Soinu-uhinen oinarriak eta ezaugarriak
Clasificado en Física
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,55 KB
Soinu-uhinak
Bibrazioek inguruneko aire-geruzak higiarazten dituzte. Bibrazioa airearen bidez gure belarrietara heltzean, tinpanoan bibrazioak eragiten ditu. Hauek barne-belarrira transmititzen dira, eta handik garunera, soinua deritzon sentsazioa sortuz.
Soinua gorputz baten bibrazio edo perturbazio mekanikoa da, uhin gisa edozein ingurune material elastikotan zehar hedatzen dena. Giza entzumenaren hautemate-tartea 20 Hz eta 20.000 Hz artekoa da.
- Uhin infrasonikoek maiztasun-tarte entzungarritik beherako maiztasuna dute.
- Uhin ultrasonikoek, aldiz, maiztasun-tarte entzungarritik gorakoa dute.
Soinu-uhinen eraketa mekanismoa
Soinu-uhinak bi magnitudeen bidez deskriba daitezke:
- Desplazamendu-anplitudea (Smax): inguruneko bolumen-elementu txiki batek bere oreka-posizioarekiko duen desplazamendu maximoa.
- Presio-anplitudea (ΔPmax): orekako balioarekin alderatuta gertatzen den presioaren aldakuntza maximoa.
- Desplazamendua nulua denean, presio-aldakuntza (ΔP) maximoa da.
- Desplazamendua maximoa denean, presio-aldakuntza (ΔP) nulua da.
Hortaz, soinu-uhina desplazamendu-uhin modura edo presio-uhin modura har daiteke.
Soinu-uhinen abiadura
Soinuaren abiadura handiena solidoetan lortzen da, haien konprimagarritasun-modulua likidoena eta gasena baino handiagoa baita. Likidoetan, abiadura gasetan baino handiagoa da, gasen konprimagarritasun-modulua txikiagoa delako.
Soinuaren ezaugarriak
Intentsitatea
Soinu gogorrak eta ahulak bereiztea ahalbidetzen duen ezaugarria da. Soinu-intentsitateak ondo bereizi beharreko bi alderdi ditu:
- Intentsitate fisikoa edo objektiboa: uhinak garraiatzen duen energia.
- Intentsitate fisiologikoa edo subjektiboa: intentsitate objektibo jakin bateko soinuak belarrian eragiten duen inpresioa. Intentsitate-maila dezibeletan (dB) neurtzen da.
Tonua
Soinu altuak (zorrotzak) eta baxuak (grabeak) bereiztea ahalbidetzen digun ezaugarria da. Tonu altuek maiztasun handiak dituzte (uhin-luzera txikiak), eta tonu baxuek, berriz, maiztasun txikiak (uhin-luzera handiak).
Tinbrea
Bi soinu-iturri desberdinek sortutako soinuak bereiztea ahalbidetzen digu, nahiz eta tonu eta intentsitate berekoak izan. Tinbrea soinu-uhina osatzen duten harmonikoen kopuruaren, intentsitatearen eta maiztasunaren araberakoa da.