Sofistak, Sokrates eta Platon: Filosofia Grekoa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,46 KB
Sofistak: Eszeptizismoa, Erlatibismoa eta Konbentzionaltasuna
Sofistak Atenasen bizi ziren atzerritar jakintsu batzuk ziren. Kanpotarrak izateagatik ez zuten batzarretan parte hartzeko eskubiderik. Atenastarrak irakatsi egiten zituzten diruaren truke. Lantzen zituzten edukiak honako hauek ziren: dialektika (eztabaidaren artea) eta erretorika (diskurtsoaren artea). Horretaz arduratzen ziren; alegia, atenastarrak politikari bezala hezteaz.
Ideiari dagokionez, eszeptizismo epistemologikoa aldarrikatzen zuten, hau da, ezinezkoa da egia aurkitzea, ez baitago nahikoa frogarik egiak egia direla frogatzeko. Gauzen eta gizakien gaineko egiarik ez dagoenez, egia horiek ezin dira ezagutu. Gainera, erabaki moralen justifikazioak erlatiboak direla aldarrikatzen duen pentsaera da (erlatibismo morala). Hots, zuzena eta zuzengabea, ona eta txarra, dena erlatiboa dela adierazten du. Bestalde, Jainkoarekiko jarrera agnostikoa da; hau da, sofistek diotenez, ezin da Jainkoa ezagutu, ezta existitzen denik ere frogatu, baina ez dute Jainkoa ukatzen.
Sofisten arabera, legea konbentzionala da, hots, adostutakoa. Honako hau hiru arrazoiengatik ematen da:
- Aurreko teoriekiko mesfidantza zegoelako.
- Demokraziaren existentziak gizakiaren gogoeta bultzatu zuelako, eta arazoak asanbladetan argudiatu behar direlako.
- Kultura desberdinetan, legeak akordio bidez adosten direlako.
Hala ere, legeak komenigarriak direlako egiten direla uste dute. Komenigarritasunaren araberako legeak dira.
Sokrates: Egia, Morala eta Metodoa
Sokrates Atenasen bizi izan zen filosofo bat izan zen, eta “Atenasko ezpara” deitzen zioten. Sofistak bezala, irakatsi egiten zuen Sokratesek, baina trukean dirurik eskatu gabe.
Aristotelesen arabera, bi ekarpen nagusi egin zituen:
- Argudiaketa induktiboa (egoera partikularretatik abiatuta definizio orokorrak lortzea).
- Definizio unibertsalak.
Sokratesen bilaketaren helburu nagusia egia aurkitzea zen, izan ere, egia aurkitzen dutenak soilik izan daitezke zoriontsu (antierlatibismo morala). Ongia zer den jakiten duenak (definizio unibertsala, hortaz, egia bat), ongia egitera joko du, eta honela, ona izanez, zoriontsu izatera helduko da. Hau da intelektualismo morala.
Elkarrizketa Sokratesen metodoa da. Solasaldiaren bidez bi pausutan garatzen da:
- Ironia: Sokratesek ezjakinaren itxura egiten zuen, hizkideek sortutako ideiak aztertuz (eta batzuk baztertuz).
- Maieutika: Ironiaren ondoren, galderak egiten ditu, egia zuzenean erakutsi gabe, solaskidea egiarantz gidatzeko.
Sokratesek errespetu handia zion legeari. Halako moldez ezen berari leporatutako kondena onartu baitzuen, nahiz eta epailea bidegabea izan, uste baitzuen legea betetzea bere eginbeharra zela. Hau da, legea bete behar da, nahiz eta gure interesen aurka joan, zuzentasunaren isla izan behar duelako.
Platon: Ideien Teoria
Platonen filosofiaren ardatza ideien mundua da. Platonen Ideien Teorian bi mundu bereizten dira: mundu sentikorra eta ideien mundua.
Mundu sentikorrean gauzak etengabe aldatzen doaz, beraz, ezin ditzakegu definizio unibertsalik atera. Bestalde, ideien mundua dago, non ideiak betierekoak eta aldaezinak diren. Beraz, egia eta definizio unibertsalak ideien munduan bilatu behar ditugu, hau baita benetako errealitatea. Hortaz, mundu sentikorrak ideien munduaren kopia da.
Pentsaera hau Timeo elkarrizketan ikusten da, non Demiurgoak alde batean materia eta bestean ideiak dituen. Honek materia ordenatzen du ideiak eredutzat hartuz eta mundu sentikorreko gauzak sortzen ditu.
Ideien munduaren barruan, ideiak hierarkia bat osatuz daude antolatuta. Ongia ideia gorena izango da, errealitate osoaren iturburua delako. Beraz, gizakiak lehenengo gauza fisikoen ideiak, gero ideia geometrikoak eta matematikoak eta, ondoren, ideia estetikoak eta moralak barneratzen ditu. Azkenean, ideiarik gorena ezagutzen du: ongia.
Beraz, errealitateari buruzko teoria honek bi mundu daudela adierazten du; mundu fisikoa (edo sentikorra) bata, eta ideien mundua bestea. Mundu fisiko honetatik at dauden materiagabeko errealitate absolutu, aldaezin eta orokorrek benetako errealitatea osatzen dute.