San Agustin: Fedea, Arrazoia eta Historiaren Filosofia

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,5 KB

Epistemologia: Fedea eta Arrazoimena Agustinen Pentsamenduan

Agustinen pentsamenduan, fedearen eta arrazoiaren arteko bat-egitea funtsezkoa da. Egiaren existentzia frogatu ondoren, hura lortzeko bidea azaltzen du: "Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko". Haren ustez, egia edukitzea zientziaren objektu izan aurretik, jakinduriaren objektu da (zoriontasuna).

Bestalde, ezagutza lortzeko ziurtasun absolutua ezinbestekoa dela uste du; horregatik, zentzumenei uko egin behar diegu, aldakorrak baitira eta mesfidantza sor dezaketelako. Horrenbestez, borondatea eta maitasuna (amor Dei) ezinbestekoak dira ezagutza lortzeko. Beraz, egiaren bilaketak ezagutza ez ezik, fedea eta maitasuna ere badakartza. Egiaren bilaketa bide espiritual bat da, ez soilik kontenplatiboa, aktiboa baizik. Amor Dei beharrezkoa da: borondatea, fedea eta maitasuna (Platonen Eros-en antzera).

Kristauak sinesten duena ulertzen saiatu behar du, izan ere, fedeak eta arrazoiak elkarren beharra dute. Agustinen ustez, fedeak eta arrazoiak kristau bidea argitzen dute. Nahiz eta teorian ezberdinak izan, praktikan banaezinak dira:

  • Arrazoi bidez fedea lortu.
  • Fedeak arrazoia gidatu eta argitzen du, eta era berean, arrazoiak fedearen edukiak argitzen laguntzen du.

Ezagutza Motak

Agustinen ezagutza motak honako hauek dira:

1. Ezagutza Sentikorra

Zentzumenen aldaketaz arima jabetzen da. Zentzumen bidez hautemandako objektuak agertu eta desagertu egiten direnez, ez dute benetako izaterik, eta beraz, ezin dira ezagutu.

2. Ezagutza Arrazionala

Bestetik, ezagutza arrazionala dago, non arrazoiak parte hartzen duen. Bi mota bereiz ditzakegu:

  • Zientzia-ezagutza: Egia objektiboa da, eta arrazoia erabiltzea dakar (adibidez, matematiketan). Animaliek ez dute hau eskuratzeko aukerarik.
  • Jakinduria-ezagutza: Betiereko egia da, unibertsala, Jainkoak gure baitan jarria. Arrazoia eta fedea erabiliz lor daiteke. Honek kontenplazio-ezagutza dakar, non arrazoia eta fedea erabili beharko ditugun (jainkozko ezagutza).

Argiztapenari dagokionez, giza adimena aldakorra da eta ezin du bere kabuz egia aldaezina ezagutu. Horretarako, jainkozko argiztapena behar du: Jainkoak arima argitzen du betiereko egiak bilatzen laguntzeko. Barnerapenari dagokionez, Agustinek dio Jainkoak gizakian barnean jarri dituela betiereko egiak, eta beraz, norberak bere barruan begiratu behar duela.

Historiaren Filosofia: Lurreko Hiria eta Jainkoaren Hiria

San Agustinek historia ulertzeko modua eraldatu zuen, grekoen ikuspegi ziklikoa baztertuz eta historiari ikuspegi lineala emanez. Ikuspegi linealean, gertaera bakoitza historiaren helburu nagusiaren arabera ulertu behar da, eta horrek historiari norabide eta zentzu bat ematen dio.

"Jainkoaren Hiria" Agustinen lan nagusietako bat da, eta 410. urtean idatzi zuen, kristautasunaren aldeko defentsa gisa. Paganismoaren eta kristautasunaren arteko lehia bizi zen garai hartan, eta paganoek kristauei egotzi zieten Erromako gainbehera. Paganoen arabera, kristauek ez zutelako Erroma babestu, kristauen Jainkoa ahula zen.

San Agustinek, ordea, argudio honi aurre egin zion: benetako itxaropena kristautasuna da, lurreko inperioak iragankorrak diren bitartean, Jainkoaren hiritarrak betiereko helburu batean oinarritzen direlako.

San Agustinek gizadiaren historia bi hiritan banatu zuen:

Bi Hiriak: Lurrekoa eta Jainkoarena

1. Lurreko Hiria

Lehenik, Lurreko Hiria. Bertakoak norbere burua Jainkoaren gainetik maite dute (amor sui). Munduko errealitateak helburu bihurtzen dituztenak dira, eta Jainkoari uko egiten diote.

2. Jainkoaren Hiria

Bestalde, Jainkoaren Hiria. Bertakoek Jainkoa norbere buruaren gainetik maite dute (amor Dei). Hauek onaren, argiaren, Jainkoaren hirikoak dira; Jainkoa aukeratzen dutenak eta munduko balioak Jainkoarengana heltzeko bitarteko egiten dituztenak.

Hasieran, bi hiriak nahasirik bizi dira, baina azkenean banandu egiten dira. Sarituak (Jainkoaren hiritarrak) eta zigortuak (Lurreko hiritarrak) izango dira. Hala ere, zintzoen hiria ikusezina da, azken epaiketaren egunaren ondoren agertuko baita.

San Agustinek argi bereizi zituen Estatua eta Eliza. Hala ere, biak historiaren parte dira, eta bien bidez gizakiak bi jokabide mota aukeratu ditzake. Azkenik, San Agustinek erakutsi zuen, fedea eta arrazoiaren moduan, politika eta erlijioa ere elkarri lotuta daudela.

Entradas relacionadas: