Simone de Beauvoir eta Hannah Arendt: Pentsamendu Kritikoa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 14,07 KB
Filosofia-ingurunea: Arrazoi Ilustratuaren Krisialdia eta XX. Mendeko Totalitarismoak
XVIII. mendeko Ilustrazioak tradizioa eta erlijioaren dogmak baztertu eta arrazoiaren erabilera askea aldarrikatu zuen, gizartearen aurrerapena helburu. Kant filosofoak “Sapere Aude” (ausartu zaitez jakintzaz) leloa proposatu zuen Ilustrazioaren sinbolo gisa. Ilustratuen ustez, arrazoiaren bidezko askatasunak aurrerapen zientifiko, politiko eta etikoa ekarriko zuen, eta horrek gizartea utopiarantz eramango zuen.
Hala ere, XX. mendeko bi mundu gerrak, eta bereziki bonba atomikoa eta heriotz-zelaiak, amets horren porrota agerian utzi zuten. Ilustrazioaren proiektu aurrerakoiak nola bihurtu zen horren gehiegikeria latzetan? Galdera horri erantzuten saiatu zen Frankfurteko Eskola, 1930eko hamarkadatik aurrera. Eskola honek, Max Weberren arrazoimen instrumentalaren kontzeptua berrinterpretatuz, Ilustrazioak natura menperatzeko arrazoimen tresnatu bat garatu zuela salatu zuen.
Arrazoimen horrek, hasiera batean gizakiaren bizimodua hobetzea helburu bazuen ere, bere logika gizarteko beste esparruetara hedatu zuen. Horrela, gizakiak natura bezalaxe tratatzen hasi ziren: baliabide huts gisa. Horkheimer eta Adornoren arabera, horrek gizakia gizartearen torloju bihurtu zuen, eta bere duintasuna galdu zuen. Ondorioz, Holokaustoaren antzeko izugarrikeriak eta Hiroshima bezalako bonbardaketak arrazoiaren izenean justifikatu ahal izan ziren. Frankfurteko Eskolarentzat, Ilustrazioak bere barnean totalitarismoaren arriskua zeraman.
Filosofia Existentzialistaren Ideia Nagusiak
Existentzialismoa gizabanakoa ardatz duen filosofia korrontea da. Nahiz eta ikuspuntu anitz jorratu, existentzialistek hainbat gai partekatzen dituzte: askatasuna, erabakimena, alienazioa eta bizitzaren zentzurik eza, horrek eragiten duen larritasunarekin. Søren Kierkegaard izan zen lehen aitzindaria XIX. mendean, baina XX. mendeko pentsalariek –Karl Jaspers, Heidegger, Sartre eta Camus, besteak beste– garatu zuten sakonki. Mendebaldeko Europan izan zuen oihartzun handiena, eta Euskal Herrian Txillardegi nabarmendu zen joera horretan.
Existentzialismoaren oinarria da existentzia esentziaren aurretik datorrela. Hau da, gizakiak ez dauka aurrez zehaztutako izaerarik edo paturik: norberak eraikitzen du bere burua bere hautuen bidez. Munduak ez du zentzu objektiborik; gizabanako bakoitzak eman behar dio berea. Horregatik, autonomia eta erantzukizun pertsonala funtsezkoak dira. Existentzialismoak esperientzia partikularrei balioa ematen die, eta pertsonaren askatasunaren pisua azpimarratzen du.
Filosofia hau Mendebaldeko arrazionalismoaren aurkako erreakzio moduan ere uler daiteke: ez du bizitza soilik arrazoiaren arabera ulertzen, baita sentimenduak, sormena eta irudimena ere kontuan hartzen ditu. Horrela, Nietzschekin bat egiten du bizitzaren baieztapenean. Gainera, existentzialismoa kristautasunaren gainbeheraren ondoren sortutako hutsunea betetzeko saiakera bat ere bada. Bere eragina nabarmena da literaturan, zineman eta antzerkian.
Totalitarismoaren Jatorria: Gaitz Absolutua
Hannah Arendtek nazismoa eta Sobietar Batasun estalinista hartu zituen totalitarismoaren adibide nagusitzat, eta fenomeno hori ulertzeko kategoria berriak beharrezkoak zirela azaldu zuen Totalitarismoaren jatorria lanean. Bere ustez, historian lehen aldiz gertatu zen halako basakeria antolatu eta sistematikoa.
Totalitarismoaren bi aurrekari identifikatzen ditu: antisemitismoa eta inperialismoa. Lehenengoa, juduak estatu-nortasunaren aurkako etsai gisa aurkezten zituen Europa modernoan. Bigarrena, kapitalaren eta arraza-ideologien uztarketa izan zen, kolonialismoaren bidez egindako sarraskiak justifikatuz.
Lehen Mundu Gerraren ondorengo krisiak testuinguru egokia eskaini zien mugimendu totalitaristei. Ideologiarik gabeko masak etorkizun hobe baten promesarekin erakartzen zituzten, sarri intelektualen babesarekin. Boterea eskuratuta, estatua eraldatzen zuten: legeak aldatu, lider bakarraren inguruan boterea zentralizatu, alderdiak desagerrarazi, eskubide indibidualak baliogabetu eta izuaren bidez kontrola ezarri.
Arendten arabera, totalitarismoaren helburua boterea mantentzea da, eta horretarako gizabanakoa suntsitzen duen sistema juridiko eta soziala eraikitzen da. Pertsona juridikoa (eskubideak), morala (etika soziala) eta banakotasuna ezabatu egiten dira, heriotza-lantegien bidez, gizakia “soberakin” bihurtuz. Horrela, totalitarismoan ez dago mugarik, gizakiaren etorkizuna burokrazia hotz baten esku geratzen da, eta gizabanakoa sistema horren menpeko pieza anonimo bihurtzen da.
Eichmann Jerusalemen eta Gaitzaren Banaltasuna
Adolf Eichmann, Holokaustoaren antolatzaile nagusietakoa, 1960an atxilotu eta 1961ean Jerusalemen epaitu zuten. Arendtek Eichmann Jerusalemen lanean aztertzen du nola pertsona arrunt batek milaka heriotzaren erantzukizuna izan dezakeen. Bi argudio nagusi aztertzen ditu: lehenik, Eichmannek estatu-arrazoien izenean jokatu zuela, eta bigarrenik, aginduak betetzera mugatu zela.
Arendten arabera, estatu totalitarioek salbuespenak egunerokotasun bihurtzen dituzte, eta aginduen jarraipena ez da justifikazio morala. Horrez gain, legearen babesean egindako hilketak estatu totalitarioaren ezaugarri bihurtzen dira: erailketa administratiboak normalizatzen dira, eta horrek “gaizkiaren hutsalkeria” ekartzen du. Eichmann ez zen krudela berez, baizik eta hausnartu gabe ekiten zuen norbanakoa, eta horrek bihurtzen du errudun.
Arendten ustez, edozein gizakik egin ditzake horrelako sarraskiak, pentsamendurik eta kontzientziarik gabe jokatzen badu. Holokaustoa ez zen soilik goi-agintarien krudelkeriaren ondorio izan, baizik eta masa zabal batek ekintzen ondorioak hausnartzeko gaitasunik ez izatearen emaitza. Horregatik, Arendtek parte-hartzean oinarritutako demokrazia defendatzen du: elkarrizketa, hausnarketa eta erantzukizuna sustatzen dituen sistema gisa, totalitarismoaren aurkako babesik onena delako.
Feminismo Garaikidea: Simone de Beauvoir eta Emakumearen Kategoria
Simone de Beauvoirrek 1949an argitaratutako Bigarren sexua lanak feminismoaren oinarriak ezarri zituen. Bertan, emakumearen askatasuna eta norbere burua definitzeko eskubidea aldarrikatzen ditu. Existentzialismoaren oinarrietan oinarrituta, Beauvoirrek gizakiaren funtsa askatasunean kokatzen du: ez dago aurrez finkatutako esentziarik, eta norberak eraikitzen du bere identitatea. Hala ere, emakumeari aldez aurretik inposatzen zaio bere papera gizarteak erabakitako ereduen arabera.
Emakumea historian zehar “bestea” gisa definitu da: gizona subjektu absolutua bihurtu den bitartean, emakumea haren osagarri huts bilakatu da, haren menpekoa. Kulturak emakumeak txikitatik moldeatzen ditu, emazte eta ama izatea helburu bakartzat aurkezten du. Honela, emakumeak ezin du bere nortasuna libreki eraiki.
Beauvoirrek emakumearen askapenerako bideak proposatzen ditu: amatasunaren eraikuntza soziala auzitan jartzen du, eta emakumeek euren gorputzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea aldarrikatzen du (abortua, kontrazepzioa, zerbitzu publikoak, etab.).
Azken helburua sexuen arteko berdintasuna da, harreman hierarkikoak deseginez. Horretarako, emakumeen askapen kolektiboa beharrezkoa da, bai arlo sexual eta sentimentalean, baita ekonomikoan ere, autonomia osoa garatzeko.
Ideia Feministen Garapena Ilustraziotik XXI. Mendera
Feminismoa emakumeen diskriminazio historikoaren aurka borrokatu eta eskubide berdintasuna aldarrikatzen duen pentsamendu korrontea da. Bere ibilbidean hainbat fase izan ditu. XVIII. mendeko ilustratu aitzindariek, hala nola Olympe de Gouges eta Mary Wollstonecraft, emakumeen berdintasun politikoa aldarrikatu zuten. XIX. mendetik aurrera, sufragistek, Elizabeth Cady Stanton eta Lucretia Mott bezalakoek, bozka eskubidea eta eskubide liberalen unibertsalizazioa aldarrikatu zuten.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, emakumearen amatasunaren papera indartu zen, baina 1949an Simone de Beauvoirrek Bigarren sexua liburua argitaratu zuen. Bertan, emakumeak ez direla naturalki menpekoak, baizik eta sozialki eraikiak direla azaldu zuen. Emakumeek bere buruaren definizioa gizonen esku uzteak zapalkuntza sortzen du.
1950ean, Betty Friedanek emakumeen etxeko rolaren ondorio psikologikoak salatu zituen. 60ko hamarkadan, feminismo erradikalak heteropatriarkatua salatu eta “pribatua politikoa da” aldarrikatu zuen. Gorputzaren jabetza eta autonomia aldarrikatu zuten.
80-90eko hamarkadetan, Judith Butlerrek generoaren eraikuntza soziala salatu zuen eta intersekzionalitatearen ikuspegia indartu zen. Angela Davis bezalakoek emakumeen aniztasuna eta zapalkuntzaren forma desberdinak aztertu zituzten.
Testuak
Eichmann ez zen ergela. Buruarinkeria hutsak —ergelkeriarekin inola ere ezin berdindu den gauza— bultzatu zuen garai hartako gaizkile handienetako bat bihurtzera. Eta hori hutsala, baldin bada, baita xelebrea ere, munduko borondaterik onenarekin ere ezin baldin bazaio Eichmanni deabruzko sakontasunik egotzi, hala eta guztiz ere, ezin esan genezake gauza arrunta denik. Ezin da horren gauza arrunta izan heriotzaren aurrean dagoen gizon batek, areago, urkamendian dagoen gizon batek, bakar-bakarrik bere bizitza osoan hiletetan entzun dituen hitzetan pentsatzeko gaitasuna izatea, eta bere heriotzaren errealitatea hitz jaso horiek osorik ezkutatzea. Errealitatetik horren urruti egotea, buruarinkeria hori, kaltegarriagoa izan daiteke giza-naturak, ausaz, berezkoak dituen sen gaizto guztiak batera hartuta baino, eta huraxe izan zen, hain zuzen ere, Jerusalemen eman zen irakasbidea.
Eichmann ez zen tentela, arduragabea baizik. Bere jokaera arin horrek bihurtu zuen hain arriskutsua. Nahiz eta ez zen pertsona gaiztoa, ez zen ohikoa heriotzaren aurrean hitz politetan babestea eta benetako egoera ukatzea. Errealitatetik hain urrun egotea kaltegarria izan daiteke benetako gaiztakeria baino gehiago, eta hori ikusi zen Jerusalemen.
“Gaizkiaren hutsalkeriaz ari naizenean, gertakari hutsen mailan ari bainaiz, epaiketan oso nabarmena gertatu zen fenomeno bat azpimarratuz. Eichmann ez zen Iago bat ez Macbeth bat, eta ezer ez zegoen haren burutik urrutiago Rikardo III.arekin batera “gaiztagin gertatzea” baino. Bere aurreramendu pertsonala zaintzeko zuen prestutasun harrigarria salbu, hark ez zeukan ezertarako motiborik. Eta prestutasun hori, berez, ez zen inondik ere gaiztoa; Eichmannek ez zuen bere gainekoa hilko haren postua heredatzeko. Eichmannek, besterik gabe, eta lagunarteko hizkeran esateko, ez zekien zertan ari zen. Irudimen falta horrixe esker, hain zuzen ere, izan zen kapaz polizia-galdeketa gidatzen zuen aleman judu baten aurrean hilabeteak eta hilabeteak emateko, gizon hari bihotza zabalduz eta behin eta berriz agertuz nola SSetako lotinant koronelaren mailara baizik ez zen heldu, eta ez zela beraren errua izan mailaz igo ez bazuten. Teorian, nahiko ondo zekien zer zen hura dena, eta “gobernuak (gobernu naziak) agindutako balio eskala berria” aipatu zuen auzitegiaren aurrean egin zuen azkeneko adierazpenean.”
“Gaitzaren hutsalkeriaz” hitz egitean, Eichmannen kasu bitxia aipatzen da: ez zen beti gaiztoa, baizik eta ulertu gabe aritu zen aginduak betetzen. Ez zuen inor zapaldu nahi postuak lortzeko, baina goraka egiteko gogo handia zuen. Ez zekien ondo zer egiten zuen, eta horregatik aritu zen lasai bere eginkizunak kontatzen, errudun sentitu gabe.
Gogoeta: Pentsamendu Kritikoaren Balioa Gaur
Postmodernitatearen ezaugarri nagusia egia tradizional eta absolutuak baztertzea eta eremu guztietako perspektiben aniztasuna positiboki baloratzea da. “Zenbat eta gehiago entzun, orduan eta nabarmenagoa zen bere hitz egiteko ezintasuna pentsatzeko ezintasunarekin, batez ere beste pertsona baten ikuspuntutik pentsatzeko ezintasunarekin hertsiki lotuta zegoela” baieztatu zuen Arendtek Eichmanni buruz. Testuinguru honetan, pentsamendu kritikoa ezinbestekoa da, aurreiritziak eta dogmak zalantzan jartzeko, eta ikuspegi anitzak aztertzeko. XVIII. mendeko Ilustrazioak arrazoiaren erabilera libre eta autonomoa aldarrikatu zuen, Kant filosofoaren “Sapere Aude” leloaren bidez. Hala ere, XX. mendeko totalitarismoek egiaztatu zuten arrazoimen instrumentala gizakia zapaltzeko eta sarraski sistematikoetarako erabil zitekeela.
Hannah Arendtek pentsamendu kritikoaren eta ekintzaren arteko harremana zuzenean lotu zuen. Totalitarismoaren Jatorriak lanean ideologia absolutuek nazismoa eta estalinismoa baliatuta gizakiaren duintasuna eta banakotasuna nola suntsitu zuten azaldu zuen. Giza Kondizioa lanean, ekintza espazio publikoan aniztasunaren defendatzaile dela defendatu zuen. Eichmann Jerusalemen lanean “gaizkiaren hutsalkeria” kontzeptuak erantzukizun falta agerian utzi zuen. Bere gogoetek erakusten dute etika etengabeko gogoetatik eta ekintza kontzientetik datorrela.
Simone de Beauvoirren existentzialismo feministak genero-identitatea eta askatasun pertsonala lotzen ditu. Bigarren Sexua obran emakumeen ontologia finkorik eza eta gizarte-konstruktuen eragina azpimarratu zituen. Emakumea “bestea” bihurtzen duten hizkuntza eta normak kritikatu zituen, eta askatasun kritikoa eta hausnarketa feminista funtsezko tresna direla defendatu zuen. Bere lanek postmodernitatearen testuinguruan egia erlatiboen ulermena indartu zuten, ikuspegi anitzak egitura berdintsu batean hartzeko beharra azpimarratuz.
Pentsamendu kritikoa, beraz, gaur egungo gizarte heterogeneoan funtsezkoa da. Arendtek erakutsi zuen etika hausnarketatik eta ekintza kontzientetik datorrela, eta de Beauvoirrek azpimarratu zuen askatasuna generoko harreman hierarkikoen gainetik eraiki behar dela. Hausnarketa kritikoak egia erlatiboetan nabigatzeko, absolutuen mugak hautemateko eta ikuspegi aniztasuna baloratzeko tresna eskaintzen du. Hori guztia inklusibitatea, errespetua eta bizikidetza demokratikorako oinarria da. Bere aplikazio praktikoak desinformazioaren aurkako babesa eta giza eskubideen defentsa sendotzen ditu, bereziki elkarlana sustatuz.