Trantsizio Politikoa Euskal Herrian (1975-1976)
Trantsizioa Euskal Herrian: Egoera Berria
1975eko azaroaren 20an Franco hil zen. Francoren heriotzarekin, Espainiako Estatuak aldaketa politiko bat aurrera eraman beharrean zegoen, bizi zuen ahuldadearen eraginez. Erregimen frankistak ez zuen lekurik Europako testuinguruan, atzerapen teknologikoa bizi zuen eta Espainiaren batasuna kolokan zegoen.
Testuinguru horretan, Euskal Herrian (baita Galizian eta Katalunian ere), nazio-askapeneko borrokek indar handia hartu zuten eta Estatuak indar horiek neutralizatu behar zituen. Espainiak aldaketa sakonak behar zituen Europaren aurrean homologatzeko, baina betiere muina ukitu gabe: Espainiaren lurralde-batasuna eta estatu kapitalistaren izaera. Homologatze-prozesu hori trantsizioa da.
Erreforma Politikoa eta Borboitarren Itzulera
Franco espainiar "caudilloa" hil eta bi egunetara, estatu-burutza Joan Karlos I.a Borboikoak hartu zuen, Espainiako Erresumako errege izendatu ostean. Presidentzia, berriz, Adolfo Suárezen (erregimen frankistaren konfiantzazko gizona) esku gelditu zen. Erregimen frankistak pentsatu eta erabakitako aldaketak ziren; erreforma politikoaren kudeaketa euren esku utzi zuten.
Erreforma politikorako lege-proiektu bat aurkeztea izan zuten lehen lana, trantsizio hori nola egin bermatzeko. Aurreproiektu horretan Espainiako Gorteak Kongresu eta Senatu batez osatzea aurreikusi zuten eta, aurreproiektuko lehen artikuluak dioen bezala, "demokrazia, Espainiako Estatuan, Legearen nagusigoan oinarritzen da, herriaren borondate subiranoaren adierazle". Aurreproiektu hau 1976ko abenduaren 15ean egindako erreferendumean onartu zen. Horrela, hurrengo urratsa ematera igaro ziren: Espainiako Gorte berriak aukeratzera.
KAS Alternatiba eta Ezker Abertzalea
Frankismoaren itxuraldaketa edo demokratizatze horri uko egin eta errotiko aldaketa bat defendatzen zuen ezker abertzaleak. Indar ezberdinek norabide berean lan egiteko koordinadora bat sortzeko ideia jaio zen, eta Txiki eta Otaegiren fusilamenduen aurkako mobilizazioak koordinatzeko sortua zen KAS (Koordinadora Abertzale Sozialista) iraunkor bihurtu zen.
Horrela, honako mugimendu hauek bildu ziren KASen:
- LAIA
- EHAS
- LAB
- LAK
- ETA (m)
- ETA (pm)
Mugimendu hauek bost puntuko programa bat kaleratu zuten, KAS Alternatiba izena hartu zuena. Bertan, Euskal Herria egoera demokratiko batera eraman eta gatazka armatua gainditzeko gutxienekoak finkatu ziren.
vasco con un tamaño de 2,67 KB