Ongintza Publikoa Espainian: Historia eta Bilakaera

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,04 KB

Ongintza Publikoa Espainiako Estatuan

Ongintza Publikoaren Hasiera

XIX. mendearen erdialdean, Europan lehenago gertaturiko aldaketek bultzatuta, Espainiako Estatua, apurka-apurka, gero eta protagonismo handiagoa hartzen hasi zen ongintza arloan, Elizaren kaltetan. Garai hartan sumatzen zen jadanik egun arte iraun duen Espainiako ongizate sistemaren bereizgarririk bereizgarriena: Europarekin alderatuta, Espainiako Estatua beti ibili da berandu; askoz geroago ezarri du ongizate sistema publikoa, eta horren estaldura edo hedadura urriagoa izan da beti.

Lehenago esan dugunez, XIX. mendean Estatua hasi zen ongizatearen ardura bere gain hartzen. Horrek aldaketa handia ekarri zuen, ordura arte gobernuek ez baitzuten uste eurei zegokiela herritarrak artatzea. Hala ere, une horretan hartu zuten erantzukizuna teorikoa baino ez zen izan, izan ere, praktikan, Estatuak ez baitzituen bermatzen premiak asetzeko behar ziren baliabideak.

Mendea aurreratu ahala, industrializazioak sortutako arazoak larriagotuz joan ziren: landan bizi zen jende asko eta asko hirietara aldatu zen, eta hirietan pobrezia eta erromeskeria nagusitu ziren. Testuinguru hartan, babes-neurriak hartzen hasi ziren. Horrela, mende horretan ongizateari buruzko lehenengo legeak atera zituzten; Ongizatearen Lege Orokorra (1848), esaterako. Bertan, pobreziari buruz zegoen iritzia argi eta garbi ikus dezakegu: pertsona batzuek premia dute lan egiteko gai ez direlako; beste batzuek, ordea, lan egin nahi ez dutelako. Lehen haiek laguntza behar dute, baina bigarrenak alfer hutsak dira, eta ez dute laguntzarik merezi. Jakingarria da, bestalde, 1848ko lege hark emakumeaz zerabilen ikuspegia, pobreen taldean sartzen baitzuten (haurdunaldian eta haziera garaian, batik bat).

II. Errepublika eta Ongizatea

II. Errepublikak ongizateaz aldarrikatzen zuena oso interesgarria da, baina Gerra Zibilak (1936) eta ondorengo frankismoak bertan behera utzi zuten hura guztia. II. Errepublikako mugimendu sozialek uste zuten hezkuntzak ekarriko zizkiola justizia eta oreka gizarteari, hezkuntzak aukera-berdintasuna bermatzen baitzuen. Halaxe, gizartean esku hartzeko tresna garrantzitsu bihurtu zen heziketa.

Garai hartan saiakera teoriko batzuk ere egin ziren; eta teoriko diogu, izan ere, pentsamendu mailan aldarrikatu eta legeen bidez eratu zena ez baitzen gauzatu, baliabide faltagatik eta, beharbada, arduradunek oso denbora gutxi izan zutelako.

Nolanahi ere, garai hartako aitzindari ziren ideia batzuk legez onartu ziren:

  • Giza eskubideak onartu zitzaizkien bai gizonezkoei, bai emakumezkoei.
  • Gizarte Segurantza ezarri zen, baina baliabide faltagatik bertan behera gelditu zen.

Garai hartako konstituzioak adierazten zuenez, Estatua laikoa zen. Horren ondorioz, Elizari nolabait jazarri zitzaion, eta horrek eragin nabaria izan zuen erakunde horrek kudeatzen zituen gizarte-zerbitzuetan.

Entradas relacionadas: