Trantsizioa (1975-1985): 1978ko Konstituzioa eta Gernikako Estatutua
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,03 KB
gaia: Trantsizioa (1975-1985): 1978ko Konstituzioa eta 1979ko Gernikako Estatutua
Trantsizioaren garaia 1975etik (Francoren heriotzatik) 1982 arte (sozialisten garaipena) doan aldia da. Espainiako gizarteak sistema autoritariotik (diktadura) atera nahi zuen, eta, horretarako, erreforma demokratikoak bultzatu behar ziren. Erreforma hauek gauzatzeko, faktore batzuk hartu behar izan zituzten kontuan.
Alde batetik, 1973an Carrero Blancoren hilketarekin batera, erregimen frankista zalantzan jarri zen, eta, horren aurrean, hiru jarrera aurkeztu ziren: kontinuismoa (erregimenarekin jarraitzea), rupturismoa (erregimena haustea) eta nagusitutako jarrera, erreformismoa (erregimena barnetik aldatzea).
Erregimen frankistaren etorkizuna zalantzan egotearen arrazoi nagusia diktadorea sistemaren benetako oinarria izatea izan zen. Alde batetik, frankismoaren garaian, eta Estatuaren Lege Organikoaren arabera, Francok zituen botere politikoa eta lege juridikoak sortzeko ahalmena. Diktadorearen (Francoren) heriotzaren ostean, ahalmen horiek presidentearen eta Gorteen esku egongo ziren; beraz, erregeak ez zituen botere guztiak izango. Bestetik, nazioarteko krisialdi ekonomikoak, indar politiko frankisten batasunik ezak eta oposizioaren nagusitzeak ere eragina izan zuten.
Franco hil eta bi egunera, Joan Karlos I.a errege izendatu zuten (Ondorengotza Legea), eta aro berri bat antolatu zen: trantsizioa. Carlos Arias Navarrok, Francok 1973ko abenduaren 29an gobernuburu izendatutakoak (Carrero Blancoren hilketaren ondorioz), ez zuen aldaketarik nahi, eta erreformarako oztopo bat izan zen. Hala ere, prentsa askatasuna, biltzeko askatasuna eta Gorteen berrikuntzak bezalako erreformak egin zituen.
Arias Navarroren dimisioa eta oposizioaren mobilizazioa
Azkenean, erregearen ahaleginen ondoren, Arias Navarrok dimisioa eskatu zuen 1976ko ekainean.
Gorteen erreforma martxan jarri, eta erregeak Torcuato Fernandez Miranda aholkulari gisa izendatu zuen. 1976tik aurrera, oposizioa mobilizatu egin zen, askatasun handiagoa, amnistia, autonomia eta hauteskundeak eskatzeko. Oposizioa elkartu egin zen Koordinazio Demokratikoa (Platajunta) osatuz, eta haustura demokratikoa proposatzen zuen (Konstituzioa, behin-behineko gobernua, amnistia, sistema politiko berria, sindikatuen legeztatzea, etab.). Herri mobilizazio asko egin ziren, grebak, askatasun demokratikoa ezartzeko. Gobernuaren erantzuna gogorra izan zen. Gasteizen 1976an gertatutakoa, adibidez. Protesta politikoak eta ekonomikoak izan ziren, eta gogor zapalduak izan ziren (5 hildako, eliza barruan). Baita ere Jurramendin; karlismoaren atal frankista eta demokrata elkarren aurka borrokatu ziren (bi lagun hil ziren). Izan ere, Barne ministroak gogor jokatu zuen, eta hilketen agindua eman zuen.
Armadari dagokionez, graduazio handiko eskuin muturreko militarrek istilu asko eragin zituzten. Baina, baita ere, demokraziaren aldekoak zeuden, UMD (Batasun Militar Demokratikoa), adibidez. Elizak errazago bereganatu zituen aldaketak. Elizako hierarkiak, Tarancón kardinala buru zuela, frankismoaren sektore erreformistaren alde egitea erabaki zuen.
Adolfo Suárezen izendapena eta Erreforma Politikorako Legea
Erregea eta erregimenaren aldeko sektore batzuk erregimenaren irtenbide bakarrak erreformak bideratzea zela ohartu ziren. Zentzu horretan, erregeak hartu zuen erabakia Arias Navarro kentzea eta Adolfo Suárez gobernuburu izendatzea izan zen. Haiek hartutako neurriak amnistia ematea preso politikoentzat (400 inguru) eta Erreforma Politikorako Legea (Fernández Mirandak asmatua) proposatzea izan ziren, funtsezko giza eskubideak aitortzeko eta ahalmen legegilea herritarren esku geratzeko (hauteskunde-sistema demokratiko baten bitartez).
Adolfo Suárezen izendapenak, 1981ko otsailaren 25ean, hasieran, inmobilisten eta oposizioaren mesfidantza areagotu zuen (iragan falangista).
Hala ere, sistemaren egituraz baliatuta eta Gutiérrez Mellado jeneralaren laguntzaz (militarrak kontrolpean mantendu zituelako), erreforma politikoa abiarazi zuen. Hau Gorte frankistetan (1976ko azaroaren 15ean) eta herriak erantzundako 1976ko erreferendumean onartzeak sistema frankistaren amaiera eta trantsizioaren hasiera ekarri zuen.
1977ko hauteskundeak eta alderdi politikoak
Demokrazia eraikitzeko, hauteskundeak beharrezkoak ziren Gorte berriak eratzeko. Baina, aurretik, alderdiak legeztatzea funtsezkoa zen, diktaduraren garaian bat izan ezik guztiak debekatuta baitzeuden. Honako koalizio eta alderdi hauek agertu ziren, besteak beste: UCD (Suárez buru), AP (Manuel Fraga buru), PCE (garrantzia galdu zuena), PSOE (Felipe González buru) eta alderdi nazionalistak, hala nola, CIU (Jordi Pujol) eta EAJ (Arzallus).
Hauteskundeak UCDk irabazi zituen (166 diputaturekin), eta Suárezek erreformarekin modu legalean jarraitu zuen; beraz, 1977an, bere bigarren gobernua hasi zen.
Konstituzio berriaren eraketa
Hainbat oztopo izan zituen. Alde batetik, eskuin muturreko terrorismoa zegoen, helburu nagusitzat liburu-dendak zituena, eta Atotxako atentatuaren (CCOO eta PCEko abokatuen aurkakoa) errudunak izan ziren. Bestetik, ezker muturreko terrorismoaren artean, ETA eta GRAPO zeuden.
Alderdi nagusien arteko adostasunez, Konstituzio berriaren eraketa prozesuari ekin zioten. Horretarako, indar politiko guztien zazpi ordezkariek aurreproiektu bat egin zuten: UCDko hiru kideren eta boto gehien jaso zuten alderdietako (PSOE, PCE, AP eta PDC) lau kideren artean. EAJ kanpoan geratu zen, eta horrek etorkizunean desadostasunak sortuko zituen.
1978ko Konstituzioa
1977ko ekainaren 15ean hautatutako Gorteak Konstituzio demokratiko bat egiteari ekin zioten. Testuak harrera ona izan zuen, Euskal Herrian izan ezik, Espainiako subiranotasuna zatiezina zela eta. 1978ko abenduaren 6ko erreferendumean herritarrek onartu zuten. Euskal Herrian, abstentzioa izan zen nagusi (%50,42). 1979ko Konstituzioa idazteko 18 hilabete behar izan ziren. Eztabaidak hurrengoak izan ziren: nazionalismoa, heriotza-zigorra, irakaskuntza askatasuna eta grebaren eskubidea. Konstituzioaren oinarri nagusiak monarkia, erregimen parlamentarioa eta deszentralizazioaren kontzeptua izan ziren.
Konstituzioa dogmatikoa zen, oinarrizko printzipioak definitzen zituena. Zuzenbide estatua eta demokratikoa zen, subiranotasun nazionala zegoen, eta monarkia parlamentario baten modura antolatuta zegoen. Konstituzioa organikoa zen ere bai, Konstituzioko hiru gai nagusiak antolatzen dituena. Eskubideei dagokienez, Konstituzioa demokratikoa zen: sufragio unibertsala, norbanakoen eskubideen eta askatasunaren onarpena defendatzen ziren. Estatu akonfesionala zen, eta heriotza-zigorra kendu zuten. Gizarte eta ekonomiaren arloan, merkatu askatasuna zegoen. Estatuak jabetza esku hartzeko aukera ere bazuen, interes publikoen mendean.
Estatuaren lurralde antolaketa
Estatuaren lurralde antolaketari dagokionez, nazionalitateak onartzen ziren, Espainiaren batasun zatiezinaren barruan. II. Errepublikan onartutako nazionalitate historikoez gain (Katalunia, Euskal Herria, Galizia), gainerako eskualdeek ere lor zezaketen autogobernua. Nahiz eta eztabaida gogorrena izan (zentralismoa desagerrarazten zuelako), bide honetatik sortu ziren Espainia osatzen duten 17 autonomia erkidegoak.
Estatuko erakunde nagusiak
Estatuko erakunde nagusiak erregea, Gorteak, Gobernua eta Auzitegi Konstituzionala ziren. Erregea Estatuko burua da, eta Konstituzioaren mende dago; gainera, leialtasuna zin egin behar dio. Nazioaren ordezkari nagusia da (sinbolikoa). Gorteek proposaturiko presidentea izendatzen du, Gorteek onartutako legeak berretsi, Ejertzitoaren buruzagitza du, etab. Gorteek bi ganbera dituzte (Kongresua + Senatua), sufragio unibertsalaren bidez eta era zuzenean hautatuak. Legeak egin eta Gobernuaren gaitzespena egin dezakete, Estatuaren aurrekontuak kontrolatu, etab. Gobernua lehendakariak eta bere ministroek osatzen dute, eta botere betearazlea dute. Auzitegi Konstituzionala 12 legegizon ospetsuk osatzen dute, Kongresuak, Senatuak, Gobernuak eta Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak aukeratuak.