Taylorismoaren Kritika: Eragin Psikologikoak eta Sozialak

Clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,88 KB

Taylorismoaren Kritika eta Ondorioak

Taylorismoaren Eragin Psikologiko eta Sozialak

Taylorismoak langilearen nortasunaren hainbat beharrizan ase gabe edota zapuztuta uzten ditu. Hots, langile-rola teknifikatzeak eta arrazionalizatzeak kalte psikologikoak dakartzate: nekea, apatia, asperdura, ekimen eta sormen pertsonalaren galera, eta abar. Horrez gain, sakondu egiten da soldatapekoen (langileen) eta patroien (nagusien) arteko aurkakotasuna.

Taylorismoari Egindako Kritika Nagusiak

Taylorismoari egindako kritika aipagarrienak honako hauek dira:

  1. Errendimenduaren neurketa ez-objektiboa: Taylorismoarentzat, zeregin ezberdinetan lanaren errendimendua zientifikoki zehaztu ahal da. Baina hori kalkulatzea ez da batere objektiboa; areago, ezin da hori egin ingeniarien eta langileen artean tentsiorik eta tirabirarik sorrarazi gabe.
  2. Motibazio ekonomikoaren mugak: Taylorismoarentzat, pizgarri ekonomikoekiko erreakzioa positiboa omen da beti. Taylorrek langilea eta, azken batean, gizakia “homo economicus” huts bat balitz bezala definitzen du. Baina hori ez da guztiz zuzena. Gaur egun badakigu motibazio ekonomikoaz gain, beste motibazio-iturri batzuk ere (afektiboak, sozialak, politikoak...) badaudela.
  3. Lanaren kontzepzio utilitarista eta alienazioa: Taylorrek lanaren kontzepzio utilitarista dauka: Taylorrentzat langilea beste makina bat da produkzio-katean. Gainera, lanaren gehiegizko espezializazioak lanaren atomizazioa eta langilearen deskualifikazioa dakartza eta, ondorioz, langilearen izaera mugatzen eta garapen pertsonala gauzatzeko aukerak murrizten ditu (alienazioa).
  4. Lanaren eta zuzendaritzaren arteko banaketa bortitza: Taylorismoak lana egiten dutenen eta zuzendarien arteko banaketa bortitza egiten du, gehiegizkoa, alienazio arazoak eraginez.
  5. Sindikatuen bazterketa saiakera: Taylorismoak, sindikatuen lana baztertu nahirik, efektu ideologikoak eragin ditzake langileriarengan, negoziazio kolektiboaren alorrean (soldatak, laneko baldintzak, errendimenduak eta abar finkatzeko orduan) eskua sartzen baitu. Eta nabaria da taylorismoak ezin izan duela negoziazio sindikala ordezkatu.

Taylorismoaren Ekarpen Positiboak eta Giza Harremanen Eskola

Nabarmendu beharra dago, bukatzeko, produkzio industrialaren arazoak aztertzeko ikuspegi analitikoari ekarpen positiborik ere egin izan diola taylorismoak. Hainbat ikerketa egin ondoren, emaitza eta ezagupen esanguratsu asko lortu izan dira. Eta ikerketa horietatik abiatuta, gainera, laneko harreman sozialak aztertzera salto egin zen, “Giza Harremanen Eskola” sortuz.

Amaitzeko, nabarmenduko dugu zein izan zen Taylorren merezimendua: ezagutza aldetik egindako ekarpena baino gehiago, industria-enpresako giza arazoez sentsibilizatu izana.

Entradas relacionadas: