Nietzscheren Nihilismoa eta Balioen Transmutazioa

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,68 KB

Nihilismoa: Jainkoaren Heriotzaren Ondorioa

Nihilismoa Jainkoaren heriotzaren ondorio bat da, gure mendebaldeko kulturaren historiaren emaitza. Nihilismoak esan nahi du ordura arte zeuden baloreak, gizakiari eusten eta argibidea ematen ziotenak, bertan behera geratu direla. Balore-krisia adierazten du, historiaren gertakariek helbururik ez dutela ohartzean sortzen den etsipenak bultzatua. Gizakia munduak azalpenik ez duela ohartzen da eta kale gorrian bezala geratzen da.

Nondik datorren eta nora doan jakin gabe, mundura jaurtia izan delako usteak gizakia nihilismorantz bultzatzen du. Gizatasunak munduan duen egitekoa edota funtzioa jakin gabe, mundua ezerezean geratu denez gero, aterperik gabe geratu da giza taldea. Mundu transzendentea zen gizakiaren bizitzari zentzua ematen ziona eta, orain, honen hutsuneak itxaropena galarazten dio gizaki modernoari. Aurreko kulturaren idealak desagertzen diren neurrian, nihilismoa agertzen joango da, balore zaharkituen hondamendia bizkortuz eta areagotuz.

Balioen Transmutazioa eta Gain-gizona

Balore-krisi hori garaitu ostean historiaren fase berri bat etorriko da datozen bi mendeetan, gizakiaren erabateko eraldaketa, goitik beherakoa, suertatzen denean. Balore guztien eraldaketaren ostean, garailearen morala, gain-gizonaren morala eta botere-nahia nagusituko dira (botere-nahia bera da balore zaharkitu horiek deuseztatzen dituena). Une horretan, nork bereari eutsiko dio, guztion gainetik eta guztion aurka bada ere. Gizaki bakoitzak gizabanako gisa jokatuko du, askatasun osoz.

Mendebaldeko kulturan indarrean egon diren baloreak (morroien morala) kaltegarriak dira, bizitzaren aurkakoak. Jaunen morala ezarri behar da, bizitzaren aldeko balioez osatua. Honi balioen transmutazioa deitzen zaio.

Moralaren Genealogia: Jaunak eta Morroiak

Nietzschek genealogiaren metodoa (psikologoarena) erabiltzen du balioen sorrera eta transmutazioa aztertzeko. Lehen emaitza bi moral moten aurkikuntza da: jaunen morala eta morroien morala.

Hizkuntza orotan aurkitzen du ondoko identifikazioa: ona = noblea = boteretsua = zoriontsua = jainkoek bedeinkatua. Edozein kulturaren hastapenetan, boteretsua da gauzak izendatu eta definizioak ezartzeko ahalmena duena. Beraz, bi moral mota bereizten ditu:

  • Jaunen morala: "Ona" hitzak indartsua, menderatzailea eta harroa esan nahi du.
  • Morroien morala: "Gaiztoa" hitzak, aldiz, arrunta, umila, gezurtia eta mendekaria esan nahi du.

Entradas relacionadas: