Proteinen Sintesia: Itzulpen Prozesua
Clasificado en Biología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,61 KB
Itzulpenaren Sarrera
Proteinen sintesiari itzulpen deritzo, hizkuntza baten (nukleotidoen hizkuntzaren) informazioa beste hizkuntza batera (aminoazidoen hizkuntzara) igaroaraztea baita.
Erribosomaren Funtzioa eta Guneak
Prozesua erribosometan gertatzen da. Erribosomek egitura egokia dute rRNA sekuentziak barne hartzeko eta kodonez kodon mugitzeko gai dira. Erribosoma bakoitzak bi elkargune nagusi ditu:
- P gunea (Peptidil gunea): Kate polipeptidikoari lotutako azken aminoazidoa duen tRNA kokatzeko.
- A gunea (Aminoazil gunea): Kateko hurrengo aminoazidoa daraman tRNA molekula erantsiko zaion lekua.
Itzulpenaren Faseak
1. Hasiera (Iniziazioa)
Erribosomaren azpiunitate txikiena mRNA molekula baten 5’ muturrari lotzen zaio. Formilmetionina (fMet) aminoazido aldatua daraman lehen tRNA molekula bere lekuan kokatzen da, mRNA molekulako AUG hasiera kodoiarekin parekatzeko. Formilmetionina izango da sintetizatu berria den polipeptido kateko lehen aminoazidoa, gero hortik ken daitekeen arren.
mRNA, erribosomaren azpiunitate txikiaren eta hasierako tRNA aminoazilaren konbinazioari hasiera konplexu deritzo. Ondoren, erribosomaren azpiunitate handiena bere lekuan jartzen da; tRNA-formilmetionilak P zentroa hartzen du, eta A zentroa hutsik uzten du. Aldi horretarako behar den energia GTParen hidrolisiak hornitzen du, eta prozesuak, gainera, hasteko faktore espezifikoak behar ditu.
2. Luzapena (Elongazioa)
Aldi honetan, aminoazidoak elkarri hurrenez hurren erantsita, polipeptido katea hazten da. Luzapen prozesuak hiru urrats nagusi ditu:
- tRNA Aminoazilaren Lotura: Dagokion tRNA aminoazilak hurrengo kodoia ezagutzen du, eta erribosomaren A zentroan jartzen da. Horrek kodoi (mRNA) eta antikodoi (tRNA) base osagarrien parekatzea dakar. Luzapen faktoreak eta energia (GTP kontsumoa) beharrezkoak dira urrats honetan.
- Lotura Peptidikoaren Sorkuntza: Lotura peptidikoa sortzen da P zentroko tRNAri loturiko aminoazidoaren eta A zentroan txertatu berriaren artean, halako eran non polipeptido katea A zentroko tRNAri lotua geratzen zaion. Erreakzio hori erribosomaren azpiunitate nagusiaren parte den peptidil transferasa entzimak katalizatzen du.
- Lekualdaketa: Erribosoma hiru nukleotido harago mugitzen da mRNAren 3’ muturraren aldera. Horren ondorioz, tRNA librea (aminoazido gabea) askatu egiten da, eta tRNA peptidilak P zentroa hartzen du, A zentroa hutsik utziz hurrengo tRNArentzat.