Peru Abarka: Juan Antonio Mogelen obraren azterketa kritikoa

Clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,56 KB

Iritzi kritikoa

Argitalpena eta sailkapen zaila

Obra 1802an idatzi arren, 1881ean eman zen argitara. Hala ere, eskuz egindako kopiei esker, argitaratu aurretik ere nahiko ezaguna zen, garai hartan euskaraz idatzitako obra batek izan zitzakeen neurrietarako. Bizkaieraz idatzita dago.

Ez da erraz sailkatzeko lana. Euskal eleberrien aitzindaritzat jo izan da, baina ezin esan daiteke eleberrien ohiko arauetara makurtzen denik. Alde batetik, obrak ez du tramarik; ondorioz, pertsonaiek ez dute hasiera, garapen eta amaiera duen istorio bat osatzen. Bestetik, leku eta denbora aipu minimoek ere ez dute adierazkortasun narratiborik. Agian, elkarrizketa bizi-bizien inguruan egituratutako kontakizun gisa definitu daiteke, definizioa zabala bada ere.

Obraren egitura

Obraren kanpo-egitura honako hau da:

  • Sarrera bat, gaztelaniaz.
  • Sei autu edo elkarrizketa. Horietan garatzen da obraren mamia.
  • Zazpigarren elkarrizketa bat. Bi apaizen arteko solasa jasotzen da atal horretan, baina ez du obraren muinarekin loturarik.

Muina: baserria eta kalearen arteko talka

Maisu Juan kaletar ezjakina da eta Peru Abarka, berriz, baserriko eskolan, Basarteko unibertsitatean, hezi eta zaildutako gizona. Pertsonaia bakoitzak islatzen duen bi munduen arteko jokoan datza obraren gakoa.

Joko horren elementuak hauek dira:

  • Bi pertsonaien nortasuna.
  • Haien izaeraren ikerketa.
  • Elkarrizketen bidez denbora eta leku zehaztapen urriak egiteko trebetasuna.
  • Ohituren azterketa.
  • Pertsonaia bakoitzaren hizketa-mailaren erabilera.
  • Euskarari buruzko oharrak.
  • Eta, oro har, mundu-ikuskera oso bat, baserri-bizitzaren idealizazio nabarmena barne.

Pertsonaien analisia eta oreka

Maisu Juan izenez baino ez da maisu, Peruren ondoan ikasle besterik ez baita. Obra bi pertsonaia nagusien arteko elkarrizketaren bidez garatzen da; gainerakoak bidenabar baino ez dira agertzen. Eta horixe du obrak duen trama-arrasto bakarra.

Hala ere, bi protagonisten arteko oreka, autoreak hala erabakita, Maisu Juanen alde lerratzen da. Haren ezjakintasun eta ezinean, irakurleak hurbilago sentitzen du Peru orojakilea baino. Azkenean, errealistagoa gertatzen da Maisu Juan, hutsik gabeko Peru baino.

Dena dela, autoreak pertsonaiekiko erakutsitako begikotasunak ederki lortu du bi nortasunen arteko oreka. Peru "pedante" samar agertzen denean ere, esan daiteke ez duela inoiz gehiegikeriaren muga gainditzen.

Entradas relacionadas: