Platonen Filosofia eta Aristotelesen Kritika

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,64 KB

Platonen Ongiaren Ideia

Ezagutza mailaz maila gorantz igotzea beharrezkoa da jakinduria eskuratzeko, eta bide horretan heziketa da funtsezkoa. Goranzko prozesu hau dialektika bidez burutzen da: elkarrizketaren eta arrazoiaren bidez, iritziak (doxa) baztertzen dira eta egiazko ezagutza (episteme) eskuratzen da. Zentzumenetatik askatu eta kontzeptuak modu arrazionalean ulertzera igaro behar da. Azken urratsa ongiaren ideia ezagutzea da, eta hori agintari filosofikoek soilik lor dezakete.

Platonentzat, ongiaren ideia da ideien artean gorena, eta gainerako guztien jatorria eta azalpena. Ez da gauza bat, baizik eta egia eta izatearen oinarri bera. Politeia VII. liburuko 3. atalean dioenez, uler daitekeen azken ideia da, eta gauza zuzen eta eder guztien zergatia.

Hori dela eta, ongiaren ideia ezagutzea ez da erraza: ibilbide dialektikoa osoki egin behar da. Horretarako, zientziak (matematika, geometria, logika…) lagungarri dira, pentsamendu abstraktua garatzen baitute. Baina azken finean, arrazoi hutsaren erabileraz soilik iristen da ongia ezagutzera. Ongiaren ideia ezagutzen duten gutxi horiek dira polisa zuzentzeko gai. Haiek dira espirituzko aristokratak, interes pertsonalak baztertzen dituztenak, eta herriaren onerako jarduten dutenak. “Kritika guztiak igaroz eta eragozpenak argudio sendoez zanpatuz” gobernatuko dute.

Azkenik, Sokratesen eragina agerikoa da: hark zioen ongia ezagutzea beharrezkoa dela ongi jokatzeko. Hori da intelektualismo morala: ezagutza eta bertutea bat dira. Platonentzat, ezagutza sakonak zoriontasuna dakar.

Platonen Dualismo Antropologikoa eta Arimaren Teoria

Platonen doktrina morala azaltzeko, nahitaezkoa zaigu arimaren teoriaren zenbait alderdiri kontu egitea. Arimaren jardueraren oreka eta zuzentasuna jokaera moralaren oinarri izango dira, eta zoriontasuna eskuratzera eramango dute gizakia.

Gizakiak bi osagai ditu, Platonen iritzian: arima eta gorputza. Arima jainkozkoa da, betierekoa eta hilezina; gorputza, aldiz, hilkorra eta arimaren kartzela da.

Platonek hiru arima mota edo arimaren hiru zati, bakoitza bere zereginarekin, bereizten ditu:

  • Zati Arrazionala
  • Zati Oldarkorra
  • Zati Irritsua

Hiru zatien arteko erlazioa hegodun gurdiaren alegoriaren bidez erakusten digu Platonek.

Zati Arrazionala

Gizakiaren goi mailako gaitasuna da. Buruan kokatzen du, eta gurdi gidariak ordezten du. Gogamenaren funtzioak betetzen ditu: pentsamena eta nahimena. Arimaren parte arrazionalak bere funtzio propioa du: zuhurtasuna. Horregatik, egia eta ongia bilatzea da bere eginkizun nagusia, hauek filosofo agintariekin lotzen ditu Platonek.

Zati Oldarkorra

Hasarrea, ausardia edo koldarkeria bezalako sentimenduetatik sortzen den gogoa bideratzea du zeregin. Bihotzean datza, eta zaldi zuriak ordezten du. Zati oldarkorraren ontasuna sendotasuna dugu, hau zaindariekin lotzen du.

Zati Irritsua

Bizirik irauteko sena, plazera, mina eta bestelako nahierak ditu sentimendu. Sabelean kokaturik dago, eta zaldi beltza da haren ordezkaria. Arima irritsuarena, azkenik, neurritasuna da, gure gurarien joerak neurtzeko eta menderatzeko ardura duena eta ekoizleekin lotura zuzena du.

Hiru arima zati horietan, nagusia zati arrazionala da, gainerakoei nagusitu behar baitie, bere mendean hartuz. Zati hau hiltzen ez den bakarra da, beste biak gorputzari lotuta baitaude. Arima arrazionala, berriz, ideien mundukoa da izatez, bertan egon eta bertatik baitator kasuan kasuko gorputz hauetara.

Platonen Bertuteak eta Hiri Ideala

Platonen ustez, hiri ideala helburu morala duen antolaketa politikoa da, non harmonia, zuzentasuna eta justizia nagusitzen diren. Errepublika lanean garatu zuen bere ikuspegia, komunitarismoan oinarritua eta demokraziaren kritika zorrotza eginez. Hiri ideala eraikitzeko, hiritar bakoitzak bere tokian egon behar du eta bertute jakin bat garatu: zuhurtasuna, sendotasuna edo neurritasuna.

Hori horrela, gizartea hiru klasek osatzen dute:

  • Ekoizleak
  • Zaindariak
  • Gobernari Filosofoak

Ekoizleak

Eskulan eta ondasunen ekoizpenaz arduratzen dira.

Zaindariak

Hiriaren segurtasuna eta babesa bermatzen dute.

Gobernari Filosofikoak

Jakituriaren bidez hiriaren zuzendaritza hartzen dute.

Hiru klaseek heziketa publiko zorrotza jasotzen dute, bakoitzaren trebetasun eta bertuteak garatzeko.

Platonen iritziz, gizarte orekatua eta zuzen bat eraikitzeko ezinbestekoa da klase bakoitzak bere funtzioa betetzea eta interes kolektiboa norberaren gainetik jartzea. Aginte sistemak aztertzean, espirituzko aristokrazia da idealena, jakitunen agintea bermatzen duelako. Timokrazia, oligarkia, demokrazia eta tirania bezalako sistemek ustelkeria eta desoreka dakarte.

Azken helburua zoriontasuna eta Ongi Gorena lortzea da. Horretarako, Platonentzat, politika eta etika uztartu behar dira.

Platonen Ideien Teoriaren Kritika eta Hilemorfismoa

Aristoteles Estagiran jaio zen K.a. 384. urtean. Platonen akademian sartu zen eta bere eragin handia izan bazuen ere, Aristotelesek beste norabide bat eman zion Mendebaldeko pentsamenduari.

Platonek eta Aristotelesek eszeptizismoa baztertu nahi zuten, errealitatea ulergarria dela uste zutelako; baina errealitate horren ezaugarrietan ez zetozen bat. Platonek bi mundu bereizten zituen: zentzuen mundua eta ideien mundua. Aristotelesek, berriz, mundu bakar batean bi errealitate bereizten zituen: errealitate substantziala eta errealitate akzidentala. Aristotelesentzat, mundu fisikoan daude objektuen esentziak.

Errealitate substantziala (lehen substantzia) erreala dena da, entitatea edo izatea duena, existitzen dena. Akzidenteek (gauzen ezaugarriak: kolorea, tamaina, neurria...) ez dute izate propiorik.

Aristotelesek errealitate substantzialaren barnean sartzen du zentzumenen bidez jasotzen duguna (lehen substantzia) eta baita esentzia unibertsalak ere (bigarren substantzia), Platonen ideiak ziren horiek:

  • Lehen substantzia entitate indibidual bakoitza da, hau da, mahai hau, aulki hori…
  • Bigarren substantzia mahai, aulki guztiek komunean dutena da. Adibidez, mahaiaren kasuan, mahaiari mahai izaera ematen diona.

Hortaz, esan daiteke lehen substantzia dela izatez errealitatea den bakarra eta hau materiaz eta formaz osatua dago (hilemorfismoa: hyle + morphe). Bigarren substantzia izatearen alderdi formala da; materia, aldiz, gauza bakoitzaren indibidualizazio printzipioa da, zaldi konkretu bat beste zaldietatik bereizten duen hori.

Aldaketa eta Potentzia-Egintza

Nola azaldu mundu sentigarrian ematen diren aldaketak? Aldaketa, Aristotelesen arabera, materian potentziatik aktora ematen den eraldaketa da. Aldaketa prozesuan hiru elementu sartzen dira:

  • Orain dena (oraingo izatea edo forma)
  • Dena (subjektua, materia)
  • Izan daitekeena (potentzia), hau da, forma jasotzeko edo izateko ahalmena

Aldaketa, potentzia egintza bihurtzen denean ematen da. Izakiak ez dira oraintxe direnak bakarrik, izan daitezkeena ere badira. Honekin Aristotelesek Parmenidesen dilema konpondu zuen. Aldaketetan ez gara ez-izatetik izatera pasatzen; aldaketetan gaitasunak edo posibilitateak gauzatu egiten dira.

Entradas relacionadas: