Nutriente motak: makronutrienteak eta mikronutrienteak
Clasificado en Biología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,46 KB
Makronutrienteak
Makronutrienteak edo mantenugai energetikoak organismoari behar duen energia ematen diote jarduerak egiteko. Hauek dira: karbohidratoak (azukreak edo gluzidoak), koipeak (lipidoak) eta proteinak.
Karbohidratoak
Energia iturriak dira, funtzio energetikoa dute. Bi mota bereizten dira:
- Xurgapen azkarrekoak: berehala odolera pasatzen dira, uretan disolbagarriak dira. Adibidez: azukrea, eztia.
- Xurgapen motelekoak: digestioa izan ondoren odolera pasatzen dira, ez dira uretan disolbagarriak. Adibidez: zerealak, barazkiak, pasta, patatak.
Gantzak edo lipidoak
Funtsezko zeregina dute gorputzean: energia bildu eta erreserba osatzea, ehun adiposoa eratuz. Ez direnez uretan disolbatzen, ez da erraza pixarekin kanporatzea. Koipe gehiegi hartzea kaltegarria da, obesitatea eragin dezake. Lau mota daude:
- Gantz aseak: kolesterola igotzen dute gehiegi janez. Adibidez: txerri-, arkume- eta idi-haragietan aurkitzen dira.
- Gantz monoasegabeak: ez dute kolesterola gehitzen eta arteriak eta zainak zaintzen dituzte. Adibidez: oliba-olioa.
- Gantz poliasegabeak: kolesterola murrizten dute. Garrantzitsuak dira hazteko. Adibidez: arrain urdinak.
- Gantz hidrogenatuak edo transgantzak: olioa transgantza bihurtzen da. Oso txarrak dira. Adibidez: bolleria.
Proteinak
Eraketa-osagaiak dira, eta ezinbestekoak funtsezko jardueretarako, hala nola garunaren funtzionamendurako eta defentsak osatzeko. Funtzio plastiko eta indargarria dute; gabe ezin gara hazi. Aminoazidoak proteinen oinarrizko osagaiak dira, eta elkartu egiten dira proteina-molekula handiak eta askotarikoak sortzeko. Bi mota daude:
- Esentzialak: ezinbestekoak dira, baina gorputzak ez dituenez fabrikatzen, dietaren bidez hartu behar ditugu.
- Ez-esentzialak: nahitaezkoak dira, eta organismoa gai da bere beharrak asetzeko adinako kantitatean sintetizatzeko.
Adibidez: haragia eta esnea.
Mikronutrienteak
Mikronutrienteak edo mantenugai ez-energetikoak makronutrienteek ematen duten energia organismoak behar duen bizi-energia bihurtzen dute. Horien artean ditugu gatz mineralak eta bitaminak.
Bitaminak
Elikagaietan dauden gai organikoak dira; oso kantitate txikian behar ditugu. Ez dute ez energiarik ez kaloriarik ematen, baina ezinbestekoak dira osasun-maila ona garatu eta izateko. Zelulen funtzio batzuk erregulatzea dute zeregin nagusia; bitamina-faltak asaldura larriak eragin ditzake. Bi mota daude:
- Hidrosolbagarriak edo uretan disolbatzen direnak: organismoak ez ditu gordetzen; soberan dagoen kopurua pixaren bidez kanporatzen da. Adibidez: C, B1, B2.
- Liposolbagarriak edo koipetan disolbatzen direnak: organismoan gordetzen dira, ezin direlako pixaren bidez kanporatu. Dietaren bidez sartu behar dira organismoan, gorputzak ezin dituelako fabrikatu. Gehiegi hartuz gero, toxikoak izan daitezke. Adibidez: A, D, E eta K.
Gatz mineralak
Ezinbestekoak dira giza gorputzak ondo funtzionatzeko. Funtzio erregulatzaileak eta plastikoak dituzte; kaltzioak, adibidez. Osagai ez-organikoak dira. Hona hemen mineral-faltaren gaixotasunik ohikoenak: hezurren deskaltzifikazioa, hortzetako kariesa, bozioa eta abar.
Ura
Gai konposatua da, ezinbestekoa bizi ahal izateko. Pertsona heldu baten pisuaren erdia baino gehiago ura da. Egunean 2.500 ml ur galtzen ditugu; horregatik da beharrezkoa ura ere hartzea, organismoaren ur-orekari eusteko.