San Agustin: Fedea, Arrazoia eta Bi Hirien Filosofia
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,72 KB
San Agustin: Izaki Absolutua eta Kontingenteak
Bi eratako izakiak bereizten ditu Agustinek: Absolutua edo Jainkoa eta hark sortutako izaki kontingenteak.
Jainkoaren existentziaren frogak
Jainkoaren izaera eta ezagutza
Jainkoa, izaki Absolutua, Betierekoa, Perfektua, guztiz Ona, Justua eta Aldaezina da. Arima fededunean frogatua agertzen da, arima gai baita Egia eta Jainkoa ezagutzeko, baina ezagutza hori ezinezkoa izango litzateke Haren existentziarik gabe. Jainkoaren existentziaren froga-saiakera ezagutzaren teoriaren ondorio zuzena da.
Existentziaren hiru argudio nagusiak
- Argudio gnoseologikoa: Egia existitzen denez, Jainkoa egiaren funtsa izanik, Jainkoa existitzen da.
- Argudio kosmologikoa: Kreazioak ezin dio eman gizakiari bilatzen duen zoriontasuna; bere gainetik dagoen egia baterantz, hots, Jainkorantz, seinalatzen du. Gizakien arteko adostasunaren bitartez, giza espezie guztiek Jainkoa munduaren sortzailea dela aitortzen dute.
- Ideia eredugarriak: Ideien mugagabetasunean eta beharrezkotasunean oinarritua. Gizakiak egia eredugarriak, mugagabeak eta beharrezkoak hautematen ditu. Jainkoak gizakiaren baitan jarri ditu ideia eredugarriak edo arketipoak, bere arima-adimenean. Adimenak ezin ditu eraldatu, bere gainetik daudelako. Adimenak argitasun handiagoarekin edo txikiagoarekin suma dezake, baina egia eredugarriek beti diraute berdin.
Historiaren filosofia: Lurreko Hiria eta Jainkoaren Hiria
Erromaren erorketaren interpretazioa
Erromaren gainbeheraren zergatiak argitzeko asmoarekin idatzi zuen Agustinek. Jentilek kristauei leporatu zieten jazotakoaren erantzukizuna (Erromatar Inperioaren erorketa). Kristauek indarkeria ezaren praktika zutelako, Erroma soldadu gabe gelditu zela eta babesteko gai ez zenez, barbaroek suntsitu egin zutela aurpegiratu zieten.
Hondamendiaren benetako kausa Erroma paganoaren luxu- eta plazer-grinak Inperioa ahuldu zutela izan zen. Erromari geratzen zitzaion itxaropen bakarra kristautasuna zen.
Bi Hirien arteko borroka
Agustinen gizadiaren kronika bi hiriren arteko borroka gisa agertzen da: onaren eta gaitzaren, Jainkoaren eta munduaren, argiaren eta ilunpeen hirien artekoa, alegia.
Gizakiak 2 taldetan banatzen ditu Agustinek:
- Alde batetik, bere burua Jainkoa baino maiteago dutenak: Lurreko hiritarrak dira.
- Bestetik, Jainkoa norbere buruaren mespretxuraino maite dutenak: Zeruko, Jainkoaren hiritarrak dira.
Bi hirien arteko borrokak denboraren amaiera arte iraungo du, Jainkoaren Hiriaren behin betiko garaipena iritsi arte. Historia, bi maitasunen arteko gatazka da: Jainkoarenganako maitasuna eta norberarenganakoa.
Kontuan izan behar da San Agustinen iritziz, fedea eta arrazoia, politika eta erlijioa hertsiki lotuta daudela, eta, ondorioz, historiaren gaineko doktrina agustindarra interpretazio politikoa zein teologikoa da.
Zoriontasuna: Egia Absolutua edukitzea
Zoriontasunaren bilaketa
San Agustinen kezka nagusia ez zen bakarrik egia bat topatzea, bihotza aseko zuen egia bat aurkitzea baizik. Zoriontasuna horrela lortzen da; hortaz, esan daiteke Agustin eudemonista zela.
Agustinek aipatzen duen Egia, egia posible guztien neurria (Absolutua) da. Goi Neurri hori Jainkoa baino ezin daiteke izan, hori ezagutzeak eta edukitzeak zoriontasuna eskaintzen dio gizakiari. Egia aurkitu ez duenak ezin da zoriontsu izan.
Eszeptizismoaren gainditzea
San Agustinek dio eszeptikoek ez dutela arrazoirik, haien tesia kontraesankorra delako. Izan ere, ezin badugu ezer ziurtasunez ezagutu, ezin dugu ere inolako ezagutza ziurrik ez dagoela dioen tesia ziurtasunez baieztatu.
Agustinek eszeptikoen jarrera gainditzen du: «Huts egiten badut, orduan badakit existitzen naizela», hau da, ziurtasunez dakit huts egiten dabilen zerbait naizela. Horrek frogatzen du eszeptizismo absolutua gainditzen dela, egia badela eta ezagutza posible dela.
Fedea eta Arrazoia: Ezagutzaren Teoria
Egiaren jabetza eta jakinduria
Fedearen eta Arrazoiaren artean bat egite bat dago. Egia ezagutzea nahitaezkoa du gizakiak, arimak duen lasaitasun eta atseden osoa lortzeko.
Egiaren jabetza, zientziaren objektua izan aurretik, jakinduriaren objektua da, jakinduria izateak gizakia zoriontsu bihurtzen baitu. Egiaren bilaketa horregatik da zoriontsu izateko bide bat.
Egiaren bilaketa agustindarrak ez dakar ezagutza bakarrik, fedea eta maitasuna ere bai. Agustinengan gizakia maitasunaren eraginez mugitzen den subjektua da.
Elkarlana: Credo ut intelligam
Ezagutzaren teoria ziurtasun-noziora bideratuta dago, gizakiak zoriontsu izateko ziurtasun osoa nahi duelako. Eta ziurtasun absolutua izan behar denez, ezin da zentzumenetan bakarrik oinarritu, fedean ere oinarritu behar delako. Arrazoiak eta fedeak bat egin behar dute.
Gizakia errebelazioaren bidez iristen da Jainkoagana, eta ondoren, errebelazio hori, sinesmen hori, ulertzen eta arrazionalizatzen saiatzen da.
Kristauak saiatu egin behar dira sinesten duena ulertzen. Fedeak printzipioz ez du arrazoia baztertu behar, eta arrazoiak, halaber, printzipioz, ez du fedea kanporatu behar. Filosofo kristauak ez ditu fedea eta arrazoia banatzen.
Formula hau litzateke: Credo ut intelligam, Intellego ut credam (Sinesten dut ulertzeko, eta ulertzen dut sinesteko).
Arrazoia eta fedea elkarlanean aritzen dira:
- Hasieran, arrazoiak gizakiari laguntzen dio fedea lortzen.
- Ondoren, fedeak arrazoia gidatzen eta argitzen du.
- Arrazoiak, era berean, fedearen edukiak argitzen ditu.