Padel: Sakeak eta Kolpe Motak
Clasificado en Deporte y Educación Física
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,33 KB
Sakeak
Sakerik ohikoenak motza eta altua dira.
Sake motza
Pilota saretik gertu pasatzen da eta sakearen marra motzaren inguruan geratzen da.
Sake altua
Oso ibilbide parabolikoa egiten du. Pilota lurrari elkarzut erortzea bilatzen du, atzeko marratik gertu.
Bi saketan mugimenduak hiru fase ditu:
- Prestatzea: Oinen arteko tartea sorbalden zabalera da eta jokalaria eskuina bada, ezkerreko oina aurreratuta. Gorputzaren zama atzeko hankan bermatzen da. Beso jotzaileak erdi tolestuta atzerantz egon ohi da eta besteak, luzatuta eta aurreratuta, erpuruarekin eta erakuslearekin heltzen du pilota.
- Gauzatzea: Beso jotzaileak beheranzko eta aurreranzko mugimendua egiten du. Gorputzaren pisuak aurrera jotzen du, gorputzak ezkerrerantz biratzen duen bitartean. Jokalariak pilota askatzen du, bere aurretik eta gerriaren altueraren azpitik jo dezan.
- Lehengoratzea: Gorputzaren ezkerreranzko errotazioa osatzen da. Erraketak ere mugimendua osatzen du harik eta altxatuta eta gorputzaren ezkerraldean geratu arte.
Kolpeak
Pilotaren ibilbidearen altuera eta luzeraren arabera, honako kolpe hauek bereiz ditzakegu: goitiko pilota, dejada, errematea eta drive-a.
Goitiko pilota
Pistaren atzealdetik egin ohi da eta pilotaren ibilbidea altua izaten da, aurkako eremuaren atzealdean uzten saiatuz. Besagain edo behetik gora egin daiteke.
Dejada
Pistaren atzealdetik eta besagain egin ohi da. Pilota goitik behera joatea bilatzen du, saretik gertu pasatuz eta honetatik gertu eroriz. Zehaztasun handia eskatzen du.
Errematea
Jokalekuaren edozein tokitatik eta besagain egin ohi da. Erasoko kolpea da, zalantzarik gabe. Pilota goitik behera eta oso azkar joatea bilatzen du. Saltoan egin daiteke, goitik beherako ibilbidea areagotuz.
Besagainkako kolpe guztiak (goitiko pilota, dejada edo errematea) era bertsuan egiten dira. Dena den, pilotak erraketarekin jotzen duen lekuaren arabera bereizten dira. Zenbat eta erasokorragoa izan kolpea, aurrerago joko da.
Drive-a
Altuera ertainean egiten den eraso kolpe bat da (erraketa gerriaren eta buruaren artean) eta pilota lurrarekiko paralelo eta saretik gertu joatea bilatzen duena. Hartara, aurkariak era defentsiboan itzuli beharko du pilota.