Nietzscheren Filosofia: Gaingizakia eta Betiereko Itzulera
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,23 KB
Gaingizakia
Jainkoa hilda, Gaingizakiaren aroa hasiko da. Jainkoa hil ondoren, gizakia nihilismoan erori da, baina Gaingizakia egoera hori gainditzeko gai izango da.
Gaingizakia ez da gizakia baino gehiago: bizia ukatzen duten balioak suntsitu egin behar zirela ulertuta, bere balio propioak asmatzeko gai den gizakia baizik.
Gaingizakia nihilismo sortzailearen emaitza da, erlijioak edo metafisikak eragiten duten beldurrari aurre egiteko gai den gizakia. Biziaren etengabeko bilakaera pentsatu eta bilakaera horri aurre egiteko gai den gizakia da. Bizia artista tragikoaren moduan bizi duen gizakia da Gaingizakia, sortzaile moduan bizitzeko gai den gizakia.
Jainkoaren heriotzaren ondorioak
Bi dira Jainkoaren heriotzaren ondorioak: bata negatiboa eta bestea positiboa.
Ondorio negatiboa
Ondorio negatiboa idealismoa eta transzendentzia desagertutakoan gizakiak paira dezakeen desorientazioa da. Gizakia noraezean gera daiteke, tristetuta, bizitzeko gogorik gabe; Jainkorik ezean, gizakiaren jarrera zapuztu egin daiteke, hutsala irudi baitakioke Jainkorik gabeko bizia.
Ondorio positiboa
Ondorio positiboa gizakia egoera berriaren aukera guztiez jabetzea, eta giza sormena guztiz garatzea izan daiteke. Hau da, gizakia beste mundurako zituen helburuak bizitza honetan gauzatzen saia daiteke. Jainkoa alde batera utzita eta ezerezean bizkar emanda, gizakia ere bera baino gehiago den beste gizaki bat sortzen saia daiteke, bizidun guztiek egiten duten moduan. Gaingizakia soilik da Betiereko Itzuleraren egia gordina ulertu eta onartzeko bezain indartsua.
Betiereko itzulera
Bizia behin eta berriz errepikatzen da, baita xehetasunik minimoena ere. Beti hasiera-puntura itzultzen den etengabeko joan-etorria da. Etorkizuna ez da inoiz berria izango, gertatzeko den guztia iraganean ere gertatu baita. Alferrikakoa da berria den ezer sortu nahi izatea, dena etengabe errepikatzen baldin bada, inoiz ez baita ezer berririk gertatuko. Hori dela eta, alferrikakoa litzateke Gaingizaki sortzeko saio oro. Iraganean jardun zen modu berean jardungo da beti gizakia orainean; horrela, Gaingizakiaren kontzeptua eta betiereko itzuleraren teoria kontraesanean daudela dirudi. Nietzscheren ustez, ez da iragana kontuan izan behar dena, etorkizuna baizik; orainean jarduteko modua da etorkizuna nolakoa izango den erabakitzen duena. Dena etengabe errepikatzen denez gero, orain hartutako erabakiek etorkizunean etengabe errepikatuko diren jokabideak determinatuko dituzte.
Betiereko itzuleraren teoriak ez du onartzen Jainkoa existitzen denik. Etengabe gauza berriak gertatuko balira, pentsatu beharko litzateke gertakari guztiak helburu baterantz zuzenduta daudela, eta, ondorioz, Jainkoak bai izango luke leku bat historian. Mundua dena besterik ez da, eta ez dago beste mundu transzendente baterako ihesbiderik. Mundua den bezala onartu behar da, eta mundu honetako biziak eskaintzen dituen aukera guztiak garatu behar direla. Bizia den bezalakoa dela onartu behar da, eta etorkizunari indarrez aurre egin behar zaio. Nietzschek ez zuen era sistematiko eta zehatzean garatu ikuspegi hori. Kontzeptu filosofikoak ez dira aski hori guztia azaltzeko, arrazoimenaren bidez azal daitekeenaren mugan baitago.