Ortega y Gasseten Filosofia: Ideiak, Sinesteak eta Bizitza
Enviado por Luar y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,33 KB
Laburpena: Ideiak eta Sinesteak
Gu eta gure ideien artean tarte bat dago; aldiz, sinesteekin elkarturik gaudela esan dezakegu, beraz, sinesteak garela esan daiteke. Ideietatik independizatzea lor dezakegu, garrantzitsuak izan arren. Gainera, ideiak jarraitzeak ahalegina eskatzen du, ez garelako beti koherenteak horiekin; horregatik, ideietatik bizi den hori heroitzat hartu ohi dugu.
Bizitza Ortegaren Ikuspegitik
Ortegaren ustez, bizitza eta errealitatea pentsamenduaren aurrekoak dira (mendeetan zehar kontrakoa pentsatu izan zen arren). Bizitza ez da edozein bizitza gisa ulertzen, norberaren bizitza da, pertsonala, zirkunstantzia zehatz batzuetan gauzatzen dena. Bizitza nire bizitza da, niri dagokidan erantzukizun ordezkaezina. Animalien eta landareen bizitza ez da errotiko errealitatea Ortegarentzat. Giza bizitza da gogoeta filosofikoaren erdigunea, horien bereizgarritasuna pentsamena eta norberaren izateko ahalmena gisa ulertzen da.
Ideien Teoria Ortegaren Arabera
Testu zati honetan, ideiak burutapen gisa har daitezke. Pentsamenduak dira, eta beraz, etengabe egin eta desegiten dira. Norberaren zalantzek sorturikoak direnez, desegonkorrak direnez, alegia, eztabaida daitezke, eta horien fidagarritasuna zalantzan jarri daiteke. Ideiak ere muturreraino eraman daitezke, gure bizitza horietan oinarrituz edo gure bizitza emanez, baina ezin izango dugu horietatik bizi, ez direlako gure barnean sustraitzen. Beste hitz batzuetan, ideiak arrazoitzeko gaitasunaren ordezkari dira.
Ideiak eta Sinesteak: Desberdintasunak
Ideiak gizakiok eraikitzen ditugun pentsamenduak dira; sinesteak, aldiz, guregan guztiz sustraituak dauden ideia bereziak dira. Sinesteak gure bizitza dira, eta ideiek arrazoimena ordezkatzen dute. Sinesteak gure jabe direla esan dezakegu; izan ere, horiek ez bagenu, ezin genuke aurrera egin.
Sinesteak gure aurrekoak dira, eta ia inork ez ditu zalantzan jartzen. Izan ere, norbaitek sinesmen bat zalantzan jartzean, trantsizio deitzen den unea gertatuko litzateke, non sinesmena galdu eta ideia bilakatzen den.
Ideiak pentsamenduak dira, zalantzek sortutako ezegonkortasunaren emaitzak. Hauek sortu, eztabaidatu, zapaldu... egin daitezke. Ortegaren ustez, hauetatik ezin gara bizi, guregan sustraitzen ez direlako; horregatik, heroitzat hartzen dugu ideietatik bizi dena. Ideiak ez dira, beraz, errealitatea, gizakiaren eraikuntza baizik.
Platonen Ideien Teoria: Kontrastea
Platonen Ideien Teoriaren arabera, bi gauza bereizten dira: gauzak eta ideiak. Bakoitza mundu desberdin batean bizi da: lehenengoak mundu sentigarrian daude, eta bigarrenak mundu ulergarrian. Gauzak aldagarriak eta ustelkorrak dira, hau da, eraldatu daitezkeen zerbait dira. Aldiz, ideiak aldaezinak dira, betierekoak.
Bien artean tarte bat dago, zeharkatu ezin dena. Hau da, gauza ezin daiteke ideia bihurtu, ezta ideia gauza ere. Ideiak maila jakin batean daude, gauzen mailaren gainetik; izan ere, gauzak ideien imitazio hutsak dira, edozein unetan aldatu daitezkeenak.
Perspektibismoa eta Zirkunstantzialismoa
Perspektibismoa azaldu baino lehen, zirkunstantzialismora jo beharko genuke, honek gizaki oro zirkunstantzietan murgilduta dagoela dioelako. Zirkunstantzia horiei zentzu bat eman behar diegu; adibidez, zirkunstantzia nagusiak xumeekin konparatu behar ditugu. Izan ere, gogoeta filosofikoak egiterakoan ez da daturik baztertu behar.
Zirkunstantziek arazo bat dakarte: aldakorrak dira. Zein da bakoitzaren ordena? Ortegak dio gertuen dagoenetik hasi behar garela, gizabanakoarentzat garrantzitsuena delako. Zirkunstantzialismoak egiaren desegitea dakar; izan ere, aldakorrak direnez, ezin dira bakarrean batu.
Ortegak esaten du gizabanakoen bizitza perspektibatik antzeman daitekeela soilik, perspektiba desberdinak osatuz. Objektibismoa eta perspektibismoa elkarrekin doaz, izan ere, bigarrena zirkunstantzialismotik sortzen da. Ortegak perspektibismoa erabiltzen du erlatibismoaren eta arrazionalismoaren ikuspegiak egiaren arazoak gainditzeko.
Beraz, errealitatearen aniztasuna onartu, baina aldi berean garrantzitsua da aniztasun hori bat egitea oinarri batetik abiatuz. Oinarri hori perspektibismoa izango litzateke; izan ere, perspektibak osagarriak dira, eta bakoitzak egia pixka bat gordetzen du. Hortaz, perspektiba guztiak elkartzerakoan, Egia lortuko dugu.