Nietzscheren Filosofia: Kontzeptu Nagusiak

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,33 KB

Botere nahia

Botere nahia bizitzeko grina da, bizidunak ezaugarritzen dituen sen bitala: helburu gisa, boterea duten bulkaden multzoa. Botere nahia bizitzaren zerizana da eta supergizakiarengan mamitzen da; honengan, botere nahia borondate bihurtzen delako, sortzeko borondate: balio berriak sortzeko (eta zaharrak suntsitzeko).

Bizitza

Honen oinarria botere nahia (indarra, boterea) da. Nietzscheren ustez, bizitzan ez dago ezer absoluturik, baina bizitza gauza guztiak baloratzeko erreferentzia da: egiazkoa eta ona bizitzari laguntzen diona da. Bizitza da errealitate bakarra, eta bizitzan kontrakoen arteko borroka gertatzen da. Gainera, Nietzschek bizitza era irrazionalean ulertzen du (ezin da arrazoiaren bidez ulertu).

Balioen transmutazioa

Nietzscheren formula balio dekadente eta antibitalak gainditzeko. Balioen transmutazioak hau esan nahi du:

  • Gezur metafisikoaren salaketa (bizitza ezin da era arrazionalean ulertu).
  • Gezur metafisikoa gainditzea, mundu lurtarraren goreneko baieztapenaren eta balio berriak sortzearen bidez.

Dekadentzia

Bizitzari oztopatzen dion guztia da. Nietzscheren ustez, dekadentzia ahultasunaren eta gaixotasunaren sintoma da (dekadentziak bizitza beherantz darama, ez gorantz). Nietzschek moral kristaua eta gizaki zintzoa kritikatu zituen:

  • Moral kristaua dekadentea da, balio dekadenteak sortzen dituelako eta sen bitalak akabatu nahi dituelako.
  • Gizaki zintzoa dekadentea da, gaixoa eta ahula delako bizitzaren erronkan.

Dogmatismoa

Nietzschek metafisika, moral eta erlijioari leporatzen dien berezitasuna da. Honetan datza: balio absolutu eta unibertsalak ezartzean (egia, ongia, jainkoa). Dogmatismoa Nietzschek duen bizitzaren ikuskera dinamikoari kontrajartzen zaio.

Erlijioa

Jainko transendentearenganako sinesmen gisa hartuta, erlijioak eta filosofia platonikoak gezur metafisiko berbera defendatzen dute: beste mundu bat (zerutiarra, asmatutakoa) dagoela, benetako mundua gutxiesteko. Erlijioa beldurretik sortzen da eta esklaboen balioekin predikatzen du (obedientzia, etsipena). Bekatuaren bidez, erlijioak bizitzaren eta senen kontrako erasoa egiten du.

Entradas relacionadas: