Trebetasun Sozialak, Asertibitatea eta Ebaluazio Tresnak

Clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,09 KB

Trebetasun Sozialak eta Asertibitatea: Oinarriak eta Ebaluazioa

Trebetasun Sozialen Definizioak

V. Caballeroren Trebetasun Sozialen Definizioa (TS): Indibiduo batek pertsonen arteko testuinguruan erabiltzen dituen portaera multzoa da. Testuinguru horretan, norbanako horrek sentimenduak, jarrerak, desioak, iritziak eta eskubideak era egokian adierazten ditu, besteak errespetatuz. Normalean sortzen diren berehalako arazoak konpondu egiten ditu eta etorkizunean gerta daitezkeen arazoen probabilitatea gutxitu egiten du.

Johariren Leihoa: Pertsonen arteko komunikazioa eta honek pertsonengan duen eragina azaltzeko eta aurkezteko baliagarria den ebaluazio tresna bat da. Bi esparru ditu: pertsona eta talde soziala. Hauek 4 leiho dituzte:

  • Alde irekia
  • Alde ezkutua
  • Alde itsua
  • Alde ezezaguna

Tresna hau enpresa munduan oso erabilia da eta autoanalisi bat egiten laguntzen du.

Asertibitatea: Pertsona bat bere interes garrantzitsuen arabera jokatzera, bere burua antsietaterik gabe defendatzera, sentimendu zintzoak erosotasunez adieraztera edo bere eskubide pertsonalak besteenak ukatu gabe erabiltzera eramaten duen portaera da.

Portaera Motak

Portaera Pasiboa: Norberaren eskubideak haustea suposatzen du, sentimenduak, pentsamenduak eta iritziak adierazteko gai ez delako. Ez daki "ez" esaten eta besteen maitasuna eta errespetua ez galtzearren beti amore ematen du.

Portaera Agresiboa: Besteen eskubideen urraketa eta bidegabekeria dakar. Bere eskubide pertsonalak defendatzen ditu pentsamenduak eta iritziak era desegokian adieraziz edota inposatuz. Oldarkortasunean eta indarkerian amaia daiteke (ahozkoa edo fisikoa izan daiteke).

Trebetasun Sozialak Ebaluatzeko Tresnak

  • Gambrill-Richey Asertibitate Inbentarioa (AI)

    Bi puntuazio desberdineko 40 item dituen galdetegia da. Ezkerrean pertsonak duen deserosotasun maila adierazten da eta eskuinean asertiboki erantzuteko probabilitatea. Guzti honek pertsonaren asertibitate maila aztertzeko balio du.

  • Rathus Asertibitate Eskala (RAS)

    30 itemez osatutako galdetegia da. Item bakoitza -3tik +3ra baloratzen da eta helburu nagusia pertsonaren asertibitate maila aztertzea da.

  • V. Caballeroren EMES (Egoera Anitzeko Asertibitate Neurketa)

    Bi galdetegiz osatua dago: batek osagai kognitiboak baloratzen ditu (EMES-C) eta besteak jarrerazkoak (EMES-M). Hauetan egoerak agertzen dira eta pertsonak 0tik 4ra baloratuko ditu.

  • J.M. Tobal eta A. Canoren ISRA (Erantzun Sozialaren Inbentarioa)

    Antsietatearen osagai kognitiboak, fisiologikoak eta jarrerazkoak bereizita ebaluatzen ditu. Aplikazioa errazteko, bertsio laburtua ere diseinatu dute.

  • E. Gimenoren Gizarte Trebetasunen Eskala

    Gizarte Trebetasunak (GT) neurtzeko eta arlo desberdinetako gabeziak antzemateko eskala da. 6 faktore ditu:

    1. Auto-adierazpena egoera sozialetan.
    2. Norberaren eskubideen defentsa kontsumitzaile gisa.
    3. Haserre edo desadostasunen adierazpena.
    4. "Ez" esan eta elkarrekintzak eten.
    5. Eskariak egin.
    6. Beste sexukoekin elkarrekintza positiboak hasi.

W. Mischelen Ikasketa Sozialaren Teoria

5 osagai kognitibok eragiten dute trebetasun sozialen ikaskuntzan:

  1. Portaera Ahalmenak (Konpetentzia): Gizarte-izaerako estrategia kognitibo eta jarrerazkoak sortu edo eraikitzeko gaitasuna da.
  2. Kodifikatze eta Mailakatze Estrategiak: Pertsonak inguruan duen mundua antzeman, pentsatu eta interpretatzeko modua da.
  3. Itxaropenak: Pertsonak bere jokamoldeak eduki ditzakeen ondorioei buruz egiten duen aurreikuspenari dagokio.
  4. Egoerari buruzko Balorazio Subjektiboa: Pertsonak bere jokamoldearen ondorioei ematen dien balorazioari eta estimulazioari dagokio.
  5. Auto-erregulazio Mekanismoak eta Planak: Portaera gidatzeko bere buruari arau batzuk ezartzean datza.

Entradas relacionadas: