Penintsulako eta uharteetako barietate litologikoa
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,1 KB
Penintsulako eta uharteetako barietate litologikoa. Penintsulako eta uharteetako erliebe motak
Bilakaera geologikoaren emaitza modura, Iberiar penintsulan hainbat harri mota dituzten hiru inguru daude:
Inguru silizeoa
Kanbriarraurreko aroko eta aro primarioko harri zaharrek osatzen dute. Batez ere, Iberiar penintsularen mendebaldean dago, eta Kantabriar mendikatearen, Mendikate Zentralaren, Toledoko mendien eta Sierra Morenaren mendebalderanzko adarretan.
Harri nagusia granitoa da, zenbait modutan aldatzen da, eta erliebe granitikoak sortzen dira:
- Kasu batzuetan, granitoa, kimikoki, uraren eraginez harea bihurtzen da.
- Beste kasu batzuetan, granitoa harriaren arrailduren edo hausturen eraginez mekanikoki aldatzen da: goi-mendian harritzak pilatzen dira, eta oso garaiak ez diren inguruetan domo eta berrocal izeneko formak sortzen dira.
Kareharrizko ingurua
Aro tertziarioan tolestutako aro sekundarioko harriek osatzen dute. Pirinioetan, Euskal mendietan, Kantabriar mendikatearen ekialdeko sektorean, Iberiar mendikatean, Kataluniako Kostaldeko mendikatearen zati batean eta Mendikate Subbetikoan zehar hedatzen da.
Harri nagusia kareharria da. Gogorra da, pitzadurak eta arraildurak sortuz apurtzen da, eta urarekin erraz disolbatzen da. Erliebe karstikoa sortzen da, eta hauek dira forma tipikoak: lapiazak edo lenarrak, zintzurrak, poljeak, dolinak edo torbak, kobazuloak eta lezeak.
Inguru buztintsua
Aro tertziarioko eta kuartenarioko harri sedimentarioek osatzen dute. Ipar eta hego goi-ordokietan, Ebroren eta Guadalquivirren sakonuneetan dago batez ere.
Harri nagusia buztina da. Biguna eta erraz higatzen da. Erliebe horizontalak eta, batzuetan uhindutako ordokiak sortzen dira. Zenbait tokitan badlands izeneko paisaia sortzen da.
Hiru inguruetako bakoitzean jatorri eta erresistentzia desberdineko harriak egoten direnez, higadurak modu diferentzialean jarduten du, eta, estratuen kokapenaren arabera, hainbat eratako erliebeak sortzen dira: paramoak, muino lekukoak, erliebe appalachea, erliebe jurasikoa…
Balear artxipelagoa, batez ere kareharrizko ingurukoa da; Kanariar artxipelagoan, aldiz, erliebe bolkanikoa da nagusi.
Erliebearen eraketa: Espainiaren eboluzio geologikoaren etapa handiak
Iberiar penintsularen gaur egungo erliebea milioika urteko historia geologikoaren emaitza da. Historia horretan, fase orogenikoak eta atseden-faseak egon dira. Azken horietan, higadura eta sedimentazioa izan dira nagusi.
Aro arkaikoan edo Kanbriarraurrean
(4.000-600 milioi urte) arbelak eta gneisak osatutako mendi zerrenda okertu bat sortu zen IM-HE norabidean. Gaur egungo Galizia osoa hartzen zuen eta beste puntu batzuk. Higadurak suntsitu zuen.
Aro primarioan edo Paleozoikoan
(600-225 milioi urte) orogenesi hertziniarra gertatu zen: material silizeoekin (granitoa, arbela, kuartzita) eratutako mendikateak (Mendigune Hesperikoa, Ebroko mendiguneak…), higadurak suntsitu eta goi-ordoki edo zokalo bihurtu zirenak.
Aro sekundarioa edo Mesozoikoa
(225-68 milioi) atsedenaldia izan zen, eta higadura eta sedimentazioa edo jalkitzea (kareharriak eta margak) izan ziren nagusi.
Aro tertziarioan
(68-1´7 milioi urte) alpetar orogenesia gertatu zen, eta horrek aldaketa handiak eragin zituen Penintsularen erliebean:
- Alpetar mendikateak altxatu ziren: Pirinioak eta Mendikate Betikoak.
- Sakonune aurrealpetarrak sortu ziren: Ebro eta Guadalquivirren sakonuneak.
- Goi-lautadak alpetar orogenesiaren eragina izan zuen: Atlantikorantz inklinatu zen, Goi-lautadaren ekialdeko eta hegoaldeko mendi ertzak eratu ziren eta Goi lautadako zokaloak hausturak eta failak izan zituen.
Aro kuaternarioan
(1´7 milioi gaur egun arte) fenomeno aipagarrienak glaziazioa eta ibai-terrazak sortzea izan ziren.
- Glaziazioak mendikate garaienetan izan zuen eragina: Pirinioak, Kantabriar mendikatea, Mendikate Zentrala, Iberiar mendikatea eta Sierra Nevada. Bi glaziar mota sortu ziren: zirkukoa eta haranekoa.
- Ibai-terrazak ibai baten ertzetan kokatutako zerrenda lau eta garaiak dira.