Psikoanalisia: Sigmund Freuden Teoria eta Oinarriak

Clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,23 KB

Psikoanalisia: Sigmund Freuden Teoria

Sigmund Freudek sortu zuen psikoanalisia XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Hasieran, jendeak harrera ona egin zion, baina psikologo zientifikoak aurka agertu ziren, haien ikuspuntutik ez baitzituen teoria zientifiko batek bete beharreko baldintzak betetzen.

Freud hipnosia erabiltzen hasi zen, eta teknika horretan oso trebea ez zen arren, baliagarria izan zitzaion zerbaitetarako: jendeak egoera arruntean gogoratzen ez zituen gauzak hipnosi-egoeran gogoratzen zituela ohartu zen. Gerora, teknika hori baztertu eta asoziazio askearen teknikarekin egin zuen aurrera. Honen bidez, pazienteei burura etortzen zitzaien guztia askatasunez adierazteko eskatzen zien, hala nola ametsak edo bestelako oroitzapenak. Behin hori eginda, Freudek esandakoa aztertzen zuen, pazienteak izan zitzakeen desio, beldur, gatazka, emozio, bulkada eta oroitzapen ezkutuak ondorioztatzeko.

Horrela, inkontzientean gertatzen denak neurosiaren sorreran garrantzi handia duela ondorioztatu zuen. Sintomak, beraz, gaixoak ahaztutako gertaeren edo ohartzen ez den desira eta bulkaden adierazpen sinbolikoa lirateke. Freuden arabera, gatazka traumatikoenak izaera sexualekoak izan ohi dira. Horrela, inkontzientearen aurkikuntza eta errepresioaren nozioa eskutik helduta datoz.

Freuden teoriaren oinarriak

  1. Inkontzientea

    Bizitza psikologikoa bi zatitan banatzen da: kontzientea eta inkontzientea. Bien artean zentsura bat dago, prekontzientea deiturikoa (edozein unetan kontziente bihur daitekeen edukia).

  2. Ametsen interpretazioa

    Inkontzienteko bulkadak kontzientziara iristen saiatzen dira eta zentsurarekin borrokatzen dute. Lotan gaudenean, zentsura ahuldu egiten da eta, horri esker, desira eta bulkada erreprimituak kontzientziara igaro daitezke. Hala ere, zentsura ez da erabat desagertzen; horregatik, eduki inkontzienteak ez dira zuzenean agertzen, sinbolikoki baizik.

  3. Instintuak edo pultsioak

    Giza jarduera guztien kausa instintuak (edo pultsioak) dira. Freudek bi instintu mota nagusi bereizi zituen:

    • Hasieran: sexu-instintuak eta autokontserbazio-instintuak (edo Niarenak).
    • 1920tik aurrera: Eros (bizitza-pultsioak) eta Thanatos (heriotza-pultsioak).
  4. Nortasunaren teoria

    Nortasuna kontzientearen eta inkontzientearen arteko gatazkaren emaitza da. 1921ean, Fredek nortasunaren egitura hiru instantziatan banatu zuen:

    • Zera (Id): Pultsio eta desira inkontzienteak biltzen ditu.
    • Nia (Ego): Errealitatearen printzipioaren arabera jokatzen du, Zeraren bulkadak eta Superniaren exijentziak orekatuz.
    • Supernia (Superego): Arau moral eta sozialen barneratzea da.

    Giza portaera hiru instantzia horien arteko elkarrekintzatik sortzen da.

  5. Tratamendu psikoanalitikoa

    Tratamenduaren helburua sintomen jatorri inkontzientea aurkitzea da. Sendatze prozesuak esan nahi du Niak bulkada erreprimituak modu osasuntsu batean menderatzea eta kontrolatzea lortzen duela.

Entradas relacionadas: