Sustapen Politika: Enpresaren Kanpo Komunikazioa

Clasificado en Matemáticas

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,38 KB

Sustapen Politika

Sustapen-politikaren bidez, enpresak kanpoaldera ezagutzera eman nahi ditu bai bere burua, bai bere produktuak.

Kanpo Komunikazioa eta Marketing-a

Kanpo-komunikazioa, edo sustapena, marketing-aren funtsezko azpifuntzioetako bat da eta lau jarduera nagusi biltzen ditu:

  • Publizitatea.
  • Salmenta-sustapena bera.
  • Harreman publikoak.
  • Salmenta-indarraren ekintza sustatzaileak.

Lau aldagai hauen moldaketa enpresarialari sustapen-nahaste edo sustapeneko marketing-mixa deitzen zaio.

Kontsumitzailearengan Eragina

Kontsumitzailearenganaino iritsiz, produktuari buruzko ezjakintasun egoeratik produktua erostera iraganarazi nahi zaio. Enpresak erabilitako sareek eta mezuek elkar osatu egin behar dute eta jaso behar dutenen ezaugarrietara egokitu; hau da, hauen kopurura, talde-mailara, lehendik jasotako informazio-mailara, enpresa eta bere produktu eta markekiko jarrerara, e.a.

Enpresaren Agerpenak eta Mezuak

Gainera, kontuan izan behar da informazioa kanporatzen duten enpresaren agerpen asko daudela; adibidez, produktuak beraiek kanpo-zeinuen bidez (ontzien eta etiketen forma eta kolorea, adibidez), hauen erabilpenaren bidez, edo enpresako kideen ekintzen bidez (grebak, direktiboen kanpo-adierazpenak, e.a.) mezuak transmititzen dituzte.

Komunikazio Bideak eta Kontrola

Bestalde, enpresak ezin ditu kontsumitzailengana mezuak iristeko dauden bide guztiak kontrolatu. Zenbait bide inpertsonal, adibidez gizarte eta masa-komunikabideak (telebista, irratia, prentsa idatzia), neurri batean kontrola daitezke.

Bide Pertsonalak eta Eragina

Bide pertsonalen artean badaude batzuk neurri batean kontrola daitezkeenak (adibidez, saltzaile eta banatzaileak), eta beste batzuk berriz ezin dira kontrolatu eta garrantzi handia dutenak, gainera; adibidez, gizabanakoari begirunea eskaintzen dioten talde batzuk (sendia eta elkarbizitza taldeak), gizabanakoak bere burua baloratzeko eredutzat hartzen dituen haiek (erreferentzia-taldeak) eta preskriptore izeneko pertsonak, kontsumitzaileak ontzat jotzen dituen iritzien jabe direnak (adibidez, sendagileak sendagaien kontsumoari dagokionean edo pelukeroak kosmetikoei buruz). Horregatik, enpresak azken kontsumitzaileez gain kontrolaezinak diren bide hauetara komunikazioak zuzentzen ditu, eta hauek komunikazioko tarteko helburu bihurtzen dira.

Entradas relacionadas: