekin eman zaio munduari zentzua, baina azkenean, denak gezurrak dira. “Jainkoa hil da” esaldiarekin kritika erradikala egiten die erlijioari eta moralari, eta bizitza honetatik haratago dauden balio unibertsalei. Haren ustez, Jainkoa ez dagoela onartzen badugu, bizitzak ez duela inongo zentzurik suposatzea dakar, nihilismoa onartzera. Jainkoaren heriotzaren ondorioz, gizakia noraezean geratzen da, bere balioak eta bizitzaren zentzua galduta.
Nihilismo Pasiboa eta Aktiboa
Ondorioa nihilismoa zela zioen, hau da, balioen ukazioa. Jarrera horrek existentzia errealitatea ez dagoen ingurune batean oinarritu nahi du. Kontzeptu horrekin, Jainkoaren heriotzaren ondoren, gizakiak gizarteko kulturaren kontzientzia egin behar duela adierazten du. Bi esanahi ditu:
- Nihilismo pasiboa: Balio tradizionalak erortzean, botere-nahia txikitzen da; Jainkoaren heriotzak eta balioen ukazioaren kontzientziak antsietatea, desorientazioa eta etsipena dakar. Bizitzak zentzurik ez duela onartzeak existentzia jasanezina bilakatzen du.
- Nihilismo aktiboa: Jainkoaren heriotza onartuz eta balio zaharrak erortzean, nihilismo positiboak balio berriak sortzera eta bizitzari zentzua bilatzera bultzatzen du. Botere-nahiaren adierazpena da: suntsitzen ari dena sortzen ari da. Balio berriak sortzera bultzatzen gaitu, botere-nahiarekin lotuz.
Balioen transmutazioa balio zaharrak baztertuz eta bizitzari baietz esanez balio berriak sortzean datza. Gaingizakiak sormena eta indarra sustatuz gizarte indartsu bat eraikiko du, Jainkoari eta errealitate finkoei uko eginez, eta bizitzeko indarra ematen duten ideiak bultzatuz.
Nietzsche: Kristautasunaren Kritika eta Supergizakia
Kristautasuna “herritarren platonismoa” zela zioen, heriotza justifikatuz erru baten ondorioa dela esanez; horrekin, bizitzari lotutako eta bizitzaren alde dagoen guztia pekatu hartuz. Balioak artaldean nagusitzen diren sentimenduak dira. Nietzschek Platonen sentimenen munduaz haratago bizitza egoteari uko egiten dio. Bizitzari ezin diotenez aurre egin, “benetako munduaren ilusioa” sortu zuten. Mendebaldeko kulturak gizakia ahuldu eta bizitzatik urrundu du, artalde bihurtuz. Balio unibertsalek, erlijioa barne, indarra galdu dute, eta gizakia federik gabe geratu da. Nietzschek dio Jainkoa gizakiak hil duela, zentzu transzendenteak desagerraraziz eta gizakia galduta utziz. Ondorioz, balioen ukazioa (nihilismoa) sortzen da, bi esanahirekin: pasiboa eta aktiboa. Nihilismo aktiboak balioen transmutazioa eta bizitzarekiko fidela den morala sustatzen ditu, Supergizakira eramanez. Horrek esklaboen morala hautsi eta botere-nahiaren bidez bizitzari baiezkoa esango dio.
Izpirituen Transmutazioa: Gamelua, Lehoia eta Umea
Hala ere, supergizakira iristeko, izpirituen transmutazioa egin behar da: gamelu izatetik lehoi bihurtu, dragoiaren aurka borrokatu eta ume bihurtzeko.
- Gameluak: Esklabuen morala dira, lege moralarekiko sumisioa. Balio moralen pisuaren aurrean belaunikatzen dira. Hauek Jainkoaren esanetarako daude, bizitzaren betebeharra jarriz oinarrian.
- Lehoiak: Kulturaren balioen kontra (dragoia) egiten duten indar suntsitzaileak dira. Askatasuna nahi dute, lehenik balioak suntsituz (lehoiaren indarrez, Jainkoa hiltzeko). Balioak gezur hutsa direla ohartzeko indarra adieraziz. Bere patuaren jabe eta balioen transmutaziorako prestatuz.
- Umeak: Bizitza gozatzeko eta mundu berri bat eraikitzeko gai den gizakia irudikatzen du. Lehenengo hazi eta berriro hastea dakar, balio berriak osatuz. Lehoiak ez du indarrik balio berriak sortzeko; sormena umeen ezaugarria da. Nihilismo positiboaren eta botere-nahiaren irudikapena da. Balio berriak sortzeko indarrak gidatzen du. Hala ere, ez da supergizakia iritsi, baina iritsiko da (indartsuen garaia).
Supergizakia bizitzaren aldeko aldarria da. Bizitzaren alderdi dionisiarra lehenesten du, lurra eta gorputza maitatuz, eta alderdi apoliniarra bigarren mailan ezarriz.
Nietzschek bere burua ez-moraltzat du, gizarteko arauen eta balioen kontra baitago. Filosofoak dio izaera dionisiarra jarraituz beste lege batzuk sortu behar direla eta mendebaldekoak suntsitu behar direla. Nietzschek harro esaten du krudela dela, baina ez horregatik gaiztoa denik.