Tito Livio eta Tazito: Erromako Historialariak
Clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,67 KB
Tito Livio (K.a. 59 - K.o. 17)
Paduan jaio eta hil zen, Erromara joan zen bertako historia idazteari ekiteko.
Ab Urbe Condita obran Erromako historia idazten du, hasieratik, hiriaren sorreratik, Augustoren garaia arte; guztira 142 liburu argitaratuz. Obraren hedadura handi hau osorik ez irauteko arrazoietako bat izan zen. Hauek bakarrik mantendu dira: I.etik X.era (Monarkia eta Errepublikaren lehen mendeak) XXI.etik XLV.era (bigarren gerra punikotik, K.a. II. mende erdirarte), 35 liburu guztira. Hala ere, liburu gehienetako aurkibideak, Periochae, iritsi zaizkigu eta honi esker, obrari buruz ideia zehatz bat izan dezakegu. Amaitzeko esan behar dugu obra hau hamar liburuko liburukietan argitaratu zenez, Tito Livoren Hamarkadak izenez ere ezagutzen dugula.
Bere historia liburua idazterakoan, Erromaren iragana goraipatu nahi du. Ustez, historiak eredu imitagarri mordo bat izan behar du. Augustoren programa aberkoiarekin bat dator eta, beraz, bere obrarekin aberriarenganako maitasuna, mos maiorum-arekiko errespetua, hiritar guztien arteko gogaidetasuna eta erlijiotasuna sorrarazten saiatzen da.
Erabiltzen duen metodo historikoa ez da oso fidagarria; haientzat historia ez baitzegoen genero zientifikoan oinarriturik, literaturan baizik. Hala ere, kategoria handiko idazlea zelako zalantzarik ez dago.
Ezaugarri nabarmen bat lactea ubertas da; hau da, idazkera zaindua eta aberatsa baina argia zuela. Oso esaldi luzeak, zabalak eta erritmo handikoak erabiliz, Zizeronen prosatik gertu zegoela esan liteke. Historiari buruz zeukan ideia erretorikoa da bere obra hitzaldiz josita egotearen zergatia. Prosari ematen zion kutsu poetikoarengatik historiaren poeta bezala ere ezagutzen dugu.
Zilarrezko Aroa (K.o. 14-180)
I. Mendea
Enperadoreak agintera heltzearekin batera, Erroman historia idaztea zail egin zen, Errepublikaren aldekoentzat gehien bat. Batzuk jazarriak izan ziren eta haien lanak erreak. Guri gorteko historialarien lanak edo istilu politikoak sortzen ez zituztenenak iritsi zaizkigu.
Tazito (55-120)
Familia goren batean jaio eta erretorika eta filosofia ikasi zituen. Hizlari ona eta abokatu trebea izaki, kargu publiko batzuk bete zituen, kontsulatuarena barne. Indar handiko gizon baten alabarekin ezkondu zen, Agricolaren garaikoa. Bere obren artean hauek aipatuko ditugu:
- Annales: 16 liburuz osaturik dago eta Tiberio, Kaligula, Klaudio eta Neronen agintaritzak jasotzen ditu.
- Historiae: 14 liburuz osatua. Neronen heriotzatik Domizianorena arteko denboraldia kontatzen du.
- Agricola: Britaniaren menderatzailea eta jeneral ospetsua izan zen bere aitaginarrebaren biografia apologetikoa da. Domizianoren tiraniaren kontrako eraso gogor bat eta Nerva eta Trajanoren garaien gorapamen bat da.
- Germania: Monografia etnografiko honetan, Germania osoaren eta herri bakoitzaren deskribapena egiten du. Egileak, germaniarrengandik etor litezkeen arriskuak atzematen ditu.
Ederki dokumentatua zegoen estatuaren dokumentazio osoa eskura zuelako. Salustiok eta Tito Liviok bezalaxe, historiarekiko ikuskera moralista bat erakutsi zuen eta, gainera, bere ezkortasunarengatik ere nabarmentzen da. Gainera, erretorikarekin lotuta egonik, objektiboa izatearen desioa eragozten zaio.
Estiloari dagokionez, historialari batzuen gainetik gailentzen da; brevitas, laburtasuna, ezaugarri garrantzitsuena duelarik. Horregatik elipsi, asindeton eta asimetria darabiltza.
Bere urritasunaren barnean, grina ere ez zaio falta, maitasun handiz hizkuntzaren baliabide guztiak erabiliz, inork egin ez duen moduan, pentsamendua laburbiltzeko.