Nietzscheren Kontzeptu Filosofiko Nagusiak

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,23 KB

Gezurra

Mendebaldeko kultura kutsatzen duen faltsukeria metafisikoen multzoa da. Hutsegite honen jatorria bizitzari uko egiteak dakar. Gizakiak bere burua engainatzen du, bizitzaren funtsa, zentzua eta zerizana mundu idealean kokatzen dituelako. Gezurrezkotasuna gizaki koldar eta ahulek sortu eta gidatzen dute. Platonek bi munduen arteko bereizketa egiten duenean, erlijio judu-kristauak bikoizkeria bera egiten du, ongiaren kontzeptua Jainkoarengan pertsonifikatzean. Akatsa berdina da: mundu erreal eta sentigarria itxuratzat hartzea, eta mundu iraunkor eta absolutu ideala sortzea.

Egia

Pasarte honetan, gezur metafisikoari kontrajartzeko erabiltzen du Nietzschek egia hitza, eta alde horretatik, egia sentigarriarekin parekatzen du. Nietzscherentzat, egia, balio moralen arloan, ez da absolutua, eta bizitzarentzat baliagarria den heinean soilik mintza gaitezke egiaz. Egia subjektibo eta borondatezko bihurtzen da Nietzscheren filosofian, gizakiak bere botere-nahitik sortua, nork bere burua gainditu eta errealitatea kontrolatzera bideratua.

Balioen Transmutazioa

Nietzschek aldarrikatzen duen gizadi berriaren eginkizuna da. Balioen transmutazioaren bidez, gezurra egia bihurtzen du Nietzschek, eta alderantziz; halaber, ongia gaizki bihurtzen du, eta alderantziz. Nolanahi ere, balioen transmutazioa ez da balio tradizionalak ordezkatzen dituzten balio berriak ezartzea, balioespenak sortzeko era berri bat baizik. Nietzschek gizakia defendatzen du, bizitza hutsean oinarriturik, ongiaren eta gaizkiaren sortzaile izan dadin. Balioen transmutazioa Jainkoaren heriotza gainditu duen eta bere burua baieztatzen duen supergizakiaren egitekoa da.

Arima

Pentsamendu magikoan, bizidunen biziaren eta mugimenduaren printzipioa da, eta gainera, gorputzetik kanpo topa dezakegun gizakiari dagozkion ezaugarri garrantzitsuena da. Arima hilezkorra da eta gorputz hilkorrari estekaturik dago. Nietzschek dioenez, arima asmakeria hutsa da, zeren eta gorputzaren kontra baitoa. Gorputza benetakoa da, eta arima goraipatzean gorputza erreprimitzen da, bere desioak ezerezean gelditzen dira. Arima ahulen asmakizuna da, mundu errealetik ihes egiteko.

Bizitza

Nietzscheren arabera, bizitza aginte-nahian funtsatzen da. Bizitza Macht (indarra, boterea) da: hots, aldakuntza eta eragozpenen aurkako borroka, zentzu erlatiboan. Bizitzan ez dago ezer absoluturik, baina bizitza gauza guztiak balioesteko erreferentzia da: bizitzari laguntzen diona egiazkoa eta ona da.

Bizitza errealitate bakar eta funtsezkoena da. Nietzscheren bizitza etengabeko jarioa da. Azkenik, Nietzschek bere osotasunean erabiltzen du bizitzaren kontzeptua: bizitzaren zenbait alderdi garrantzitsu guztiz irrazionalak direla, eta ondorioz, bizitza ezin dela mekanismo eta kategoria arrazionaletatik ulertu.

Jainkoa

Asmakizun metafisiko faltsua da. Ahulek, bizitza den bezala onartzeko gai ez direnak, asmatu zuten, mundu honetatik ihes egiteko. Nietzschek Jainkoaren heriotza aldarrikatzen du. Bere ustez, Jainkoa hiltzean gizakia galduta sentituko da, baina aldi berean libre, ez baitu bere arau eta aginduak bete behar. Nietzschek dio Jainkoa hiltzean beste jainko faltsuekin ordezkatua izango dela, eta hori guztiari uko egiten diola.

Entradas relacionadas: