Oroimena eta Garuna: Gure Gizartearen Ordenagailua
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,42 KB
Oroimena eta Garuna
Gure gizartearen azken jostailua ordenagailua dela esan genezake. Baina ohartu al gara geuk ere "ordenagailua" geure garunean badugunaz? Eta zein da, bada, ordenagailu hori? Erantzuna oso sinplea da: oroimena. Oroimena ordenagailu batekin parekatzea ez da inolako gehiegikeria, eta konparazio hau ez da berria, inolaz ere. Gure oroimena ordenagailurik ahaltsu eta azkarrena baino trebe eta abilagoa dela beldurrik gabe esan genezake, nahiz eta ordenagailu batek bezalaxe lan egin ez.
Neuronak: Garuneko Zelulak
Ume bat jaiotzen denean, bere garuna guztiz egituratua dago. Aurrerantzean oso gutxi aldatuko da. Gorputzeko beste zelulak ez bezala, garuneko zelulak (neuronak izenekoak), lehenengo hilabeteetatik aurrera berdin-berdin mantentzen dira. Eta gorputzeko beste zelula guztiak etengabe berritzen diren bitartean, zergatik neuronak ez? Beste batzuek ordezkatuko balituzte, gordeta daukaten informazio guztia galduko litzatekeelako, eta garuna pixkanaka desegin eta suntsituz joango litzatekeelako, hain zuzen.
Oroimenaren Kokapena Garunean
Eta oroimena non dago kokatua? Garuneko zein zatitan? Oroimena ez da bihotza edo gibela bezala ikus daitekeen organoa. Oroimenaren kokapen zehatza jakin nahirik, Karl Lashley ikertzaile amerikarrak ia 25 urtetan esperimentuak burutu zituen erakutsitako arratoi-talde bat erabiliz. Arratoi bakoitzari garun-azalaren zati ezberdin bat erauzi zion, eta horrela, lehen ikasitakoa ahaztu baldin bazuten, oroimena non kokatzen zen jakin ahal izango zuen. Asko jota ere, beren oroitzapenak zirriborratuagoak agertzen ziren. Oroimena, leku zehatz batean kokatua egon beharrean, garun osoan zehar barreiatua dagoenaren seinale da hori.
Epe Labur eta Luzeko Oroimena
Bestalde, gizakian, epe laburrerako oroimena eta epe luzerako oroimena bereizten dira. Kalean goazela gauza bat ikusten dugu: trafiko-seinaleak, iragarkiak, gurekin gurutzatzen diren beste oinezkoak, kotxeak, semaforoak, dendak... Guztiaz ohartzen gara, baina minutu gutxi barru ez gara ezertaz oroitzen. Eta eskerrak horri! Egunez egun eta urtez urte gure begien aurretik pasatzen den guztiaz oroituko bagina, zoratu egingo baikinateke. Normalean, edozein unetan jasotako inpresioak oso epe laburrerako oroimenak jasotzen ditu, eta neuronaz neurona igarotzen dira. Baina oso zirrara fuertea izan ez bada, korronte elektriko hori apurtu egiten da, eta oroimena hil.