Poesia Epikoa: Erromatar Literaturaren Oinarria

Clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,96 KB

POESIA EPIKOA

Epikaren helburu nagusia da errege eta buruzagien ekintza heroikoak abestea eta gorestea.

Latinezko lehen poema epikoa K.a. III. mendeko Livio Andronikoren Odussia da, Homeroren Odisea lanaren itzulpena. Andronikok, itzulpena egiterakoan, helburu didaktikoa zuen: ikasleei grekoa irakastea.

Nevioren Bellum Poenicum ere mende berekoa da; Neviok berak parte hartu zuen Erromaren eta Kartagoren arteko gudatean, eta horixe da, hain zuzen ere, lanaren gaia. Bellum Poenicum da itzulpena ez den lehen poema epikoa, eta, aldi berean, Erromaren historiari lotuta dagoen lana.

Kristo aurreko III. eta II. mendeen artean, Eniok bere lan nagusia idatzi zuen Annales izenarekin. Erromaren historia bertsoz idatzi zuen (Erroma sortu zenetik idazlearen garaira arte) eta ekintzak kronologikoki ordenatu zituen.

Livio Andronikoren, Nevioren eta Enioren lanak izan ziren erromatarrek ezagutu zituzten poema epiko bakarrak, Virgilioren Eneida agertu zen arte, K.a. I. mendearen amaieran.


Virgilio (K.a. 70-19)

Italiako iparraldeko herri batean jaio zen. Erromara joan zen erretorika-ikasketak egitera. Geroago, Napolesen, Epikuroren filosofia eta zientziak gertutik ezagutu zituen: astronomia, medikuntza eta abar. Erromara itzulitakoan, Mezenasen eta Augusto enperadorearen literatura-taldean sartu zen. Garai horretan hasi zen Eneida poema epikoa idazten, baina lan handi hura amaitu aurretik hil zen Virgilio, Grezia eta Troia ezagutzeko egindako bidaiatik itzultzen ari zela.

Augustok erromatar herriaren epopeia idazteko eskatu zion Virgiliori. Hamaika urte eman zituen idazleak Eneida idazten. Hil zorian zegoela, lana erretzeko eskatu zuen, amaitu gabe baitzegoen eta hainbat pasarte berrikusi gabe baitzeuden. Augustok ez zuen onartu Virgilioren azken nahi hori betetzea, enperadoreak bere burua identifikatzen baitzuen Eneas heroiarekin, lanaren protagonistarekin.


Latinezko literaturan Eneida da lan epiko nagusiena. Virgiliok Homero maisuari jarraitu zion, argi konpara daitezke Eneidaren lehenengo atala Odisearekin eta bigarren atala Iliadarekin. Lan horri esker, Eneas erromatarren arbaso mitikoa bilakatu zen. Eneas ez da gerlari hutsa, pius Aeneas baizik, hau da, errukiz eta bertutez betetako heroia da. Eneasek barneko kontraesan honi eutsi behar dio: jainkoen aginduak bete behar ditu, haren borondatearen aurkako aginduak diren arren.

Idazkera trebea du Virgiliok, epikaren handitasuna eta lirikaren arintasuna arazorik gabe uztartzen baititu. Esan daiteke Eneidak nobela antza duela, bertan abenturak, maitasuna eta gerra nahastuta daude-eta.

Lukano (K.o. 39-65)

Senekaren iloba. Kordoban jaio arren, ume-umetan eraman zuten Erromara, bertan ikas zezan. Neron enperadorearen agindupeko kuestore izan zen. Enperadorearen eta Lukanoren arteko adiskidetasuna hautsi zenean, Neronek bere aurka egindako konspirazioan parte hartu izana leporatu zion Lukanori.


Lukanok hainbat lan idatzi zituen: epigramak eta zenbait antzezlan. Baina, heldu zaigun lan bakarra Pharsalia poema epikoa da. Hamar liburuk osatzen dute poema hori.

Pharsalian, Zesarren eta Ponpeioren arteko gerrate zibilaren ekintzak kronologikoki kontatzen ditu: Zesarrek Rubikon ibaia zeharkatzen duenetik Kleopatrari Egiptoko erregetza ematen dion arte.

Lukanok gai historikei buruz idatzi zuen, mitologia alde batera utzita; horrela, Homerorengandik eta Virgiliorengandik aldendu, eta Nevio eta Enio idazleen bidea jarraitu zuen.

Pharsalia poemaren ezaugarri nagusiena errazionalismoa da: Lukanok, jainkoak baztertu, eta, horien ordez, gizakiari ematen dio protagonismoa. Idazlearen ustez, gizakiak berak du ekintzen erantzukizun osoa.

Entradas relacionadas: