Nietzscheren Filosofia: Kritika, Bitalismoa eta Kontzeptuak

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 15,84 KB

Mendebaldeko Zibilizazioaren Kritika eta Bitalismoa

Nietzschek Mendebaldeko kultura kritikatzen du. Bere arabera, zientziak, filosofiak eta erlijioak galbidera eraman dute gizakia eta giza bizitza pozoitu dute. Iruzur hori Sokratesen pentsamenduarekin hasten da, baina metafisikaren asmatzailerik garrantzitsuena Platon da. Bere errorerik iraunkorrena: pentsatzea benetan balio duena beste mundu batetik datorrela, hau da, ezin dela mundu honetakoa izan. Nietzscheren iritziz, bizitzari, aniztasunari eta aldaketari zieten beldurra da jarrera honen kausa. Dualismo hau kristautasunak areagotu egingo du: bizitza malkoen harana da eta kristauen aberria zerua da. Filosofoak ez daude gustura mundu materialarekin, eta mundu materialaz haratago dagoen beste mundu bat eraiki dute.

Nietzschek arrazionalismoa eta metafisika ere kritikatu zituen, pentsamenduak, kontzeptuen bidez, errealitatea desitxuratu egiten duela argudiatuz. Nietzscheren ustez, jaiotza eta heriotza ezin dira filosofiaren edo zientziaren kontzeptuen bidez hauteman. Aitzitik, biziaren benetako funtsa estetikoa da, tragikoa. Sentimenduak, intuizioa eta irudimena ere beharrezkoak dira.

Nietzscheren mezua, aldiz, bizitza honen erabateko baieztapena da, bere alde irrazionala ere. Bitalismo hori ulertzeko, Schopenhauer aipatu behar da. Schopenhauerentzat, bizitza irrazionaltasun hutsa da. Gizakiaren aurrerabidean ez dago zentzurik ez helbururik, ez inolako babes absoluturik (Jainkoa). Funtsean, bakarrik gaude bizitzaren irrazionaltasunaren aurrean. Gainera, bizitza asetu gabeko etengabeko desioa da, eta, hortaz, bizitza mina da.

Nietzschek Schopenhauerrekin duen adostasuna ez da erabatekoa; izan ere, Nietzscherentzat ikusmoldea guztiz baikorra izango da: desioa, nahimena eta antsia ez dira ezabatu behar, baizik eta ahalik eta gehien indartu eta garatu. Horrek sufrimenduak eta poztasunak ekarriko baditu ere.

Nietzscheren mezua alaia da: bizitza onartu bera den legez, bere alde irrazionala eta kaotikoa ere; aske izan eta aske gozatu bere ezaugarri guztiekin, eta zure bizi-balioak sortu.

Apollineoa eta Dionisiakoa

Nietzsche oso interesatua zegoen antzinako Grezian eta bere kulturan; ondo ezagutzen zuen, baita miretsi ere. Grezian, Apolo eta Dioniso oso jainko garrantzitsuak dira. Nietzschek bi jainko hauek erabiltzen ditu, zentzu sinbolikoan. Izaera apolineoa eta dionisiakoa, biak batera, dira Nietzscherentzat Grezia Handia ondoen adierazten dutenak.

Dioniso biziaren eta jokabide irrazionalaren sinboloa da, eta Apolo, aldiz, formarena eta jardun arrazionalarena. Dioniso desenfrenua irudikatzen du, gauaren eta sexu-irrikaren jainko baita; Apolo, berriz, argiaren eta neurriaren jainkoa da. Greziarrentzat gaztetasuna, edertasuna, poesia... sinbolizatzen zituen. Nietzscheren ustez, argia, proportzioa, oreka, indibidualtasuna, arrazionaltasuna eta harmoniaren jainkoa ere bazen.

Ohiko interpretazioaren arabera, Greziar kulturaren handitasuna bere izaera apolineoan oinarritzen zen. Nietzscheren ustez, berriz, Sokrates-Platonen aurreko Grezian, apolineoari izpiritu dionisiakoa kontrajartzen zaio. Nietzscherentzat, antzinako greziarren handitasuna honetan datza: bizitzaren alderdi dionisiakoa ez ezkutatzean. Bizitza den bezala onartzea, bere zentzu bikoitzean, apolineoan eta dionisiakoan, alderdi bat gaiztotzat hartu gabe.

"Sokrates-Platonen iruzurra" honetan datza: alderdi dionisiakoa ezabatzean, mundua bakarrik apolineoa balitz bezala antzeztea. Ez ziren ausartu bizitzaren alderdi irrazional hori onartzen. Nietzscheren ustez, hori biziaren alderdi dionisiakoari uko egitea litzateke, senari uko egitea. Alegia, arrazionalismoak dio badirela egia objektiboak, eta arrazoimenaren bidez soilik hauteman daitezkeela egia horiek. Aldiz, Nietzscheren aburuz, ez dago egia objektiborik. Arrazoimena helburu zehatzak lortzeko tresna da: bizian aurrera egiteko, besterik ez. Mundua eta bizitza aldakor eta kaotikoak ezin dira kontzeptuen bidez azaldu. Beraz, Apolo eta Dioniso, bien arteko kontrajartzea nabarmena da, baina, Nietzscheren iritziz, bata ez da posible bestea gabe; hau da: biziaren ikuspegi dionisiakoa eta ikuspegi apolineoa osagarriak dira.

Botere-Nahia eta Betiereko Itzulera

Botere-Nahia

Nietzscheren arabera, mundua etengabe aldatzen ari den zerbait da, munduan ez dago ordenarik; ez dago gauzen etengabeko fluxua edo aldaketa mugatzen, arautzen edo kontrolatzen duen neurri edo arrazoirik. Izatearen funtsa botere-nahia da, eta botere-nahia etengabeko bilakaera da, etengabeko sorkuntza eta suntsipena. Mundua, beraz, indarren arteko borrokalekua da: askatasuna, edozer izateko indarra edo gaitasuna.

Gizakia ere botere-nahiaren emaitza da, indarren arteko borroka horren emaitza bat baino ez da, eta, ondorioz, gizakia ere indarra eta gaitasuna da. Nietzsche berdintasunaren kontrakoa da; bere ustez, zenbat eta sendoagoa botere-nahia, orduan eta handiagoa izango da gizabanakoen arteko desberdintasuna.

Ezagumena botere-nahiaren beste baliabideetako bat da; jakinmina eta kuriositatea botere-nahiaren menpeko dira. Ezagumenaren helburua ez da egia absolutura heltzea, natura menderatzea baizik. Egia, zerbait izatekotan, etengabe aldatzen ari den zerbait litzateke. Horregatik, balio-sortzaile nagusia botere-nahia izan behar dela aldarrikatu zuen Nietzschek.

Betiereko Itzulera

Betiereko itzuleraren teoriaren arabera, bizia behin eta berriz errepikatzen da. Hori da biziaren ezaugarririk behinena. Beraz, Nietzscheren ustez, gertatzen den guztia lehenago ere gertatu den zerbait da beti.

Hori dela eta, alferrikakoa litzateke Gaingizakia sortzeko saio oro. Alabaina, Nietzschek dio ez dela iragana kontuan hartu behar dena, etorkizuna baizik. Dena errepikatzen bada, orainean jarduteko eta bizitzeko modua etorkizunean etengabe errepikatuko da; beraz, dena egia da. Mundua den bezala onartu behar dela, aukera guztiak garatu behar direla. "Amor fati" (zure patua onartzea, maitatzea) formularen adierazpenik argiena, Nietzscheren bitalismoaren beste lekukotasun nabaria. "Beraz, bizitza hau zen?" heriotzari esango diot: "Aurrera berriro ere!"

Dena den, Nietzschek ez zuen era sistematiko eta zehatzean garatu ikuspegi hori. Kontzeptu filosofikoak ez dira aski hori guztia azaltzeko, arrazoimenaren bidez azal daitekeenaren mugan baitago.

Nihilismoa eta Balioen Transmutazioa

Nihilismo terminoak "ezer ez" esan nahi du, eta hainbat esanahi ditu Nietzscheren filosofian.

Alde batetik, biziari ihes egitea adierazten du, bizi erreal eta sentikorrari bizkar ematea. Gizaki guztiak ez dira biziak dakartzan sufrimendu eta pasioak jasateko gai, ezta heriotzarekin amaitzen den sormenaren eta suntsipenaren arteko tentsioa jasateko ere. Horregatik, gizakiak sufrimendurik eta heriotzarik gabeko babeslekuak asmatu ditu (beste mundua). Jokabide nihilista da, bizi erreala eta sentikorra gutxietsi, eta existitzen ez den beste mundua goraipatzen duelako. Nihilismo hori negatiboa da, biziaren berezko balioen kontrakoa.

Jainkoaren heriotzak jarrera nihilistak indartu ditu. Jainkoa hilda, ordura arte sakratuak izan diren balioen gainbehera gertatu da. Jainkoaganako fedea galduta, balio etiko eta aldaezinetan zuen fedea ere galdu du gizakiak, eta nondik datorren eta nora doan ez jakiteak nihilismora eraman du gizakia. Jainkoa hilda, gizakiak ez daki zein den bere egitekoa munduan, etsipena sortuz. Jainkoagan eta beste mundu batean sinestea ziren giza biziari zentzua ematen ziotenak, baina horiek galduta, gizaki modernoa etsipenean jausi da.

Nihilismoak badu alderdi positibo bat (nihilismo aktiboa), nihilismo pasiboak sortutako balioen sistema suntsitzea helburu duena. Nihilismo positiboa espiritu indartsuen nihilismoa da, eta gizakia sendabidean jartzen du, balio guztien transmutazioa baitu helburu. Biziaren kontrakoak diren balioak (apaltasuna, erresignazioa, sakrifikatzea, sumisioa, etab.) baztertu, eta biziarekin bat datozen balioak sortzeko aukera ematen dio gizakiari. Jainkoaren heriotzaren ondoren, edozer zaio zilegi gizakiari, eta, egoera horretan, gizakiak balio propioak sor ditzake. Hau da, Jainkoaren heriotzak balioen transmutazioa burutzeko aukera eskaintzen du, eta hori gertatu ondoren, balio positiboak nagusituko dira, biziaren aldeko balioak.

Kristautasunaren Kritika, Jainkoaren Heriotza eta Gaingizakia

Kristautasunaren Kritika

Nietzscheren aburuz, erlijioa beldurretik sortzen da eta inoiz ez du egia esan. Izan ere, erlijioak mundu ideal baten asmakuntzarekin mundu erreal bakarra mespretxatzen du. Erlijio guztiak ahulen erlijio dira; erlijioen balioak beheko klaseen balioak dira, eta, ondorioz, zibilizazioaren garapenerako oztopo dira, artaldearen eta esklabuen morala (umiltasuna, etsipena, etab.) inposatu nahi dutelako.

Moral motak: Jaunen eta Esklabuen Morala

Jaunen morala, aldiz, boterea eta indarra erabiltzen duten liderren morala da, nagusi direnen morala. Esklabuen moralak bizia ahultzen du eta berdintasuna du oinarri; jaunenak, aldiz, bizia indartzen du eta desberdintasuna, hierarkia, harrotasuna eta nagusitasuna ditu oinarri. Jaunen moralaren arabera, biziaren jatorrizko bertuteak garatzen laguntzen duena da ona. Nietzscheren ustez, balioak sortzeko bizia nolakoa den kontuan izan behar da.

Indarkeria erabiltzeko irrika da artaldearen moralak debekatutako eta erreprimitutako grinetako bat, eta horretarako beste mundu bat dagoelako ideia faltsua zabaldu du. Bekatuaren ideia beldurtzeko amarru bat da, sumisoak eta obedienteak izateko; bekatu egiteko beldurrak biziaren idealak kaltetzen ditu, eta balioak pozoitu egiten ditu.

Jainkoaren Heriotza

Beraz, Jainkoa biziaren kontra dago. Nietzscheren ustez, ateismoa da espirituaren indarra, askatasuna eta independentzia bermatzeko bide bakarra. Nietzschek Jainkoaren heriotza aldarrikatu zuen, eta historiako gertakari nagusitzat aurkeztu zuen. Baina, Nietzschek dioenez, Jainkoaren heriotzak utzitako hutsunea beste "jainko" batzuekin —demokrazia edo sozialismo, adibidez— ordezkatu du gizaki modernoak, eta hori guztiari uko egin zion Nietzschek.

Hala ere, Jainkoa hilda, balio absolutu guztiak eta lege moral objektiboa suntsitu egingo dira lehenago edo geroago. Jainkoa hilda, gizakiak ez ditu haren agindu eta arauak bete behar.

Gaingizakia

Jainkoa hilda, Gaingizakiaren aroa hasiko da. Gaingizakia ez da gizakia baino gehiago: bizia ukatzen duten balioak suntsitu egin behar zirela ulertuta, bere balio propioak asmatzeko gai den gizakia baizik. Nietzscheren hitzetan, bizia artista tragikoaren moduan bizi duen gizakia da, sortzaile moduan bizitzeko gai den gizakia.

Jainkoaren heriotzaren ondorio negatiboa idealismoa eta transzendentzia desagertutakoan gizakiak paira dezakeen desorientazioa da. Positiboa, berriz, gizakia egoera berriaren aukera guztiz jabetzea, eta giza sormena guztiz garatzea. Gizakia ere bera baino gehiago den beste gizaki bat sortzen saia daiteke. Hau da, Jainkoaren heriotzaren ondorioetako bat nihilismoa izango da eta bestea Gaingizakia etortzea: artista, harroa, balio propioak sortzen dituena eta bizitzari baietz esaten diona. Halaber, Gaingizakia soilik da Betiereko Itzuleraren egia gordina ulertu eta onartzeko bezain indartsua.

Marx eta Erlijio Alienazioa

Nietzsche eta Marx ateoak dira, eta erlijioaren aurka gogor jotzen dute. Nietzscherentzat, erlijioa indartsuen aurkako ahulen matxinada da, eta ahulen balioak goresten ditu. Erlijioa indartsuez nolabait mendeku hartzeko ahulen trikimailua litzateke (ikuskera morala). Marxentzat, berriz, erlijioa klase menperatzailearen asmakizuna da klase menperatua uztarpean edukitzeko, herri xehearen iraultza geldiarazteko (ikuskera sozio-ekonomikoa).

Alienazioaren Kontzeptua Marxen Filosofian

Marxen filosofiaren kontzeptu garrantzitsuetako bat alienazioaren kontzeptua da. Marxen arabera, gizaki bat alienatzea gizaki horrek norbera izateari uztea eta beste zerbait bilakatzea da. Gizakia alienatuta dago sinesten duen horretan bere burua islatuta ikusten ez duenean. Gizakiak norbera izateari uzten dio; arrotz bilakatzen da. Are gehiago, gizaki alienatuak ez daki alienatuta dagoela, egoera naturaltzat hartzen baitu berea. Marxek hainbat alienazio-mota bereizi eta aztertu zituen, baina guztien jatorrian alienazio ekonomikoa dagoela azaldu zuen.

Ideologiak eta Erlijio Alienazioa

Marxen aburuz, ideologiak gizarte-talde baten adierazpenak dira: gizarte-taldeen ideien multzoa edo sinesmen-sistema. Baina ideologia beti adierazpen deformatua da, errealitatearen beste alderdi batzuk ezkutatzen baitu. Ideologiek fikzioko errealitatea sortzen dute; baina fikziozko errealitate hori benetakotzat hartu ohi da.

Horren ondorioz, ideologiak alienaziorako tresna dira; klase nagusiek ideologiak erabiltzen dituzte klase zapalduak menperatuta edukitzeko. Ideologien helburua da naturak edo Jainkoak inposatutako zerbait dela sinestaraztea.

Hortaz, erlijioa alienaziorako tresna da, garrantzitsua gainera. Erlijioek mundu materialaz gaindiko beste mundu bat dagoelako ustea zabaltzen dute, eta, hori sinetsita, gizakiek justizia mundu honetan bilatzeari uko egiten diote, mundu honetan falta dutena beste munduan aurkituko dutelako esperantzan. Horrela, mundu erreala eraldatu beharrean, gizakiak bere esperantza osoa jartzen du alegiazko mundu batean, mundu errealean injustizia nagusitzen den bitartean.

XX. Mendeko Pentsamenduaren Oinarriak: Marx, Nietzsche, Freud, Darwin

Paul Ricoeur filosofoak susmoaren maisutzat hartu zituen Karl Marx (1818-1883), Friedrich Nietzsche eta Sigmund Freud (1856-1939); hiru autoreok eztabaidan jarri baitzituzten Mendebaldean sakon errotutako zenbait ideia eta balio. Hirurek gizarteari buruzko ikuspegi kritikoak garatu zituzten, eta, ondorioz, jarrera kritiko honen ordezkaritzat hartu izan dituzte.

Karl Marx

Marxen materialismo historikoaren arabera, giza historia ekonomiaren legeen araberakoa da, eta gizartearen egitura ekonomiak determinatzen du. Horrek esan nahi du artea, politika, filosofia, ideologiak, erlijioa, etab. azpiegitura ekonomikoaren ondorio direla. Hortaz, Marxena filosofia praktiko eta iraultzailea da, klaserik gabeko gizartea lortzeko, proletarioek kapitalisten aurkako iraultza egin behar dutela aldarrikatzen duen filosofia.

Friedrich Nietzsche

Nietzschek gizadia oker ibili izanaren zalantza agertu zuen, eta bereziki kritikoa izan zen gizarte modernoaren moralarekin, dekadentetzat eta biziaren kontrakotzat jotzen baitzuen. Arrazoimenaren nagusitasuna ere ezbaian jarri zuen, eta, ondorioz, filosofiak Platonez geroztik egindako bidea gogor kritikatu zuen. Nietzscheren ustez, sozialismo edo komunismoaren berdinzaletasuna zatarra da, filosofia herrikoia, dekadentzia eta artaldearen erresumina baino aintzat hartzen ez dituena.

Sigmund Freud

Freuden pentsamenduaren alderdi askok interes filosofiko handia dute, eta eragin handia izan dute XX. mendeko pentsamenduan. Bereziki, Freudek zalantzan jarri zuen giza jokabidearen arrazionaltasuna. Freuden arabera, gure jokabidea ezkutuan dauden bulkada irrazionalek determinatzen dute. Eros eta Thanatos, bizi-bulkada edo sexu-grina eta horri kontrajartzen zaion heriotz-bulkada, dira, Freuden iritziz, giza jokabidean eragin gehien duten faktoreak.

Charles Darwin

Darwinek hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren bidez azaldu zuen bizidunen jatorria, gizakiarena barne; hau da, gizakiari buruzko ikuspegi materialista eta eboluzionista proposatu zuen. Ikuspegi horrek onartezin egin zuen ordura arteko ikuspegi nagusia, gizakia kreazioaren gailurra zelako ikuspegia, alegia.

Laburpena

Beraz, laburbilduz, Marxek giza pentsamendua eta gizartearen egitura ekonomiak determinatzen dituela defendatu zuen; Nietzschek moraltasuna eta arrazoiaren nagusigoa kritikatu zituen; Freudek giza jokabidearen arrazionaltasuna ezbaian jarri zuen; eta Darwinek gizakia gainerako bizidunekin berdindu eta hura kreazioaren gailurra zenik ukatu zuen.

Entradas relacionadas: