Trenbidearen Garapena Espainian XIX. Mendean: Eragina eta Ondorioak
Clasificado en Inglés
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,76 KB
Trenbidearen Garapena Espainian XIX. Mendean
XIX. mendean, garraioa itsas garraioan oinarritua zegoen, baina, mendearen erdialdetik aurrera, lurrezko garraioa (trenbideak) eraikitzen hasi ziren. Eraikuntza Europarekin konparatuz beranduago izan zen, baina Mediterraneo guztian antzera gertatu zen. Espainiak eraiki zuen lehenengo linea Cuban izan zen, kolonia batean, 1833. urtean. Penintsulan, lehen linea mendearen erdialdea baino pixka bat lehenago eraiki zen: Madril-Aranjuez, Bartzelona-Mataró, Gijón-Langreo (guztien artean ez ziren 500 km-tara iristen).
Progresisten Garaia eta Trenbidearen Legea
Progresistak agintera iritsi zirenean, ekonomia garatu nahi zuten, eta, horretarako, trenbidearen legea eman zuten. Lege honek eraikuntzan izugarrizko aurrerakuntzak ekarri zituen. Diru-laguntzak aurreikusten zituen, inbertsioak bermatu eta aduanak zergarik gabe utzi zituen behar ziren lehengaiak inportatzeko. Horrela, enpresa pribatuak sortu ziren trenbide horiek eraikitzeko. Enpresa horietan kanpotarrek inbertitu zuten, batez ere, Belgikako, Frantziako eta Ingalaterrako inbertitzaileek. Hauek askatasun osoa izan zuten behar zuten materiala beren herrialdeetatik ekartzeko; beraz, Euskal Herriko siderurgiak ez zuen eraikuntza horietatik inongo etekinik lortu.
1866ko Krisia eta Errestaurazio Garaia
1866an krisia gertatu zen: trenbide konpainiek porrot egin zuten, eta beraiekin batera bankuak ere bai, krisi orokorra eraginez. Ondorioz, Isabel II.ak bere tronu-eskubideak utzi behar izan zituen. Trenbidearen eraikuntza moteldu egin zen. Hirugarren fase bat ezagutu zen Errestaurazio garaian. Garai horretan, euskaldunek eta katalanek inbertsioak egin zituzten trenbideak egiteko, gune ekonomikoak lortu nahian.
Egitura Erradiala eta Europarekiko Zabalera Diferentzia
Trenbideek Espainian egitura erradiala izan zuten; hau da, Madril ardatz hartuta, bertatik toki desberdinetara eramaten zituzten lineak. Errailen zabalera Europarekiko desberdina izan zen. Arrazoi nagusia inbasioak saihesteko nahia izan zen, edo, behintzat, inbasioak zailtzeko. Baina, gerora begira, dena berritu beharko zen, eta gastu bikoitza eragingo zuen.
Ondorioak
Nahiz eta helburu garrantzitsua lortu zen burdinbidea eraikitzean, emaitza negatiboak ere egon ziren. Izan ere, sare erradiala sortu zen, Madril ondo lotzen zuena, baina beste leku asko ez zituen ondo lotu, eta baztertuak gelditu ziren. Gainera, lehen esan bezala, Espainiako burdinbideen zabalera Europakoa baino zabalagoa zenez, Europatik isolatuak gelditu ziren, eta epe luzean gastu gehiago ekarriko zituen. Bestalde, momentuko langabezia konpondu zuen, langile gehiago behar baitziren trenbideak sortzeko. Eta merkataritza-sarea eraikitzeko baliagarria izan zen, produktuen garraioa erraztu baitzuen.