Trantsizioa Euskal Herrian: Hauteskundeak eta Autonomia
Trantsizioa Euskal Herrian: Lehen Hauteskunde Orokorrak
Gauzak horrela, Espainiako Franco hil osteko lehen hauteskunde orokorrak deitu ziren 1977ko ekainaren 15erako. Hauteskunde hauei begira, haustura demokratikoaren planteamendu bateratua lortzeko Xibertako elkarrizketak bultzatu zituen ETAk, bertan KASeko antolakundeek eta PNVk ere parte hartuko zutela. Euskal Herrian amnistia oraindik gauzatu gabe zegoela ikusita, alderdi independentistak eta komunistak oraindik legez kanpo zeudela argudiatuta, herritarren eta langileen eskubideak onartu gabe zeudela ondorioztatuta, indar polizialen esku-hartzea etengabea izanik, hauteskunde horietan ez parte hartzeko proposamena luzatu zuen ETAk. Baina PNVk lehenik, eta EIAk ondoren (EMKrekin batera Euskadiko Ezkerra koalizioa sortuz), hauteskunde horietan parte hartzeko erabakia hartu zuten. Erabaki hau benetan esanguratsua izan zen, indar politiko hauek erreforma politikoaren oinarri den Espainiaren zatiezintasuna onartu eta autonomia estatutu baten aldeko bideari ekingo ziotela esan nahi zuelako, Euskal Herriaren eskubideei uko eginez. ETA (pm) eta EIA behin betiko atera ziren KASetik.
Autonomiaren Aurreko Aldia
Emaitzen arabera hasi zen Espainiaren diseinu politiko instituzional berria lantzen, «autonomien Espainia» deritzotena, alegia. Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko herri-mugimenduaren indarrak, ordea, tarteko «presio askatzaile» prozesu bat burutzera behartu zuen Espainiako Estatua, Konstituzioa idazteko prozesuari ekin aurretik. Horrela, Hego Euskal Herriaren lurralde zatiketa gauzatu eta «aurreautonomia erregimena» martxan jartzeko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen zituen instituzioa sortu zuten: Eusko Kontseilu Nagusia, PSOEko Ramon Rubial buru zela. Eusko Kontseilu Nagusiak, Autonomia Estatutuaren behin betiko proiektua Euskal Parlamentarien Asanbladak idatzi behar zuela erabaki zuen, horrela ezker abertzalea prozesu horretatik kanpo utziz. PNV eta EE, berriz, bete-betean murgildu ziren autonomia espainiarraren proiektu honetan.
1978ko Konstituzioa
Aldi berean, Espainiako Konstituzio berria idazteko prozesuak aurrera jarraitzen zuen, euskal ordezkaririk gabe. PNVk eta EEk parte hartzea eskatu arren, besterik ez bazen ere, begirale moduan, hori ere ukatu egin zuten.