Voltoireren Hiztegia: Euskarazko Lehen Eskuliburua
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,82 KB
Voltoireren Hiztegigintza eta Ekarpenak
Voltoire: Egile Gaskoiaren Misterioa
Voltoireren bizitzaz ez dakigu ia ezer. Abizena dakigu, Voltoire; izena, ordea, ez. XVII. mendeko lehen erdiko merkataritzari lotutako eskuliburuen egile gaskoia izan zen, eta kontu linguistikoetan ere aditua. Badirudi Le Marchand izenburuko tratatu bat eslei dakiokeela, 1607an argitaratua, non 116 atsotitz gaskoi ere sartzen zituen.
L'Interprect: Euskarazko Lehen Eskuliburua
Euskalaritzari dagokionez, Voltoire oso interesgarria da, euskara barne hartzen duen lehen eskuliburua idatzi zuelako. Aipatu dugun eskuliburua, euskalaritzarako garrantzi handikoa, honako hau da: L’Interprect ou traduction du françois, espagnol & basque. Lyonen argitaratu zen.
Hiztegiaren Balioa Euskalaritzan
Hainbat ikuspegitatik da baliotsua Voltoireren lana:
- Lexikologiaren aldetik: Haren eskuliburuko hiztegiak hainbat hitzen lehen agerraldi erakusten ditu.
- Dialektologia eta hizkuntzaren historiaren aldetik: Lapurtera zaharraren lekuko garrantzitsua da.
- Historiaren aldetik: Historialariei informazio baliagarria ematen die garaiko Baionako itsasportuko ekintzaz, merkatari-jardueraz, salerosketetako prozedurez eta formulez.
Lehen Argitalpena (Lyon, c. 1620)
Argitalpenak ez du urte inprimaturik, baina iritsi zaigun lehen edizioaren ale bakarrean, esku anonimo batek «1620» idatzi zuen azalaren gainean. Ale bakar hori Bordeleko udal liburutegian kontserbatzen da gaur egun. 2000. urtean, Xarles Videgainek edizio faksimilea argitaratu zuen Paun. Bestalde, Joseba Lakarrak Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" (ASJU) aldizkariko 1997ko eta 1999ko zenbakietan argitaratu zituen eskuliburuaren bi zatiak, sarrera eta ikerketa batez osatutako edizio arrunt batean.
Lanaren Ondorengo Edizioak
Beste zenbait edizio ezagutu zituen lanak XVII. mendean zehar eta XVIII. mendearen hasieran.
Bigarren Edizioa (Baiona, 1642)
Lehenengo berrargitalpena Baionan egin zen 1642an, baina azala desberdina da. Ez da autorearen izena ageri azal berrian, eta izenburu bikoitza du, oraingoan euskaraz eta frantsesez: Thresora hirur lenguaietakoa, francesa, española eta hascara / Thresor de trois langues, françoise, espagnole et basque. Edizio honen 1645eko zenbait ale iritsi zaizkigu.
Hirugarren Edizioa (Baiona, 1684)
Hirugarren edizio bat ere argitaratu zen, 1684an kaleratua, berriro Baionan, idazlearen kontrol editorialik gabe. Oraingoan, elkarrizketak bakarrik mantentzen dira, eta, bestetik, Voltoirerenak ez diren gaztelaniazko eta frantsesezko ipuin arin batzuk gehitu dira. Hirugarren edizio honetako zenbait ale ere iritsi zaizkigu.