Ortega y Gasset: Objektibismoa, Perspektibismoa eta Arraziobitalismoa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,96 KB
Objektibismoa (1902-1914)
Neokantismoaren eragina jaso zuen korronte honek ezagutza-prozesurako oinarri gnoseologiko sendoa aldarrikatzen du. Zientziaren eta filosofiaren oinarrian fisika matematikoaren baldintza formalak ezarri behar dira.
Espainiaren arazoak eta konponbideak
Espainia Europatik urruntzen duten arazoak:
- Pentsamendu sakona landu ordez, “literatura” egiteko zaletasuna.
- Eztabaida antzuetan aritzeko joera.
- Atzerapen zientifikoa.
- Jarrera subjektiboa.
Konponbideak:
- Objektibismoaren diziplina landu.
- Subjektibismoaren gaixotasuna sendatzeko, zientziaren gaitasun hauek garatu:
- Zehaztasuna eta metodoa.
- Jarrera kritikoa.
- Arrazionaltasuna.
- Ezagumena hezi eta trebatu.
Masa eta elitea
Gizartearen gainbehera gizakien bikaintasun-zaletasuna galtzen denean hasten da. Adimen-eredu bat proposatu behar da. Gizarteak estatu bat sortzen du hobeto bizitzeko. Herrialde bat aurrera ateratzeko, gutxiengo hautatu batek (eliteak) zuzenduko duen masa antolatu bat behar du. Gizabanako bikainak (elitea) gailentzen dira, eta masak jarraitzen die.
Eliteak bikaina eta eredugarri izan behar du; masak, aldiz, bikaintasunarekiko zaletasuna izan behar du, ikasteko gogoa eta hobetzeko nahia izan behar ditu.
Ondorioa: Benetako iraultza heziketan datza. Ortegarentzat, herria zuzenduko duten goi-mailako pertsona horiek (elitea) ondo aukeratzea da garrantzitsuena.
Perspektibismoa
Kokapena: 1914an, Liga de Educación Política de España elkartea sortu zen. Ortegak Biblioteca de Ideas del Siglo XX izeneko bildumaren zuzendaritza hartu zuen bere gain.
Ni naiz ni eta nire zirkunstantzia
Mendebaldeko gizakia ulertzeko, pentsamendu judu-kristauaren eta filosofia grekoaren zirkunstantziak kontuan izan behar ditugu. Baina badira beste zirkunstantzia hurbilagoak ere, gugan eragin handia dutenak. Gogoeta filosofikoak zirkunstantzia horiek kontuan hartu beharko lituzke: ni naiz ni eta nire zirkunstantzia.
Egia perspektibismoa metodoarekin (Paisaiaren irudia)
Errealitateari so egiten dion bakoitzak bere ikuspuntutik begiratzen dio. Norberaren ikuspuntua edo perspektiba errealitatearen beharrezko osagaia da. Ezin daiteke esan ikuspuntu bat besteen gainetik dagoenik; paisaia ikusteko bezala, perspektiba edo ikuspegi anitzak daude.
Perspektibismoaren teoriak errealitatearen gaineko ikuspuntuen aniztasuna aldarrikatzen du.
Egia absolutua, hau da, errealitatearen guztizko ikuspena, haren inguruan jasotako irudi guztien konbinazio antolatua izango da. Paisaia ezagutzeko, ahalik eta ikuspegi gehien izan behar ditugu; ikuspegi guztiak dira egokiak, eta perspektiba guztiak dira osagarriak. Irudi bakoitzak errealitatearen zati bana dakar.
Ondorioa: Tolerantzia nabarmendu behar dugu: elkarren osagarri dira gure ikuspegi, iritzi edota perspektiba desberdinak. Denak dira baliotsuak, eta, batez ere, diferenteak direlako. Horrek bizikidetza ahalbidetuko du. Perspektibismoa ez da erlatibismoa edo eszeptizismoa; egia bilatzen du.
Arraziobitalismoa
Kokapena: Filosofo madrildarraren helduaroan, Perspektibismoaren garapenetik, Ortegaren doktrina arraziobitalista sortzen da.
Ortegak gogoeta egiten du gizakia kokatuta dagoen bi ikuskera erradikalenen inguruan: bizitzaren ikuskera eta arrazoimenarena.
Arraziobitalismoaren ikuskeran kokatzeko, lehenik bitalismoaren (Nietzsche, Bergson) eta arrazionalismoaren kritika egiten du, eta, gero, ikuskera bakoitzaren alde positiboa hartu, sintesi bat egiteko.
Bitalismoari jarrera irrazionalista izatea leporatzen dio, eta arrazionalismoari, gizakiaren ikuskera mugatua izatea.
Sustraizko errealitatea
Sustraizko errealitatea giza bizitza da, hots, gizakien bizi-jardun zehatza. Nik neuk aukeratu behar dut nire bizitza-proiektua. Biziak lehentasuna du. Lehenbizi, jardutea da, eta, gero, gogoeta egitea. Bizitza niaren eta zirkunstantziaren batura da.
Nia
Gizaki bakoitzaren nia proiektu bat da. Gizaki bakoitza bere baitaren kausa da, zer izateko asmoa duen erabaki behar duelako. Gizakia askatasun hutsa da, eta ez du behin betiko identitaterik. Aukeratzen duenak, hautaketa justifikatu behar du.
Zirkunstantzia
Zirkunstantzia nia ez den beste guztia da. Norberaren gorputza edo gogamena ere zirkunstantzia dira: gure adimen-gaitasunak, gorputz-iaiotasunak, gure psikologia-profila edo izaera. Gure proiektua egitean aurkitzen ditugun erraztasunen eta zailtasunen multzoa da zirkunstantzia. Ez dugu zirkunstantzia aukeratzerik.
Arrazionalismoa gainditzea
Filosofia arrazionalistaren kritika: Sistema arrazionalistak oker daude, edo behar baino garrantzi handiagoa eman zaie, behintzat. Arrazionalismo filosofikoaren esanetan, egia absolutua eta aldaezina da, eta gizakiaren arrazoimenezko guneak edo atalak baino ezerk ezin dezake ezagutu.
Arrazionalismoaren arriskuak: Arrazionalismoak amildegi bat sortzen du gizakiaren bizitza konkretuaren eta arrazoimenaren artean. Arrazionalismoa bizi-kontrakoa eta historia-aurkakoa da erabat.
Arrazoimena eta bizitza elkartu behar dira. Niak gauzak bizitzen ditu: Arrazoimen abstraktuak ezin hauteman dezake bizitzari darion errealitate konkretua, ezegonkorra, denborazkoa eta historikoa delako. Arrazionalismoak nia eta gauza erradikalki bereizten ditu, baina Ortegak planteatzen du niak gauzak bizitzen dituela. Filosofiaren eginbeharra izango litzateke sakabanatuta dauden ikuspegiak batzea, baina ez katalogo edo zerrenda baten moduan, baizik eta ulermen-prozesu baten bitartez.
Bizi-arrazoimena eta historia-arrazoimena
Prozesu historikoa eta belaunaldiak: Adinkide guztiek belaunaldi bat osatzen dute. Aldaketa historikoen kausa bizitza-denbora delakoa da. Garaikideak diren guztiak adinkideak izango balira, ezinezkoa litzateke edozein aldaketa (ez oinarrizkorik, ez errotikorik), eta historia gelditu egingo litzateke.
Bizi-arrazoia historikoa da: Bizitza jarduera da, egoera bakoitzak eskainitako aukeren artean hautatuz burutu beharrekoa. Bizitza zirkunstantziarekin aurrez aurre arrazoitzean datza. Gizaki bat zergatik den halakoa edo bestelakoa aztertzeko, haren historia hartu behar dugu kontuan. Gizaki orok bizi-egitasmo bat prestatzen du zirkunstantziari begira, eta hura betetzen ahalegintzen da. Giza bizitza era askotako esperientziez beterik dago, kontraesanekoak sarri, eta, beraz, bizitza zertan datzan aditu nahi badugu, bizi-arrazoimenaren eskutik ikertu behar dugu.
Ezagutza bizi-arrazoi historikoan oinarritua: Ohiko kontzeptu abstraktuak xedapen konkretuez betetzen ditugunean (hemen, neu, bizitza…), orduantxe lortzen dugu ezagutza konkretua eta benetakoa. Horrela egiteari soilik dei diezaiokegu ezagutza, zentzu hertsian.