Platonen Ideien Teoria: Oinarriak eta Haitzuloaren Mitoa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,29 KB
Platonen ideien teoriaren oinarriak
Haitzuloaren mitoaren oinarrian eta Platonen pentsamendu osoaren oinarrian ideien teoria dago. Honen arabera, gobernante filosofoa izateko ideiak ezagutu behar dira, eta ezagutza hori kontzeptuen bitartez biltzen da. Mundu fisikoa mugikorra denez, benetako ezagutza aldaezina den eremu batean kokatu behar da: mundu ulergarrian edo ideien munduan.
Bi munduen bereizketa
Hau guztia kontuan hartuz, Platonek bi mundu bereizten ditu:
- Ideien mundua: Bertan ideiak kokatzen dira; aldaezina da eta jakituria adierazten du. Haitzuloaren mitoarekin parekatuz, kanpoko aldea litzateke.
- Gauza sentigarrien mundua: Mundu honetan gauza sentigarriak daude (zentzuen bitartez hautematen direnak); aldakorra da eta ez du jakituria adierazten. Haitzuloaren mitoarekin parekatuz, barneko aldea litzateke.
Bi munduen arteko erlazioari dagokionez, gauza sentigarrien mundua ideien munduaren kopia bat dela esan daiteke.
Ideien ezaugarri nagusiak
Filosofoa izateko ideiak ezagutzea beharrezkoa da, ideiak balio etikoen eta kontzeptu estetikoen funtsa baitira. Hauek dira haien ezaugarriak:
- Betierekoak dira.
- Aldaezinak dira.
- Bakarrak dira.
- Arrazoiaren bitartez ezagutzen dira.
- Gauza sentigarrien erreferentzia eta kausa dira.
Gauza sentigarriak ezagutzeko, ideiak ezagutu behar ditugu lehenengo. Ideiak gizakiaren azken helburuak dira, eta ezagutzaren azken helburua ongiaren ideia ezagutzea izango da.
Ideien hierarkia eta ongia
Ideien munduan hierarkia bat dago:
- Oinarrian, gauza sentigarrien ideiak (haitzuloaren mitoarekin konparatuz, kanpoko itzalak).
- Gero, ideia matematikoak.
- Gorago, ideia estetikoak eta etikoak (haitzuloaren mitoarekin parekatuz, kanpoko gauzak).
- Azkenik, ongiaren ideia dago (haitzuloaren mitoarekin parekatuz, eguzkia).
Ongiaren ideiak zentzua ematen die giza ekintzei eta gainerako ideien eredua da. Gobernante filosofoek ideia hau ezagutzera heldu behar dute herria gidatzeko; ideia hau ezagutzera heltzen den pertsona izango da benetako filosofoa.