Peru Abarka: Euskal Obra Gorenaren Ezaugarriak
Clasificado en Latín
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,83 KB
Kritikak Peru Abarka euskal obra goren gisa hartzen du. Zergatik? Ondoren aipatuko ditugun ezaugarri hauek argigarri izan daitezke:
Obra kultura-maila arruntetik goragoko hartzaileari dago zuzenduta. XVII. mendean Axularrek idatzitako harako "Ez dut liburutxo hau letratu handientzat egiten, eta ez soil, deus ez dakitenentzat ere" esaldia ekartzen du gogora Mogelen jomugak.
Obra euskal mundu jatorraren erakusleiho izaki, irakurlearentzat oso begiko egiten da.
Elkarrizketarien ugariak, bestelakoan luzea ez den obra arindu egiten du, eta hartzaileari hurbildu.
Elkarrizketak, gainera, estilistikako elementu eta obraren oinarri bihurtu ditu autoreak.
Ekintza- eta denbora-adierazpen laburra, gorago aipatu bezala, elkarrizketen aberastasunarekin ordezkatzen asmatu du.
Kontaera bera eta erritmo arina behin eta berriro goraipatzen dira Peru Abarkaren ezaugarrien artean.
Azkenik, adituek obraren balio etnologikoa estimatzen dute; edota euskara bera ezagutzeko duen balioa, egiten duen erabilera metalinguistikoa dela-eta. Bi horietan ere autoreak ondo asmatu du, laburrak izanda ere, deskribapen-tarteak lortzeko erabili baititu.
Ezaugarri horiek guztiek Peru Abarka oso obra originala bihurtzen dute arrazoi hauengatik:
Molde honetako aurrekaririk ez dago gure literaturan.
Mogel obraren lanketarako hautatu dituen oinarrietan eta orekan oso airoso mugitu zen.
Eragina
Mogelek berak jasotako eraginen artean, Peru protagonistak Rousseau-ren Emilio edo Heziketaz (1762) obrako protagonistarekiko kidetasuna aipatu ohi da; alegia, Emilio basati berez onberak geroan utzi duen antza. Baina antz hori oso zalantzazkoa da, Peru Abarkan ez baita Rousseauren ideiarik jasotzen, ez haren planteamendu berritzaileetarako hurbilketarik egiten.
Mogelek berak geroan utzi duen arrastoa aipatzean, bizkaitar idazleen artean izan dela nabarmena dio kritikak. Hasi Añibarro Mogelen lagunarengandik, eta Astarloarengan barrena XX. mendeko idazleenganaino hedatu izan da, eta XX. mendeko ohitura-eleberriaren aitzindaritzat dauka kritikak Mogelen obra hau.
Azkenik, onartu beharrean gaude idazle apaizen artean Mogelen sermoiak eta erlijio-argibideak oso estimatuak izan direla.