Teknologia Digitalak: ADAT, FireWire, S/PDIF eta SMPTE
Clasificado en Informática
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,2 KB
Audio eta Bideo Estandar Digitalak
ADAT: Modular Digital Multitrack (MDM)
ADAT sistema (Modular Digital Multitrack, MDM) lehen formatua izan zen. Alesis-ek asmatu zuen 1992an.
ADAT sistemaren euskarria S-VHS bideo-zinta magnetikoa da, eta grabaketa helikoidala erabiltzen du. Bi erreprodukzio-buru eta bi grabaketa-buru erabiltzen ditu.
8 pista grabatu ditzake, 16, 20 eta 24 biteko kuantizazioa eta 44.1 KHz edo 48 KHz-ko laginketa-maiztasuna dituztenak. Soinua grabatu ahal izateko, zinta formateatzen da, denbora-kodea ezartzen zaiolarik. (Prozesu hau grabaketan ematen da, baina komenigarria da grabaketa aurretik egitea).
FireWire (IEEE 1394)
Apple Computer-ek 1990eko hamarkadan asmatua, plataforma guztietan erabilgarria den estandarra bilakatu da.
Sonyren i.Link bertsioa
Sonyk IEEE 1394 sistemaren bertsio bat erabiltzen du, i.Link izenekoa. Sistema honek IEEE 1394 arauak zehaztutako 6 konektoreetatik 4 besterik ez ditu erabiltzen, tresna elikatzeko beharrezkoak diren 2 konektoreak baztertzen dituelarik.
FireWire bertsioak
Bi bertsio nagusi daude:
- FireWire 400: 400 Mbit/s-ko banda-zabalera du eta 4,5 metrorainoko kablea erabiltzen du.
- FireWire 800 (FireWire 2 edo IEEE 1394b): Aurrekoaren banda-zabalera bikoizten du (800 Mbit/s) eta 100 metroko kableak erabili ditzake.
Bi bertsioak bateragarriak dira.
S/PDIF (Sony/Philips Digital Interface Format)
Hasiera batean, CD erreprodukzio-tresnetan erabiltzen zen (Sonyk eta Philipsek garatutako asmakizuna), baina ondoren beste soinu-dispositiboetara hedatu da, hala nola:
- DVD
- Minidisk
- Car Audio
- Soinu-txartelak
S/PDIF eta AES/EBU
S/PDIF-en jatorria AES/EBU da. Hori grabaketa-estudio profesionaletan soinu-transmisiorako erabiltzen zen, baita DAT sisteman ere. Izatez, S/PDIF eta AES/EBU oso antzekoak dira, baina konektore desberdinak erabiltzen dituzte:
- AES/EBU: XLR (Canon) konektorea erabiltzen du.
- S/PDIF: RCA edo TOSLINK erabiltzen ditu. TOSLINK-ek zuntz optikoa erabiltzen du, zarata elektrikoen aurrean babes handiagoa eskaintzen duelarik.
Transmisio-ezaugarriak
S/PDIF PCM modulazioa duen seinale estereo digitalen transmisiorako erabiltzen da. Laginketa-maiztasun ezberdinak onartzen ditu, eta horren ondorioz transferentzia-abiadura aldakorra du. Sinkronizatu ahal izateko, BMC (Biphase Mark Code) izeneko fase-kodifikazioa erabiltzen du.
S/PDIF-ek informazioa 192 tramako taldeetan transmititzen du. Trama bakoitza bi sub-trametan zatitzen da (A eta B), ezkerreko eta eskuineko kanalak transmititu ahal izateko.
SMPTE (Society of Motion Picture and Television Engineers)
Aurreko atalean AES/EBUri buruz mintzatu gara. EBU “European Broadcasting Union”-en akronimoa da. Estatu Batuetan eta Japonian, berriz, telebistaren arauak finkatzen dituen elkartea SMPTE da (Society of Motion Picture and Television Engineers).
Sinkronismo Estandarrak
Elkarte honek bideo eta telebistarako tresnen sinkronismorako estandarra finkatu du. Horrek segunduko 30 koadro hartzen ditu oinarritzat. EBUren kasuan, segunduko 25 koadro dira. Alde horren arrazoiak herrialde horietako telebista-sistemen (PAL eta NTSC) ezaugarrietan bilatu behar ditugu.
Drop Frame (Koadro-jauzia)
Drop Frame SMPTEk zehaztutako beste estandar bat da, segunduko 29,97 koadroko kopurua finkatzen duena.
Estatu Batuetako NTSC-k (National Television System Committee) 29,97 koadro finkatu zituen kolorezko telebista-sisteman, zuri-beltzeko telebistak erabiltzen zituen 30 koadroak alboratuz. Desfase txiki hori zuzentzeko sortu zen Drop Frame.
Datu hau kontuan hartzen ez bada, ordu bakoitzeko 3,6 segunduko akatsa sortzen da. Zuzenketa egiteko, NTSC sistemak minutu bakoitzeko lehenengo bi koadroak kentzen ditu, hamar minuturo egin beharrekoak izan ezik.