Simone de Beauvoir eta Karl Marx: Gizartearen Analisi Filosofikoa
Clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,83 KB
Simone de Beauvoir: "Bestea" eta Askatasuna
Simone de Beauvoirren abiapuntua da konturatzea gizateriaren kultura-ekoizpenak —artea, hizkuntza, jakintza— gizona dutela erreferente nagusi. Gizona da beti eredu estandarra eta neutroa, eta horren ondorioz, emakumea “Bestea” bihurtzen da, hau da, ez da subjektua, baizik eta gizonaren aldean definitzen den izakia.
Beauvoirrek dioenez, femeninoa ez dago gizakiaren kontzeptuan barneratuta, baizik eta periferian kokatzen den atributu espezifiko bat da. Emakume izatea ez da zerbait naturala edo berezkoa, baizik eta gizonek diseinatu eta definitu duten zerbait, emakumeak kontrolatzeko.
Gizonek idatzi dute historia, hitzez hitz eta sinbolikoki, eta horrek emakumeak bizitzatik, politikatik eta ekoizpen sinbolikotik baztertzea ekarri du. Beauvoirrek hau menderakuntza mekanismo baten sintoma gisa interpretatzen du, eta emakumeak gizonen begiradaren arabera moldatzearen ondorioz, alienazio egoeran bizi direla azpimarratzen du.
Horregatik esaten du bere esaldi ospetsuan:
“Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da.”
Hau da, emakume izatea ez da egoera biologiko hutsa, baizik eta eraikuntza sozial eta kulturala, mendeetan zehar jasandako zapalkuntzaren emaitza. Bere ustez, emakumeek bere nortasuna autonomoki definitu behar dute, gizonen moral eta ikuspegi inposatuetatik askatuz. “Bestea” izateari utzi, subjektu bihurtu eta historia berridazteko eskubidea aldarrikatzen du.
Etika Existenzialista eta Bizitza Autentikoa
“Anbiguoa” izateak adierazten du ez dagoela balio bakar eta berdin bat guztiontzat. Gizakiak bere helburuak jarri behar ditu, eta horiek lortzean, beste helburu berriak sortu: horrela hartzen du bizitzak zentzua. Horregatik, etikak ez du errezetarik; ekintzen eta helburuen arteko koherentzia da benetako gida bakarra.
Bizitza autentikoa da norberaren proiektuen arabera bizitzea, aske izatea eta norbere balioak gauzatzea. Bizitza inautentikoa, aldiz, bestearen balioen arabera bizitzea da. Hala ere, egoera batzuetan —zapalkuntza eta menderakuntza testuinguruetan, adibidez—, hori ez da aukera libre bat, baizik eta inposatutako egoera bat, eta horrek frustrazioa eta sufrimendua ekar ditzake.
Azkenik, moral autentikoak zorrotza izan behar du: ez du aitzakiarik onartzen. Eguneroko erabakien bidez eraikitzen dugu gure ingurua, gizartea eta mundua. Horregatik, benetako moralak eskatzen du askatasuna onartzea, eta gure ekintzak arduraz eta koherentziaz egitea.
Marx eta Alienazio Erlijiosoa
Alienazioa da gizakiak bere izatearen jabetza galtzen duenean, bere ahalmenak eta balioak kanpoko zerbaiten menpe geratzen direnean. Erlijioaren kasuan, alienazio erlijiosoa gertatzen da: gizakia Jainkoaren menpe bihurtzen da eta ez da bere buruaren jabe. Marxentzat hau da alienazioaren modu ideologiko bat, baina alienazio ekonomiko eta sozialarekin ere lotuta dago. Izan ere, lanak eta ekoizpen harremanek ere gizakia bere izatearen jabetzatik urruntzen dute.
Erlijioa, Marxen ustez, sufrimendu errealen eta adierazpen idealen arteko lotura da. Gizakiak mundu honetako sufrimenduari aurre egin beharrean, salbazioa beste mundu batean bilatzen du, eta horrek zapalkuntza mantentzen du. Erlijioak kontsolamendua eskaintzen du, baina horrek errealitatearen aldaketa eragozten du.
Hori dela eta, Marxek erlijioa "herriarentzako opioa" zela esan zuen:
Haren funtzioa herria lo mantentzea baitzen.
Erlijioaren funtzioa alienazioa eta zapalkuntza mantentzea da. Horregatik, askatasun osoa lortzeko, erlijioa gainditu behar da.
Marxen Komunismoaren Teoria
Marxen ustez, kapitalismoaren ondoren gizarte komunista etorriko da, hau da, benetako askatasuna eta berdintasuna oinarri izango dituen sistema. Gizarte komunista honetan ez da egongo ez alienaziorik, ez esplotaziorik, ez eta klase-zapalkuntzarik ere. Proletarioek iraultzaren bidez boterea eskuratuko dute, produkzio-bideen jabetza pribatua ezabatuko da, eta gizarte-klaseak desagertuko dira. Estatuko erakunde burgesak, hala nola parlamentuak eta alderdi politikoak, ezabatu egingo dira eta benetako demokrazia ezarriko da.
Marxek bi fase bereizten ditu komunismora iritsi arte:
- Sozialismoa edo proletalgoaren diktadura: Trantsizio egoera bat da. Fase honetan, lanaren banaketa "bakoitzarengandik haren gaitasunen arabera, bakoitzari haren ekarpenaren arabera" izango da. Horrek oraindik desberdintasun batzuk ekarriko ditu, eta estatuak funtzio bat izango du oraindik. Hala ere, klase zapalkuntza amaituta egongo da, eta gizartearen oinarri berria ezarriko da.
- Komunismo osoa: Produkzio-bideak ez dira inoren jabetza izango, beharrak asetzeko nahikoa izango da, eta ondasunak "bakoitzari bere beharren arabera" banatuko dira. Estatuaren eginkizuna amaituko da eta desagertuko da. Horrez gain, lan alienatua amaituko da, esplotazioa desagertuko da, eta pertsonen arteko harreman benetakoak garatuko dira. Azkenik, historian zehar egon diren gatazkak ere bukatuko dira, eta historia bera amaitutzat jo daiteke.
Marxen Materialismo Historikoa
Materialismo historikoa, Marxen arabera, historia prozesu dialektiko bat da, produkzioaren baldintza materialek zehaztutako prozesu bat. Hegelek historia ideia edo espirituaren bilakaera gisa ulertu zuen, baina Marxek hori errealitate materialaren bilakaera gisa interpretatzen du. Marxen arabera, gizartearen historia ez da ideien edo kontzientziaren produktu, baizik eta materialaren produkzioak gidatzen duena. Hau da, bizitza materialaren produkzio moduak dira historia ulertzeko giltza nagusia.
Gizartearen egitura bi ataletan banatzen da:
- Azpiegitura: Produkzio indarrak (baliabideak, teknologia, makinak…) eta produkzio harremanak (nork lan egiten duen, nork agintzen duen, jabetzak...). Produkzio indarrak lan tresnak eta baliabide teknikoak dira, eta produkzio harremanak, berriz, jabetza eta klase sozialen arteko harremanak dira, gizartean bizi diren pertsonen arteko interakzio ekonomikoa adierazten dutenak.
- Gainegitura: Azpiegituraren gainean dago eta kultura, lege, erlijio eta ideologia guztiak hartzen ditu. Honek azpiegitura ekonomikoa justifikatzen du eta gizartearen egitura politiko eta ideologikoa osatzen du. Marxek dioenez, gainegitura azpiegitura ekonomikoaren menpe dago eta haren eginkizuna sistema ekonomikoa eta soziala mantentzea da.
Marxek gizartearen historian hainbat produkzio-modu identifikatzen ditu:
- Komunismo primitiboa
- Esklabismoa
- Feudalismoa
- Kapitalismoa
- Sozialismoa
Produkzio modu hauek klase borroken bidez aldatzen dira, eta hori da historian aurrera egiteko motorra.