Platon eta Marx: Gizakiaren Kontzepzioen Talka
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,86 KB
Filosofiaren historian, pentsalari gutxik izan dute Platon (K.a. 427-347) eta Karl Marx (1818-1883) bezainbesteko eragina. Biak gizakiari buruzko teoria bat garatu zuten, ikuspuntu erabat ezberdinetatik. Platonen pentsamendua konplexua da, Mendebaldeko filosofian funtsezkoa, eta Marxen teoria, berriz, modernitatearen oinarrietako bat.
Platonen Ikuspegia: Dualismo Antropologikoa
Platon dualista antropologikoa zen. Berarentzat, gizakia materiaz eta arimaz osaturik dago:
- Arima: Hilezkorra da eta bere sorburua jainkotiarra. Aldez aurretik ideien munduan existitzen zen, eta sentipenezko mundu honetan gorputzean kartzelaturik dago. Bere destinoa ideien mundura bueltatzea da, Ongiaren ideia kontemplatuz. Askapena lortzeko bidea ezagutzaren bitartez purifikatzea da.
- Gorputza: Materiazkoa eta hilkorra. Arima eta gorputzaren arteko lotura akzidentala eta behin-behinekoa da.
Marxen Ikuspegia: Monismo Materialista
Marxek, monista denez, materian oinarritzen den teoria defendatzen du: gizakia gorputza besterik ez da, alde materiala gara, eta hau hilkorra da. Arima edo alde ez-materialaren existentziaren kontra dago. Hori dela eta, gizakiaren esentzia materiarekin harremanetan dago, ahalmen transformatzailearekin. Bere auto-errealizazioa lanean aurkitu behar du, eta ez ezagutzan, Platonek zioen bezala. Baina ez lan alienatuaren bidez, baizik eta humanizatutako lanaren bidez, elkarlanean.
Izaki Soziala eta Giza Eredua
Biak ados daude gizakia naturaz izaki soziala dela esatean, baina Platonek ez du baloratzen gizakiaren ahalmen praktiko-produktiboa eta honek bizitza sozialarekin duen erlazioa. Marxen teorian esan beharra dago, naturaz gizakiak sozialak direla esan ordez, gizartearen bidez soilik bihurtzen direla gizaki, ekoizpen harremanak lanean sortzen baitira eta.
Hori dela eta, esan dezakegu:
- Marxen teorian gizaki eredua langilea eta sortzailea dela, alegia, homo faber (lan egiten duen izakia).
- Platonen teorian, aldiz, gizaki eredua filosofoa, homo sapiens (pentsatzen duen izakia) izanen da, garbi utzi zigun moduan.
Eragina eta Legatua Filosofian
Azpimarratzekoa da Platon psikologia arrazional bat garatu zuen lehen pentsalaria izan zela, eta Mendebaldeko filosofiaren historia Platonen pentsamenduak markaturik dago, batez ere dualismo antropologikoaren lehen defendatzaileetako bat izateagatik.
Aipatzekoa da, baita ere, Marxen gizakiaren teoria erabat loturik dagoela materialismo historikoarekin, eta ukaezina da teoria honek ondorengo filosofoengan izan duen eragina.
Ondorioa
Laburbilduz, esan daiteke bien planteamenduak hain kontrajarriak izateagatik oso interesgarriak direla, eta filosofiaren historian kontuan hartzekoak izan direla biak, izan duten eragin handiagatik.