Plauto: Erromako Komediaren Maisua eta Fabula Palliata

Clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,38 KB

Plauto: Bizitza, Lana eta Eragina

Plautoren hastapenak eta testuingurua

Tito Mazio Plauto Sarsinan (Umbria) jaio zen eta bere garaian oso ospetsua izan omen zen. Antzerkia lantzen hasi zen Erromara joan zenean, baina dirurik gabe gelditu zen eta errotari moduan lan egin behar izan zuen denbora batez. Dena den, komediak idazten hasi zen, ospetsu bilakatu zen eta antzerkiaz bizitzea lortu zuen. Oso ongi ezagutzen zuen antzerkiaren teknika.

Plauto autore klasikotzat dugu. Garai honetan Erroma eta Kartagoren artean Bigarren Gerra Punikoa garatzen ari zen. Ondorioz, antzerkiari esker herriak une latz haiek ahaztu egiten zituen eta ongi pasatzen zuen. Antzerkia errealitatetik ihes egiteko modu bat zen.

Fabula Palliata: Generoa eta estiloa

Plautok fabula palliata landu zuen soilik, hots, eragin grekoa, pertsonai grekoak eta testuinguru grekoa zituen generoa. Obrak latinez idatzirik daude eta hizkuntza herrikoia erabiltzen du. 21 komedia soilik iritsi zaizkigu.

Estiloari dagokionez, argudioak ez dira konplexuak eta ez dute hausnarketa filosofiko edo moralik eragiten. Baina egoera barregarrietan Plautok etorri handia eta umorearen eta ikuskizunaren zentzu bikaina duela erakusten du.

Plautoren egokitzapen teknikak

Greziar komedia berriaren eragina du, batez ere Menandro, Filemon eta Difilorena. Baina bere lana ez da soilik itzulpena, baizik eta askatasun osoz egiten dituen egokitzapenak:

  • Koroak kendu.
  • Zati abestuak luzatu.
  • Eduki etikoa murriztu.
  • Bigarren mailako pertsonaien paperak zabaldu.
  • Elementu erromatar ugari gehitu.
  • Contaminatio teknika erabili (greziar komedia ezberdinen nahasketa).

Pertsonaia tipikoak eta gaiak

Bere komedietan gizarteko pertsonaia tipikoak agertzen dira:

  • Zahar zorrotza eta xuhurra (normalean aita).
  • Zahar ona (auzokoa).
  • Esklabu argia.
  • Maitemindurik dagoen mutil gaztea.
  • Kontakatilua, parasitoa, sukaldaria, neska gorteatua, etab.

Ez du haien izaeran sakontzen, baina pertsonaia hauen ezaugarri komikoak asko garatzen ditu. Plautoren obretan esklabuek protagonismo handia dute, garai horretan Erromara esklabu asko iristen ari zirelako. Plautoren asmoa beraien bizimodua kritikatzea da, baina ez du zuzenean egiten.

Hizkuntza, umorea eta ondarea

Plautok hizkuntza arrunta bikain menderatzen du eta duen adierazteko eta barrea eragiteko indar guztia maisuki ateratzen du, baliabide hauek erabiliz: esaerak, interjekzioak, irainak, biraoak, etab. Hala ere, beste erregistro formalago batzuk (erlijioa, zuzenbidea, etab.) erabiltzeko eta hizkuntza arruntarekin nahasteko erraztasun handia du, eta guzti honek hizkuntzari errealitate kutsua ematen dio.

Bestalde, oso hiztegi aberatsa du:

  • Lanbide ezberdinetan erabiltzen den hizkera menderatzen du (sukaldariena, soldaduena, marinelena, etab.).
  • Helenismoak modu trufatian erabiltzen ditu.
  • Izen parlanteak asmatzen ditu.

Horretaz gain, irria eragiteko baliabide ugari ditu: esajeraioak, errepikapenak, konparaketak, aliterazioak, txisteak, mitoen parodiak, etab. Ikuslearekin konplizitate handia lortzen du Plautok eta gizarteko alderdi zabal batentzat idazten duen lehen goi mailako autorea da, geroko literaturan eragin handia izanik. Gaur egun ere bere obrak antzezten dira eta arrakasta handia dute.

Entradas relacionadas: